Memoriaren eguna ospatu dute Zumarragan eta Beasainen
Euriak behartuta Memoriaren eguna Zumarragako udaletxeko areto nagusian ospatu dute. Goierri mailan, Beasainen ere egunaren inguruko ekitaldiak egin dituzte.
Aralarrek eta EAk ez beste alderdi guztiek babestu dute Eusko Jaurlaritzaren egitasmo hau. Zumarragako ekitaldian, EAko zinegotzi Ikerne Badiolak ez du parte hartu. Bertan izan dira PSE-EEko sei zinegotzi eta Mikel Serrano alkatea. EAJko Juanjo Sagarnak eta PPko Valeriano Martinezek ere parte hartu dute.
Senitartekoekin batera
Iñaki Mendiluzeren eta Isidro Etxanizen senitartekoak udaletxeko aretoan izan dira eta Mikel Serranok adierazpen instituzionala irakurri eta gero, senideek utzi zuten lore sorta biktimen omenezko monolitoan.
Beasaineko alkate Patxi Plazaolak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak adierazpen instituzional berdina irakurri dute. Plazaolak laburtuta eta Serranok osorik. «Euskal gizartea eta haren instituzioak ahalegin guztia egiten ari gara terrorismoaren biktimen memoria bakezko etorkizun baten erreferente bihur dadin» esan du Serranok Zumarragako ekitaldian. «Terrorismoaren biktima guztiak ditugu gogoan, salbuespenik gabe. ETAk sortutako izuaren biktimak, bera baita euskal herritarren arteko elkarbizitza oraindik ere mehatxupean daukan talde terrorista bakarra; eta, halaber, besteak (2008ko Biktimen Legean agertzen direnak: ETA, GAL eta eskuin muturreko beste batzuk)».
Memoriaren garrantziaz aritzerakoan alkateak esan du «biktima guztien memoria zaintzea lagungarri izango zaigu bakezko eta askatasunezko etorkizuna lor dezagun, denon artean elkarbizitza jator bat izan dezagun».
Amaitzeko, elkarretaratze isila egin zuten udaletxe azpiko arkupeetan. Ekitaldian parte hartu duten ordezkari politiko eta senitartekoak izan dira elkarretaratzean, ez da herritar gehiago batu.