Bertako sagarraren uzta onak sagardo «ederra» ekarri du aurten
Kapritxosoa da sagarra. Bi urtez behin etortzen da inguru hauetara, eta sagardogileek haren zikloetara egokitu behar izaten dute. Iaz, gehienek kanpora jo behar izan zuten sagar bila, bertan ez zegoelako. Aurten berriz, nahi adina bilatu dute inguruetan, askok etxetik atera beharrik gabe. Aukeran, «bertako sagarra nahiago» dutela diote Goierriko ekoizleek. Eta hala erakusten dute bi urtez behin, aukera duten bakoitzean. Bertako ekoizleen produktua erabiltzeaz gain, hemengo sagarrarekin, sagardo hobea lortzen dutela ere aitortu dute batzuk. Prozesua hobeto kontrolatzen dutela besteek. Hori bai, denak bat datoz aurten «sagardo ona» datorrela esaterako garaian.
Bertako sagarra izateak, ekoizpenean ere eragiten du gehienetan. Hala, Goierrin ekoitzitako sagardo litroen kopuruak gora egin du iaztik hona. Denera 426.000 litro daude Goierriko sei dolare sagardotegietako kupeletan.
Pasa den asteburuan estreinatu zuten denboraldia Ataungo Urbitarte sagardotegian. Demetrio Terradillos jabea gustora dago aurtengo sagardoarekin. «Dena bertako sagarrarekin egin dugu. Sagar uzta ona izan da eta sagardoa ere oso ona atera da, kolore onekoa eta txispa askokoa» azaldu du.
Aulia sagardotegiko Juan Inazio Etxeberriak ere, sagardo berriak «itxura politta» duela dio. «Kolorez oso ondo dator, eta bertako sagarra izanda, fuertexeagoa izaten da». Kopuruari dagokionean, betiko neurrietan dabiltza. «Iazko beretsua egingo dugu, adinean ere aurrera goaz eta hori mantentzen saiatzen gara». Aulia izaten da denboraldia hasten aurrenekoetakoa, Santa Lutzi egunez zabaltzen baitute. «Jendea betiko moduan dabil aurten ere, ez gehiago eta ez gutxiago».
Otatza sagardotegiko Joxe Antonio Iparragirrek ere «dena bertako sagarra» erabili du aurten. «Etxekoa eta inguruko baserrietakoa gehiena, baita Oñati aldekoa ere». Sagardoa «oso ona» datorrela dio, «fresko sartzen da eta atzetik gusto ona uzten du». Bihar estreinatuko dute denboraldia Otatza sagardotegian.
Olaberriko Etxezuri sagardotegian, «dena etxeko sagarrarekin» egin dute. Horrela, sagardoa «guk nahi dugun eran egitea» lortzen dute. Altzagako Olagi sagardotegian ere bertako sagarrarekin lan egin dute aurten, «etxekoarekin». Mari Jose Arregik azaldu duenez, «sagardo ona dator aurten, bertako sagarrarekin egiten denean hobeto kontrolatzen da kamioiean etortzen denean baino». Iaz hasi ziren botilarako sagardoa ere egiten, eta aurten ere kopuru beretsuetan ibiliko dira.
Zeraingo Oiharte sagardotegian ere sagardoa botilaratzen hasiko dira
Denboraldi hasiera sagardotegi guztietan izaten da berezia, baina Goierriko hainbat sagardotegi berrikuntzekin datoz aurten. Altzagako Olagik iaz hartu zuen bide beretik, Zeraingo Oiharten ere sagardoa botilaratzen hasiko dira aurten. Obrak egin behar izan dituzte horretarako. Haritz Egurenek azaldu duenez, «aurten lekua prestatu eta botilaratzeko makineria jarri dugu». Hau dela-eta, sagardoa «atzeraxeago dator, beranduxeago etorriko da, baina gorputz ederra du, itxura ona». Aldaketa, kopuruetan ere nabari da; iazko 9.000 litroetatik 30.000 pasatxo egitera pasa dira aurten. Obrak direla eta, sagardotegiaren irekiera ere atzeratu egin behar izan dute; urtarrilaren 28an zabalduko dute.
Olagi sagardotegian iaz hasi zituzten bodega handitzeko lanak, eta aurten bukatu dituzte. Datorren astean ezbada, hurrengoan zabalduko dute. Olaberriko Etxezurin ere egin dituzte berrikuntza lanak. Eraikina kanpoaldetik zaharberritu eta barrutik ere egin dituzte aldaketak. Dagoeneko hasita dute denboraldia.
GOIERRIKO SAGARDOTEGIAK
Goierrin hamabi sagardotegi-jatetxe daude. Horietako sei etxetan, bertan ekoizten dute sagardoa.
Dolare sagardotegiak
- Olagi. Altzaga (943 88 77 26).
- Urbitarte. Ataun (943 18 01 19).
- Aulia. Legorreta (943 80 60 66).
- Etxezuri. Olaberria (943 88 20 49).
- Otatza. Zerain (943 80 17 57).
- Oiharte. Zerain (943 50 10 13).
- Artzai enea. Beasain (943 88 77 26).
- Labekoa. Ezkio-Itsaso (943 72 25 52).
- Korta. Gabiria (943 88 71 86).
- Amebi. Lazkao (943 16 25 23).
- Tximista. Ordizia (943 88 11 28).
- Balentiña. Zumarraga (943 72 50 41).