“Lau azoka batean”. Lema horrekin aurkeztu dituzte gaur Goierriko lau herritan elkarlanean antolatzen dituzten euskal liburu eta disko azokak. Datorren asteburuan, hilaren 17tik 19ra egingo dituzte azoka horiek Lazkaon, Ataunen, Seguran eta Ordizian. “Etxekoak asetzeko, kulturak ere elikatzen duelako, liburuak” eskaini nahi dituzte; liburuak, diskoak eta bestelako euskarrietan urtean zehar argitaratu diren euskarazko ekoizpenak. Duela urte batzuk ekin zioten azokak elkarlanean antolatzeari; Lazkaokoaren atzetik, duela bost urte sortu zen Ataungoa. Segurakoak laugarren urtea beteko du aurten eta Ordiziakoa izan zen elkarlan honetara batu zen azkenekoa. Iaz antolatu zuten aurreneko azoka, eta “izandako harrera ona” ikusita, aurten ere “tren horretara igotzea” erabaki dute. Lazkaoko euskal liburu eta disko azokak 22. urtea du aurten. Historia handiko azoka bada ere, berrikuntza ugarirekin dator aurten. Nagusiena, Joxepa Madariagak azaldu duenez, kokalekua izango da. Dagoeneko txiki gelditu zaien udaletxeko arkupea utzi eta “aurten, Lazkaoko plazako frontoian” egingo dute. Baina leku gehiago izateaz gainera, “frontoia ia erabat itxi daiteke, eta toki goxoa izango dela espero dugu”. Hotzak dagoenarentzat, salda eta gaztaina erreak banatuko dituzte, eta babarruna jana ere egitekoak dira, hilaren 19an. Ataungo azokak bere izaera ibiltariari eutsiko dio aurten ere. Aitor Aldasororen hitzetan, “Ataunen hasieratik egin genuen azoka hiru auzoetara eramateko apustua”. Hala, urtero aldatzen [...]
“Lau azoka batean”. Lema horrekin aurkeztu dituzte gaur Goierriko lau herritan elkarlanean antolatzen dituzten euskal liburu eta disko azokak. Datorren asteburuan, hilaren 17tik 19ra egingo dituzte azoka horiek Lazkaon, Ataunen, Seguran eta Ordizian. “Etxekoak asetzeko, kulturak ere elikatzen duelako, liburuak” eskaini nahi dituzte; liburuak, diskoak eta bestelako euskarrietan urtean zehar argitaratu diren euskarazko ekoizpenak. Duela urte batzuk ekin zioten azokak elkarlanean antolatzeari; Lazkaokoaren atzetik, duela bost urte sortu zen Ataungoa. Segurakoak laugarren urtea beteko du aurten eta Ordiziakoa izan zen elkarlan honetara batu zen azkenekoa. Iaz antolatu zuten aurreneko azoka, eta “izandako harrera ona” ikusita, aurten ere “tren horretara igotzea” erabaki dute.
Lazkaoko euskal liburu eta disko azokak 22. urtea du aurten. Historia handiko azoka bada ere, berrikuntza ugarirekin dator aurten. Nagusiena, Joxepa Madariagak azaldu duenez, kokalekua izango da. Dagoeneko txiki gelditu zaien udaletxeko arkupea utzi eta “aurten, Lazkaoko plazako frontoian” egingo dute. Baina leku gehiago izateaz gainera, “frontoia ia erabat itxi daiteke, eta toki goxoa izango dela espero dugu”. Hotzak dagoenarentzat, salda eta gaztaina erreak banatuko dituzte, eta babarruna jana ere egitekoak dira, hilaren 19an.
Ataungo azokak bere izaera ibiltariari eutsiko dio aurten ere. Aitor Aldasororen hitzetan, “Ataunen hasieratik egin genuen azoka hiru auzoetara eramateko apustua”. Hala, urtero aldatzen dute kokalekua eta aurten Aia auzoaren txanda izango da; bertako frontoian jarriko dute azoka datorren asteburuan. “Aia bezalako auzo batean azoka egitea erronka handia, baina uste dugu merezi duela ahalegin bat egiteak. Horregatik herritar guztiei ere ahalegin bat egiteko eskatu nahi diegu”. Ataungo azokaren beste berezitasunetako bat, “herritarren txokoa” da. Aurten, ataundar jatorria duen Ur Apalategi idazlea gonbidatu dute. Baita Sastarri taldea ere; Belarra rock taldearen inguruko DVDa egin dute, bere historia eta Aian bertan emandako kontzertua jasotzen dituena.
Seguran laugarren urtea du azokak eta antolakuntza lanetan dabilen Aimar Balerdik azaldu duenez, “dagoeneko gustoa hartu diogu”. Aurten ere Segura Irratiaren behealdeko aretoan bilduko dira. Besteak beste, Segurako pilotaren historia biltzen duen liburua aurkeztu eta Joxan Ormazabal zena gogoan izango dute, Xabier Mendigurenek egingo duen hitzaldiarekin. Aurretik ere izango da azoka girotzeko ekitaldirik; Porrotx pailazoa etorriko da asteazkenean, Irrien Lagunak elkarte berria aurkeztera.
