Berdintasunaren inguruko zortzigarren foroa azaroan egingo dute Eraldatzen elkarteko kideek. Oraingoan, gazteriari erreparatuko diote bereziki, gazte jendearei zuzendutako ekintza konkretuak antolatu baitituzte. Eraldatzen elkartetik azaldu dutenez, «foro honek jarduera ezberdinak hartuko ditu. Gure helburua berdintasunaren alde lan egiteko bide berriak jorratzea da eta hau guztia, emakumeen kontrako indarkeria sahiesteko baliatzea». Foroaren inguruan antolatutako ekintza guztiak irekiak dira.
Berdintasun foroa antolatu du Eraldatzen elkarteak.
Aurreko urteetan landutakoari jarraipena emango diote VIII. Berdintasun Foroan. Emakumea eta osasuna, sexualitate eta erantzunkizuna eta berdintasun harremanak emakumezkoen eta gizonezkoen artean; horiek dira aztertuko dituzten gaiak, besteak beste.
Aurtengo foroak aurrekoek baino ekintza gehiago bilduko ditu. Ekintza guztiak Urretxun eta Zumarragan egingo dituzte eta Foroa berez, hilak 27an hasiko bada ere, lehenengo hitzaldia hilak 18an izango da.
Azken urteetan Eraldatzen elkarteak antolatutako Berdintasun Foro guztietan parte hartu du Erick Pescador psikologo eta sexologoak. Gazteei zuzendutako hitzaldi parte-hartzailea emango du Labeaga aretoan eta Gaztetxean ere izango da. Bi tokietan sexualitatea bizitzeko modua izango du hizpide, harreman sexualak plazerrarekin lotuko ditu adituak, baina zaintzaren dimentsioa ere emango die.
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren bueltan, goizean mahai informatiboa jarriko dute Areizaga-Kalebarren plazan «etortzen den jendearen mezuak eta sinadurak bilduko ditugu emakumeenganako indarkeriaren kontra».
Zumarragako Ospitalean osasuna generoaren ikuspegitik aztertuko dute. «Osasunaren profesionalekin gaia lantzea ezinbestekoa jotzen dugu eta horregatik hitzaldia ospitalean bertan egingo dugu. Iaz arrakastatsua izan zen erabat».
Zelai Arizti kultur etxean izango da Berdintasun Foroa. Hilak 27an egingo dituzte jardunaldiak. Hasteko, indarkeria jasan duten emakumeen testigantzak jasoko dituzte, eguerdian kalera aterako dira berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren kontrako leloak zabalduko dituztelarik.
Egitaraua
Urola Garaiako VIII. Berdintasun Foroaren inguruan Eraldatzenek Urretxun eta Zumarragan antolatutako ekintzak dira.
- Azaroak 18, osteguna. Erick Pescador, Emozioetatik zaintzaraino berdintasunaren bidean. Aizpurunea kultur etxean (Urretxu), 18:00etan.
- Azaroak 19, ostirala. Erick Pescador, Sexualitatea, plazerra eta zaintza. Labeaga aretoan (Urretxu), 10:00etan eta 19:00etan Gaztetxean. Nerabe eta gazteei zuzendutakoak.
- Azaroak 25, osteguna.
- Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna. Mahai parte-hartzailea Labeaga-Areizaga plazan. 11:00-13:00.
- Osasuna generoaren ikuspuntutik, Zumarragako Ospitalean, 15:00etan.
- Elkarretaratzea Areizaga-Kalebarren plazan, 19:00etan.
- Azaroak 26, ostirala.
- Eva Bolaños, Osasuna, gaixotasuna eta osasun zerbitzuen arreta, berdinak al gara emakumezkoak eta gizonezkoak? Zelai Arizti kultur etxean (Zumarraga), 10:00-12:00.
- Eva Bolaños, Gure osasunaren inguruko erabakiak hartzen, Zelai Arizti kultur etxean, 19:00etan.
- Azaroak 27, larunbata. VIII. Berdintasun Foroa, Zelai Arizti kultur etxean, 9:30tik aurrera.
Hitzaldiak Legazpin
Eraldatzenek Legazpiko Udalarekin elkarlanean hitzaldi sorta antolatu du ‘Aniztasunetik berdintasunera’ izenburupean.
- Azaroak 10, asteazkena. Naroa Elias eta Garoa Gonzalez, Euskal emakumeen rola familia ekonomikoan gerra ostean, Bikuña jauregia, 19:00etan.
- Azaroak 17, asteazkena. Erick Pescador, Gazteria eta ardurazko sexualitatea, 10:00etan, kultur etxean edo Latxartegin.
- Azaroak 24, asteazkena. Patricia Ponce, Gazteria eta ardurazko sexualitatea, 10:00etan, kultur etxean edo Latxartegin.
- Abenduak 14, asteartea. Silvia Carrizo, Nilda Gorvein eta Maite Berasategi, Emakume ezberdinak, eskubide berdinak, giza eskubideen berrikuspen bat, 19:00etan, kultur etxean. Alisson-en umea dokumentala emango dute.