Martutenera eraman dute ‘Muki’, Tolosako epaitegitik pasa eta gero
Herenegun zabaldu zen ‘Muki’ ezizena duen ustezko gaizkilea atxilotu zutela Bizkaian. Gaua Muskizko komisaldegian pasa ondoren, Tolosako epaitegiaren esku utzi zuten atzo, eta gaur, Martuteneko espetxera eraman dute, epailearen aginduz. Epa...
Herenegun zabaldu zen ‘Muki’ ezizena duen ustezko gaizkilea atxilotu zutela Bizkaian. Gaua Muskizko komisaldegian pasa ondoren, Tolosako epaitegiaren esku utzi zuten atzo, eta gaur, Martuteneko espetxera eraman dute, epailearen aginduz. Epaiketaren zain geldituko da orain 19 urteko gaztea. Hainbat delitu egin izana leporatzen diote; tartean, joan den azaroaren 6an, 20 urteko gazte bati labanarekin mehatxu egin eta autoan eramatera behartzea. Egun horretan, Zaragozako komertzio batean lapurreta ere egin zuen. Lehendik ere beste antzeko bahiketa batean parte hartu zuen, 23 urteko beste gazte batekin batera.
Ertzaintzaren arabera, ‘Muki’ beste hainbat gertakaritan inplikatuta egon liteke, baina “biktimen beldurra dela medio”, asko salatu gabe gelditu dira. Hainbat auto lapurreta, baimenik gabe gidatu izana, arma zuriak eta drogak gainean eramatea, hainbat komertziotan lapurretak eta Beasaingo gazte bati eraso egin izana ere leporatzen dizkiote, besteak beste.