Aralarren nahia Gipuzkoan “ezkerreko alternatiba abertzalea” indartzea da
Patxi Aierbek datozen foru hauteskundeetarako Oria barrutiko Aralarreko zerrendaburuak aipatu duenez, Aralarrek foru eta udal hauteskundeei begira daukan erronka nagusiena, «Gipuzkoan ezkerreko alternatiba abertzalea indartzea da». Aralar alderdiak Gipuzkoa herriz herri kanpaina du abian jarrita. Gipuzkoan zehar dabiltza eta gaur, Ordizian eta Beasainen izan dira Patxi Aierbe Oria barrutiko zerrendaburua eta Mikel Leunda Ordiziako Aralarreko zinegotzia.
Aierberen hitzetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi edo hiru aste argitaratutako inkesta batek «erakusten du Gipuzkoako gehiengo zabal bat abertzalea eta ezkerrekoa dela eta beraz, gure ustez arlo horiek indartuta soilik etorriko da, lurraldea ezkerreko politikak oinarri hartuta gidatuko duen gobernu baten aukera sendotzea».
Modu berean Patxi Aierbek aipatu du, «egungo Foru Gobernuak egin duenaren aurka», beraien lehentasunak «gizarte politikak sendotzea, pribatizazioari mugak jarriz, eta zerbitzuen erabiltzaileekin eta eragile sindikalekin elkarlana indartzea» direla eta izango direla. Lehentasunen artean dituzte baita ere «azkeen urteetan euskarak aurrekontuetan izan duen beherakada» etetea eta lurralde iraunkorrago batera bidean, azpiegiturak arrazionalizatzea eta garraio publikoa lehenestea.
Herritarren iritzia
Bide horretatik jarraituz, Aierbek esan du, Aralarrek herritarren iritzia eta ekarpenak jaso nahi dituela. «Herritarren kezkak zeintzuk diren jakin nahi dugu, peajeen inguruan, zaharren egoitzen inguruan, etxez-etxeko laguntzen inguruan, errepideen inguruan…».
Herritarren iritzia jasotzea da hain zuzen, abian jarri duten kanpainaren helburua. Kanpainak urtarrilaren 15era bitarteko iraupena izango du eta oinarria ww.aralar.net/gipuzkoa-herriz-herri webgunea izango da. Bertan sartzen denak, kanpainaren xehetasunak ezagutu ahal izango ditu eta bere iritzia ere eman ahalko du. «Facebook eta Twiterren ere sortu ditugu perfilak, herritarrek beraien iritzien edota proiektuen berri eman dezaten eta gero, Aralarrek proposamen horiek guztiak Batzar Nagusira eta Udaletara eraman ditzan», gehitu du Mikel Leundak.
Azkenik, Oria barrutiko zerrendaburuaren hitzetan «Goierrin gaudenez, nekazaritzak eta abelzaintzak hemen duten garrantzia aipatu gabe ezin dut utzi». Sektore horri bultzada bat ematen ahaleginduko direla adierazi du «beharra dagoelako eta merezi duelako». Modu berean, esan du Goierrin industriaren munduak ere pisu handia duela eta Aralarrek proposamenak egingo dituela dagokion garaian eta tokian. «Eskualde honetan zintzilik dago esaterako, berrikuntza poloa. Ez du abiadurarik hartzen eta gai horretaz arduratuko gara besteak beste, beharra dagoela uste baitugu».