Atzo aurkeztu zuen Jose Mari Urcelayek bere azken liburua Legazpin
Jose Mari Urcelay legazpiarrak bere azken lana aurkeztu zuen atzo: Legazpi siglo XX: hitos en el camino hacia la modernizacion. 7 urtetan zehar burututako lanaren emaitza da, herriko burdinolak desagertu zirenetik siderurgia agertu arteko epeari erreparatzen diona. Garai honen gainean argi pixka bat jaurti nahi du 650 orri baino gehiago dituen liburuak eta zati handiena artxibategietan aurkitutako kroniketatik osatu du Urcelayek.
Arantxa Zubizarreta historia irakasleak lagunduta burutu zuen atzo aurkezpena 40 urtez Legazpiko kronikagilea izan denak. Kultur etxeko aretoa txiki gelditu zen, ekitaldiak erantzun zabala jaso baitzuen herritarren aldetik. Hala, bertaratuek Legazpiren historian atzera bidaiatzeko aukera izan zuten, garaian garaiko gertaera, pertsona edo aldaketa garrantzitsuenak ezagutuz.
7 urteko lana izan da, baina Urcelay “pozik” agertu da emaitzarekin. Burdinolak desagertu zirenean Legazpin zer gertatu zen jakitea zuen helburu eta bilaketa horretan kontu gehiagorekin egin du topo, Pedro Seguraren eraginarekin, kasu.
Pedro Segura
Legazpiarrentzako izen ezezaguna bada ere, Urcelayren arabera, Pedro Segura Legazpiren garapenean berebiziko garrantzia izan zuen pertsona izan zen. Industria arloan gizon aurrerakoia zen eta bere eskutik iritsi ziren Legazpiko lantokietara garaiko aurrerapen handienak. Argiztapen publikoa ere bere eskutik ezagutu zuen Legazpik, bai kalean eta baita enpresetan ere. 1908an bestetik, erreminta fabrika sortu zuen Patrizio Etxeberriarekin, Prudencio Geretarekin eta Romualdo Etxeberriarekin. 1919an deseginen talde sortzaile hura. Bere semea, Ubaldo Segura, Legazpiko alkate ere izan zen.
Istorioen historia
Urcelayek istorio txiki asko batuz osatu du Historia, letra larriz idazten dena. XIX. mende amaieratik XX. mende erdialderako bidaian, Legazpik alkatesa bat izan zuela; 1936ko otsaileko hauteskundeak Frente Popularrak irabazi bazituen ere, legazpin bozka gehien Bloque contrarevolucionario izenekoak lortu zituela edota 1929. urteko krisiak Legazpin eragin gutxi izan zuela jakin ahal izan du. Gerra zibileko gertakariak eta datuak ere jasotzen ditu Urcelayek liburuan, eta baita pasarte batzuk ere, atzoko aurkezpenean ezagutzera eman zuena bezala: «Bi legazpiar esaterako, Errepublikaren alde borrokatzen ari zirela preso hartu eta nazionalen alde borrokatzera behartu zituzten. Horretan ari zirela hil ziren biak, beste aldean; errepublikaren alde borrokatzen hasi eta heriotza errepublikarren aldetik aurkitu zuten». Oraina ezagutzeko iraganari begiratu dio Urcelayek, oroimenerako bidaia hori ondoren herritarren eskura jarriz, hauek ere ez ahazteko aukera izan dezaten.