Fidel-Etxeko bizilagunen alde jaialdia egingo dute hilaren 19an
Gas leherketa bat zela medio, urriaren 23an su hartu zuen Lazkaoko Fidel-Etxek. Eraikina erabat kiskalita gelditu zen eta goitik behera zaharberritu beharko dute. Egoera hau ikusita, boluntario talde bat sortu da Lazkaon eta Fidel-Etxeko bizilagunen a...
Gas leherketa bat zela medio, urriaren 23an su hartu zuen Lazkaoko Fidel-Etxek. Eraikina erabat kiskalita gelditu zen eta goitik behera zaharberritu beharko dute. Egoera hau ikusita, boluntario talde bat sortu da Lazkaon eta Fidel-Etxeko bizilagunen aldeko jaialdi bat egitea erabaki dute. Ostiralean, hilak 19, izango da Areria kultur gunean. Herriko hainbat taldek eta elkartek ere bat egin dute jaialdi honekin eta han izango dira, besteak beste, Orobione, Xanbe eta Kantaka abesbatzak, Oin Arin dantza taldea, Lazkao Txiki musika eskola, Antzar Gazteak txistulari taldea, Goierriko Bertso Eskola, San Benito ikastola, Kantu-Jirako kideak, JundaJo txaranga edota Areto dantzen ikastaroko taldea.
Jaialdi horretan bildutako dirua, kaltetutako familiak laguntzeko erabili nahi dute. Hala, sarrerak gaurtik aurrera salgai daude Lazkaoko Udaletxean, Gerriko liburudendan eta Maitte eta Ipotx komertzioetan, 5 euroren truke. Bestalde, diruz lagundu nahi duenak bere ekarpena egiteko, kontu bana zabaldu dute Kutxan, Euskadiko Kutxan eta BBVA eta BSCH bankuetan.