Iazko Santa Lutzi feria, barazki salmenta eta erakusketa Zumarragako Euskadi plazako arkupeetan
Zumarragako Udaltzaingoak asteleheneko Santa Lutziko ferian zirkulazioaren inguruko hainbat jakingarri eman ditu. Gomendio eta eskakizun hauek bertako biztanleei eta kanpotik datozenei zuzendutakoak dira. Astelehenean kaleetatik autoz ez ibiltzea eskatzen diete bertakoei. Kanpokoentzat Urretxuko eta Zumarragako sarbideak itxita egongo dira goizeko zortzietatik aurrera eta oinez bakarrik iritsi ahal izango dira.
Aparkatzea debekatuta egongo da etzi, igandea, gaueko hamarretatik aurrera Urdaneta Hiribidea, Artiz auzoa eta Filipinar Irlak kalean. Kalebarren, Soraluze, Loiolako Iñigo eta Legazpi kaleetan eta Euskadi plazan etzi jada ezingo da aparkatu.
Bisitariek autoak aparkatu ahal izango dituzte Ospitaleko inguruetan, Argixao futbol zelaiaren ondoko lur-sailean eta Zumarragako Industrialdean. Renfeko inguruetan eta Soraluze kalean urritasun fisikoak dituztenentzat tokiak gordeko dituzte espreski. Autobusen geraleku bakarra, bestalde, Elizkalen izango da.