Jende asko dabil Goierriko bost herrietan egiten ari diren liburu eta disko azoketan
Jende ugari dabil Ataungo Aian, Beasainen, Lazkaon, Ordizian eta Seguran egiten ari diren liburu eta disko azoketan eta horrenbestez, oso gustora daude antolatzaileak momentuz jaso duten erantzunarekin. Ataungo Aian atzo Jon Benitok Bulkada bere lana aurkeztu zuen. 15 bat lagun inguratu ziren hara, Benitoren hitzak entzutera eta bertan izandakoen hitzetan, “oso interesgarria” izan zen aurkezpena. Ondoren, gaztaina jana egin zuten trikiti doinuek lagunduta eta “giro bikaina” sortu zen antolatzaileen hitzetan. Gaur Ur Apalategiren txanda izan da. Apalategik Fikzioaren izterrak ipuin-liburua aurkeztu du Aian eta gustora entzun diote hara joandakoek. Egileari sinadura eskatzeko ere aprobetxatu duten hainbat lagunek. Aitor Aldasoro antolatzaileak jakitera eman duenez, krisiak eragina izan arren, salmentak momentuz onak izan dira. Bere hitzetan azokan bertan aurkeztutako lanak saldu dira hobekien eta baita Pirritx eta Porrotx pailazoen Pupu eta Lore ikuskizun berria ere. “Agortu egin da azokan pailazoen materiala eta berriz bila joan behar izan dugu. Ikaragarriak dira eta egia esan horiek ez dute aurkezpen beharrik”, gehitu du Aldasorok irribartsu. Lazkao Lazkaon atzo arratsaldeko bostetatik zortzietara bitartean egon zen irekita azoka. Arratsaldeko seietan berriz, antzerki lanaz gozatzeko aukera izan zuten hara hurbildutakoek eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, jende dezente ibili zen. Salmentak ere onak izan ziren atzo, “joan den urtekoak [...]
Jende ugari dabil Ataungo Aian, Beasainen, Lazkaon, Ordizian eta Seguran egiten ari diren liburu eta disko azoketan eta horrenbestez, oso gustora daude antolatzaileak momentuz jaso duten erantzunarekin.
Ataungo Aian atzo Jon Benitok Bulkada bere lana aurkeztu zuen. 15 bat lagun inguratu ziren hara, Benitoren hitzak entzutera eta bertan izandakoen hitzetan, “oso interesgarria” izan zen aurkezpena. Ondoren, gaztaina jana egin zuten trikiti doinuek lagunduta eta “giro bikaina” sortu zen antolatzaileen hitzetan.
Gaur Ur Apalategiren txanda izan da. Apalategik Fikzioaren izterrak ipuin-liburua aurkeztu du Aian eta gustora entzun diote hara joandakoek. Egileari sinadura eskatzeko ere aprobetxatu duten hainbat lagunek. Aitor Aldasoro antolatzaileak jakitera eman duenez, krisiak eragina izan arren, salmentak momentuz onak izan dira. Bere hitzetan azokan bertan aurkeztutako lanak saldu dira hobekien eta baita Pirritx eta Porrotx pailazoen Pupu eta Lore ikuskizun berria ere. “Agortu egin da azokan pailazoen materiala eta berriz bila joan behar izan dugu. Ikaragarriak dira eta egia esan horiek ez dute aurkezpen beharrik”, gehitu du Aldasorok irribartsu.
Lazkao
Lazkaon atzo arratsaldeko bostetatik zortzietara bitartean egon zen irekita azoka. Arratsaldeko seietan berriz, antzerki lanaz gozatzeko aukera izan zuten hara hurbildutakoek eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, jende dezente ibili zen. Salmentak ere onak izan ziren atzo, “joan den urtekoak bezalakoak gutxi gora-behera”. Antolatzaileen hitzetan denetik saldu da momentuz, hau da, haurrentzako zein helduentzako materiala. Haurrei dagokionean, Pirritx eta Porrotx pailazoen lanek izan dute arrakastarik gehien. Helduei dagokionean, Arantxa Urretabizkaiaren Hiru Mariak lanak eta Sarrionaindiaren Moroak gara behelaino artean? liburuak izan dute arrakasta gehien eta musikari dagokionean berriz, Ken 7 taldearen diskoak. Ikastetxeetako materiala erosteko ere aprobetxatu dute herritarrek.
Gaur goizean jada, jende asko zebilen azokan eta arratsalderako jende gehiago espero dutela aipatu dute antolatzaileek. “Gure iritziz leku aldaketarekin asmatu egin dugu eta jendeak ere horrela adierazi digu, lekua erosoagoa eta zabalagoa denez, liburuak, diskoak eta jostailuak lasaiago ikusi daitezkeelako”.
Ordizia
Atzo Patxi Zubizarretak Joan liburuaren aurkezpena egin zuen Ordiziako azokan. Ordu bateko iraupena izan zuen gutxi gora-behera eta antolatzaileen iritziz, berritzailea izan zen saioa, DVD batek lagunduta egin baitzuen aurkezpena. Iaz egun berean baino jende gehiago ibili zen atzo azokan eta salmentak ere hobeak izan ziren. Aitor Calvillo antolatzailearen hitzetan “leku aldaketak mesede egin digu, azoka Barrena Jauregian jarrita erreferentzialtasunean irabazi egin baitugu”.
Gaur goizeko balorazioa ere ona da. Antolatzaileen hitzetan, askok atzo materiala ikusi eta alde egiten zuten. “Gaur jada erostera etorri dira eta askotan gainera zerbait konkretuaren bila. Horrek esan nahi du,
atzo begiz jotako hura erosi dutela askok”.
Segura
Ostiralean jende asko ibili zen azokan. Herriko koruak saioa egin zuen eta txistulariek ere parte hartu zuten. Xabier Mendigurenek Joxean Ormazabal zena izan zuen hizpide eta haren ipuin bat irakurri zuen entzuleen gozamenerako. Xabier Lete ere izan zuten mintzagai, Letek 1966an bere lehen kontzertua, liburu azoka egiten duten lekuan eman baitzuen (lehen Segurako zine aretoa zen). “Berari erreferentzia egitea beraz, ezinbestekoa zen” gehitu dute azokaren antolatzaileek. Salmentak berriz, onak izan ziren, antolatzaileen arabera, askok aprobetxatzen baitute lehendabiziko eguna Gabonetarako helduentzako zein haurrentzako opariak erosteko.
Gaur goizean ez zebilen horrenbeste jende azokan, eguerdiko hamabietan Elorri elkarteak antolatutako Ipuin, Bertso eta Marrazki lehiaketako sariak ari baitziren banatzen kultur etxeko areto nagusia jendez beteta zela, baina arratsalderako antolatzaileen aurreikuspenak ona dira.
Gaur ere edukiko dute goierritarrek azoketakoren batera joan eta nahi duten liburu, disko edota jostailu hura erosteko.