Egungo sistemaren aurkako protesta ekitaldia egin dute gaur goizean Zumarragako BBVAn, barrura sartu dira zenbait herritar kartelak eskuan. «Kapitalismoak sortutako egoera eutsiezin honetatik» sortu da Urretxuko eta Zumarragako Langileria taldea, Ernai eta Gazte Komunistak taldeek elkarlanean sortu dutena. Sistemak «gazteentzako prestatuta duen etorkizunari» aurre egiteko. Azken bost urteetan bi herriotan «langabezia bikoiztu izana, dirua banketxeak erreskatatzeko bideratzea edo eskubideen etengabeko urraketa» salatu dituzte.
Herri Ukatuen Biltzarra egin dute pasa den larunbatean Hego Tirolgo Meran hirian Iatz! (Orain!) lemapean, Tirolgo talde ezberdinek antolatuta. Bertan, autodeterminazioaz edo erabakitze eskubideaz, independentziaz eta herri ukatuek bizi duten egoeraz jardun zuten Hego Tirol, Herrialde Katalan, Eskozia, Flandria, Venezia, Bavaria, Tibet, Sizilia, Friuli, Trieste eta Euskal Herriko ordezkariek.
Iñigo Murua urretxuarrak garuneko infartua jasan zuen jaio aurretik, orain 14 urte. Bere gaixotasuna sendaezina den arren, urte hasieratik bizi kalitatea hobetuko dion tratamendu bat jarraitzen ari da Santiago de Compostelako (Galizia) ospitale pribatu batean. Tratamendua garestia da; horregatik Tantaz tanta lagundu Iñigo proiektua sortu dute Urretxu-Zumarragako ikastolako guraso elkartean. Ekimenera atxiki dira ikastola bera, Secundino Esnaola musika eskola, Goierri saskibaloi taldea eta beste zenbait norbanako.
Gipuzkoa osoa zeharkatzen ari da Mundumob ekimena, eta ekainaren 1ean eta 2an iritsiko da Goierrira. 'Eman hartu nahi duzun mundua' lemapean, sortutako hondakinak birziklatzearen eta berrerabiltzearen garrantzia azpimarratu nahi dute, "gure ondorengoei mundu hobea" uzteko asmoarekin. Hain zuzen ere, hori irudikatu nahi dute eskuz-esku darabilten munduko bolarekin.