Larunbat eta jai egunetan gaueko autobus zerbitzua zabaltzeko eskatu dute
Ordiziako Udaleko Partaidetza eta Boluntariotza delegazioak sustatutako Ordizia barnetik proiektuan parte hartzen ari diren Oianguren institutuko ikasleen bi ordezkarik –Irati Gallardok eta Aitor Irastortzak– eskaera zehatza egin dute: larunbateta...
Ordiziako Udaleko Partaidetza eta Boluntariotza delegazioak sustatutako Ordizia barnetik proiektuan parte hartzen ari diren Oianguren institutuko ikasleen bi ordezkarik –Irati Gallardok eta Aitor Irastortzak– eskaera zehatza egin dute: larunbatetan, jai egunetan eta Goierriko herrietan jaiak direnean autobus zerbitzuen ordutegia zabaltzea. «Gaur egun 01:00ean eta 04:00etan daude autobusak festetan, eta guk orduro izatea nahi dugu, gurasoei enbarazorik ez sortzeko».
DBHko 4. mailako 21 ikasle ari dira ekimenean parte hartzen, 12 neska eta 9 mutil, eta haiekin batera institutuko irakasleak eta zuzendaritza. Eskaera horrez gain, beste eskualdeetako gazteen egoerari buruzko informazioa eskatu diete udalei.
Gazteen partaidetzaren bila
Ordizia Barnetik proiektuan parte hartzen ari den lehen taldea da, eta abiapuntu gisa egin dute proposamen hori, datozen hilabeteetan jarraipena izango baitu. Jose Migel Santamaria eta Iñaki Dubreuil udal ordezkarien arabera, herriari begira «gazteen partaidetza» sustatzea da proiektuaren helburua. «Herriaren eremu, jarduera eta erabakietan gazteak parte izatea nahi dugu», diote.