Memoria historikoa ez galtzearen garrantzia plazaratu dute Legazpin
Oroimenaren Autobusa Legazpin izan zen atzo arratsaldean. Pasa den urriaren 16an Ondarroan hasi zuen bidea eta bihar Gernikan amaitu aurretik, hamabost herri baino gehiagotatik pasako da, frankismoak hildako herritarrei omen eginez.
Izarren argia filmaren harira jarri dute Oroimenaren Autobusa ekimena martxan. Filmak, 1936ko gerra amaitu berritan, Saturrarango kartzelan espetxeratu zituzten 4.000 emakumeren eta haurren bizipen gogorrak ateratzen ditu argitara eta pasa den urriaren 22an estreinatu zuten.
Hori baliatuz, proiektuaren arduradunek ekimena zabaltzea erabaki, eta hainbat herritan memoria historikoa berreskuratzeko eta frankismoak hildakoei omen egiteko autobusa jarri dute martxan. Herriz herri, leku horietan hildakoak ekartzen dituzte gogora, autobusa janzten duten izarretan euren izenak idatziz. Herri bakoitzean gai bati lotuta jarduten dute. Ondarroan eta Mutrikun Saturrarango espetxea izan zen, Irunen kontzentrazio esparruak, Gasteizen martxoaren 3a eta Sestaon aldiz, lapurtutako umeak. Legazpin, Gerra Zibilak eta frankismoak hildako herritarrak oroitzeko baliatu zuten autobusaren geldialdia eta bihar, Gernikan, bonbardaketaren inguruan landuko dute amaiera ekitaldia. Lan honetan hainbat elkarteren laguntza izaten ari dira; tartean, Lau Haizetara Gogoan elkartearena.
Hitzaldia gaur
Gai honi lotuta, gaur arratsaldean hitzaldia egingo dute Legazpin. Gotzon Garmendia historialariak Oroimen historikoaren giltzarria gaia landuko du bertan eta Maria Gonzalez Gorosarri kazetariak eta ikerlariak aldiz, Emakumeen aurkako errepresio faxistaren elementuak izango ditu hizpide. Biak ere Lau Haizetara Gogoan plataformako kideak dira. Hitzaldia 19:00etan hasiko da kultur etxeko areto nagusian.