Lau azoketan berriena da Ordiziakoa. Iaz antolatu zuten aurrenekoz eta “herritarren harrera onak bultzatu gaitu lanera”. Aurten gainera, iaz ikusitako hutsune batzuk betetzen saiatu dira. Igor Egurenen esanetan, “udalaren laguntasuna oso garrantzitsua izan da”. Iazko lokala utzi eta Barrena jauregian egingo dute aurten, “leku goxoagoan” antolatzaileen arabera. Egitarauari dagokionean, Patxi Zubizarreta idazlea, Abarlotz Olano kantaria, ipuin kontalariak eta herriko dantza taldeen saioa izango dituzte, besteak beste.
Lau herriotako azokek elkarlanean heldu nahi diote aurrean dituzten erronkei. Izan ere, euskal kulturgintzak nabaritu du ekonomia krisiaren eragina. Joan den urtean “beherakadatxo bat somatu genuen, Durangoko Azokan bezala, hemen ere nabaritu zen krisiaren eragina, baina aurten honi buelta eman eta indartzea espero dugu”. Liburu eta diskoak erosi eta oparitzeko “garai aproposa” dela uste dute, Eguberriak gainean direla kontuan hartuta. “Eta honekin batera eman nahi dugun mezua zera da, literaturak eta kulturak ere jantzi egiten duela”. Gainera, lau herriotako udalen laguntzari esker, liburu eta diskoak %15eko deskontuarekin erosteko aukera izango dela gogorarazi dute antolatzaileek.
EGITARAUA HERRIZ HERRI:
ATAUN
14, asteartea
- 20:00. Jon Maiak Apaizac Obeto ikus-entzunezkoa aurkeztuko du San Martingo herri antzokian.
17, ostirala:
- 18:00. Azokaren irekiera
- 19:30. Jon Benitok Bulkada liburua aurkeztuko du.
- 20:30. Afaria Haitzarri elkartean, Mieltxo eta Ainara musikariek lagunduta.
18, larunbata (Herritarren txokoa):
- 11:00. Azokaren irekiera.
- 12:00. Ur Apalategik Fikzioaren izterrak aurkeztuko du.
- 19:30. Sastarri lan taldeak Belarra taldearen DVDa aurkeztuko du.
19, igandea (Azoka txikia):
- 11:00. Azokaren irekiera.
- 11:30. Ipuin kontalaria.
- 13:00. Gotzon Barandiaranek Errotik liburua aurkeztuko du.
- 14:00. Azokaren itxiera.
SEGURA
14, asteartea:
- 18:30. Abel Ariznabarretak Testugintza eta Euskal Kurrikuluma gaiaz hitz egingo du, Kultur Etxean.
15, asteazkena:
- 17:00. Porrotx pailazoa umeekin jolasean ariko da.
- 18:30. Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’ pailazoak Irrien Lagunak proiektua aurkeztuko du.
16, osteguna:
- 18:30. Aitor Ugaldek eta Andoni Etxeberriak Beti alai, aste ta jai liburua aurkeztuko dute, Kultur Etxean.
17, ostirala:
- 18:30. Azokaren irekiera. Gaztainak, ardoa, txistulariak eta herriko abesbatza.
- 19:00. Argazki lehiaketako sariak.
- 19:30. Xabier Mendiguren idazleak, Joxean Ormazabal gogoan hitzaldia egingo du.
LAZKAO
17, ostirala:
- 16:30. Azokaren irekiera. Txokolate beroa bizkotxoekin.
- 18:30. Rwandarekiko elkartasun jaialdia Arerian.
- 19:00. Pintxo jana.
18, larunbata:
- 12:00. Salda beroa banatuko dute.
- 18:00. Gaztaina erreak. Arratsaldean zehar, astoa eta gurdia, buruhandiak, pintxoak, sagardoa eta ardoa izango dira frontoian eta plazan.
19, igandea:
- 12:00. Salda beroa. Goierriko bertso eskolako ikasleen saioa. Haurrentzako jolasak.
- 14:00. Bazkaria frontoian: babarruna jana. Txartelak aurrez salgai Gerrikon (15 euro).
ORDIZIA
17, ostirala:
- 18:00. Jakintza eta Urdaneta dantza taldeen saioa.
- Ondoren, kartel lehiaketako sari banaketa
- 19:00. Patxi Zubizarretaren liburu aurkezpena.
- Ondoren, txoripistolak banatuko dituzte.
18, larunbata:
- 17:00. Mertxe Aizpurua ipuin kontalaria, musika eskolako pianojoleekin.
- 18:00. Musika eskolako Konbo taldea.
- 19:00. Abarlotz Olanok Antilla diskoa aurkeztuko du.
19, igandea:
- 11:00. Salda eta pintxoak.
- 17:00. Arrate Leunda ipuin kontalaria.