Erakundeen eta herritarren arteko elkarlana goratu dute bidegorriaren inaugurazioan
Ordiziako Udalak bultzatutako beste bi zati esleitzear daude; geltokitik Tximistara, eta Altamiratik Majorirara eta institutura.

Agenda 21 delegazioaren bidez erakundeek eta herritarrek bidegorri proiektua egiterakoan izan duten elkarlana nabarmendu zuen atzo Jose Migel Santamaria alkateak Ordiziako bidegorriaren inaugurazio ofizialean. Ordizia-Zaldibia bidegorriaren lehen faseak 1.015 metroko luzera du, eta herrigunea Zaldibiara joateko bidearekin lotzen du. Tartean bi zubi eraiki behar izan dituzte, bat Oria ibaiaren gainean (26 metro eta 40 tonako pisua) eta bestea trenbidearen eta N-1 errepidearen gainean (54 metro eta 115 tonako pisua). Bidegorri proiektuak 1.850.000 euroko kostua izan du.
Garapen Iraukorrerako foru diputatu Karlos Ormazabal zegamarrarekin batera inauguratu zuen Santamariak ofizialki bidegorria Montañita-ko zubian. Han ziren besteak beste, Belen Maiza eta Iban Asenjo Eusko Alkartasuneko zinegotziak eta baita Erramun Amundarain ezker abertzaleko hautetsi baliogabetua ere.
Beste bi zati esleitzear daude
Bidegorria uztailean estreinatu zuten herritarrek, baina abuztuaren hasieran itxi egin zuten alkatearen aginduz, umeentzako gune arriskutsu bat zuelako Montañita-ko pasabideak. Bidegorri zati hori eginda, Santamariak aipatu zuen udalak sustatutako beste bi zati esleitzear daudela: bat, tren geltokitik Tximistaraino doana (110.000 euroko aurrekontua du, eta erdia laguntzen bidez egingo dute), eta bestea, Altamirako estadioaren anexo-tik Oianguren institutura eta Majorira doana (185.000 euro kostua izango du, eta %75 laguntzen bidez egingo dute). Datorren urtean, berriz, Ordizia-Lazkao-Beasain ardatza martxan jarriko dela adierazi zuen Santamariak, CAF ingurutik Goierri eskolara eta Upabi eremura joango dena. «Argi dago ibilbide motzetan mugitzeko era azkarrena eta eraginkorrena dela bizikleta. Orain kontzientziazio lana eta bidegorriaren erabilera bultzatu behar da», esan zuen.
Zaldibiarako zatia aztertzen
Ormazabalek aurreratu zuen datorren astean Beasain-Salbatore bidegorri zatia inauguratuko dutela, eta horrekin Gipuzkoako Bidegorrien Sareak 86 kilometro izango dituela. Ordizia-Zaldibia zatiaren bigarren faseaz galdetuta, Ormazabalek adierazi zuen Zaldibiako ur-saneamenduaren arazoa konpontze bidean jarrita, bidegorriaren bigarren zatia nola egin aztertzen ari direla orain. «Sosak dira arazoa gaur egun», esan zuen.