Aizkorriko magala eta Oamendi dira Legazpiko ondare natural aberatsena gordetzen duten guneak
Pasa den astean aurkeztu zuen Aranzadi zientzia elkarteak Legazpiko natur eta kultur ondarearen inbentarioaren zirriborroa. Agenda 21eko Herritarren Foroan egin zuen hori eta Legazpiko herriaren ondarea identifikatzeaz gain, hau babesteko proposamenak ere mahaigaineratu zituzten.
Zientzia elkarteko kideek hiru ataletan banatu zituzten euren ondorioak: Botanika, fauna eta flora.
Botanika
Botanika aztertzeko hainbat mendi irteera egin zituzten udaberrian eta udan. Hauetan habitatei buruzko informazioa bildu zuten eta informazio honekin mapa bat osatu dute, Legazpiko inguru desberdinak euren flora aberastasunaren arabera mailakatuz. Aranzadiko kideen ustetan, Legazpin aberastadun handieneko duten eremuak Aizkorriko gaina eta basoa, Oamendi, Telleriarte eta Brinkola auzoak eta Korostiagako ipar bailara dira, gordetzen dituzten hariztiengatik, pagadiengatik edota hezeguneengatik.
Fauna
Faunari dagokionez bibliografia eta landa-lana tartekatu dituzte, azken hau bereziki narrastiei eta urlehortarrei dagokienez. Kopurua eta kalitatea erabili dituzte neurketarako, kalitatea neurtzeko arriskuan dauden espezieei begiratuz. Ondorio nagusietan Aizkorri-Aratz eta Oamendi nabarmendu dituzte gune aberatsenak bezala eta herrigunea, sailak eta landazabalak izendatu dituzte aldiz, pobreenak.
Paisaia
Paisaiaren kasuan azkenik, Legazpi hamaika zatitan banatu zuten, landarediaren oinarrizko mapa bat osatzeko. Atzetik, paisaiari balioa ematen dioten ezaugarriak baloratu dituzte, naturaltasunari eta herritarren hautemateari erreparatuz. Aitzondo, Oamendi, Aizeleku, Arrasate, Telleriarteko eta Brinkolako auzoak eta Arrolamendi nabarmendu dituzte paisaia aldetik balio handiena duten gune gisa. Balio gutxiena dutenak herrigunea eta Albaitxuri dira.
Zientzia elkarteko kideek hiru atal hauen balorazio orokorra egingo dute orain eta urte amaierarako aurkeztuko diote Udalari amaierako txostena.
Ekintza proposamenak
Ondasun hau zaintzera begira hainbat proposamen aurkeztu ditu Aranzadik. Korridore ekologiko funtzionalak sortzea, Korostiaga mendiaren erabilera eta kudeaketa plan bat osatzea, espezie arrotzen arriskuaz informatzea eta aurre egiteko gomendioak ezagutaraztea, hezeguneen inguruko ikerketa bat abiaraztea edota hezegune berriak sortzea dira horietako gomendio batzuk.