Gazta eta abere lehiaketak egingo dituzte larunbatean Zegamako San Martin ferian
Larunbatean, azaroaren 13an San Martin azoka egingo dute Zegaman, bertako Udalak antolatuta. Beste hainbat ekitaldiren artean Aizkorri eta Urbiako Artzainen Arteko XII. Gazta Lehiaketa eta Herri Mailako Abere eta Ganaduen Lehiaketa egingo dituzte. A...
Larunbatean, azaroaren 13an San Martin azoka egingo dute Zegaman, bertako Udalak antolatuta. Beste hainbat ekitaldiren artean Aizkorri eta Urbiako Artzainen Arteko XII. Gazta Lehiaketa eta Herri Mailako Abere eta Ganaduen Lehiaketa egingo dituzte.
Aizkorri eta Urbiako Artzainen Arteko XII. Gazta Lehiaketa pilotalekuan egingo dute, 11:00etan hasita eta 13:00era artean gaztak dastatzeko aukera izango dute epaimahaiko kideek. Sariak 13:30ean banatuko dituzte pilotalekuan. Irabazleak 260 euro, txapela eta garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak 140 euro eta hirugarrenak, 110 euro. Ondoren lehiaketara aurkeztutako gaztak dastatzeko aukera emango diete han bildutakoei.
Herriko abereak pilotalekutik Urgain Berriko eremuan egongo dira ikusgai. Behiak, behorrak, ardiak (hainbat ardi eta ahari bateko taldea) eta bildotsak (5 urruza eta ahari bateko taldea). Herritarrez eta bisitariez gain, epaimahaiko kideak ere bertatik igaroko dira abereak ikustera eta baloratzera. 9:00etatik 12:00ak bitartean edukiko dituzte bertan. Eguerdiko ordu batean berriz, lehiaketako irabazleei sariak banatuko dizkiete pilotalekuan.
Artisau produktuen azoka ere egingo dute 9:00etatik 14:00etara. Horrela landareak, fruituak eta barazkiak erosteko aukera izateaz gain, hainbat erakusketez ere gozatu ahalko du jendeak. Euskal Labela duten Tolosako babarrunak dastatu ahalko dira 11:00etatik aurrera eta Zegamako Tartalo elkarteak txakolina partituko du eguerdi partean. Jai giroa izango da nagusi beraz larunbatean Zegaman.