Urretxuko eta Zumarragako elkarretaratzea
Gaur, ezker abertzalearen legalizazioa eskatu dute hainbat goierritarrek kalean. Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Goierriko herrietan ere giza kateak eta elkarretaratzeak egin dituzte. Mobilizazioen irudiak ere hartu dituzte herrietan, ezker abertzaleak Euskal Herri mailako irudiekin dokumentala egiteko asmoa baitu.
Goierriko ezker abertzaleak jakitera eman duenez, hartu duen erabakia “irmoa” da: prozesu demokratikoa “azken helmugaraino” eramatea. “Hau da, proiektu politiko guztiak egingarri izango diren eskenatokira eramatea eta indenpendentziaren aukera nagusitzea”. Bide horretan, ezker abertzalearen legeztapena “ezinbesteko geltokia” dela dio Goierriko ezker abertzaleak. Proiektu politiko berri horren legeztatzea, “nahiz eta legea hitzez hitz beteko duela iragarri”, ez da “auzi juridikoa” ezker abertzalearen ustetan “erabat politikoa baizik, irabazi beharreko auzi politikoa, hain zuzen”. Horregatik antolatu ditu ezker abetzaleak legeztatzearen aldeko ekimenak Goierriko herrietan eta hainbat goierritarrek, bat egin dute deialdi horrrekin. Urretxu-Zumarragan esaterako, 50 lagun elkarretaratu dira eguerdiko hamabietan, Areizaga Kalebarren plazan. Beasainen giza-katea egin dute 75 lagunek Igartzatik abiatuta. Zerainen 12:30etan udaletxe aurrean bildu dira 50 lagun, eskuetan legalizazioaren aldeko pankarta eta kartelak zituztela. Ondoren, giza-katea egin dute udaletxe aurretik herrigunera. Lazkaon alderdi politiko desberdinetako jendea bildu da herriko plazan, 13:00etan eta giza-katea egin dute 70 lagunek herriko kaleetan barrena. Seguran 85 lagunek egin dute giza-katea 13:00etan eta Ordizian berriz, 50 lagunek.
Arratsalderako ere badaude iragarrita zenbait ekitaldi. Horrela, Ataunen kotxe karabana egingo dute 18:30ean San Martingo plazatik abiatuta eta Legorretan berriz giza-katea, 19:00etan plazan.
Zaldibiarrak bihar elkartuko dira Joxepane aurrean 13:00etan legeztatzearen aldeko babes ekimena egiteko helburuarekin.