Ikasleek hala eskatuta, asteburuetan ere zabalduko dute ikasgela
Zumarragako Zelai Arizti kultur etxea zabalik egongo da ikasleentzat urtarrileko asteburuetan eta jaiegunetan, ikasleek beraiek egindako eskaerari erantzunez. Ikasgela areto nagusian egokitu dute, panelekin itxi eta mahai eta aulki berriak erosi dituzte. ”Inbertsio txiki bat egin dugu errez jarri eta kentzeko altzariak behar genituen-eta”, dio Izaskun Larrañaga Zelai Arizti kultur etxeko arduradunak.
Udal liburutegia ikasteko gune bihurtu da. ”Ikasleek eskari formala egin zuten, sinadura dezente bildu zuten eta gaia aztertzeari ekin genion kultur etxean. Hasieran ez genuen konponbide errazik aurkitu” dio kultur teknikariak, ”izan ere, liburutegia asteburuetan eta jaiegunetan irekiko bagenu guztiontzat zabaldu beharko genuke eta hori ekonomikoki ez da bideragarria” azaldu du Larrañagak. Areto nagusiak duen panel sistemaren bitartez aurkitu zuten irtenbidea. ”Areto nagusirako mahai eta aulkiak erosi ditugu eta atal bat itxita, ikasteko toki on bat geratzen da. Ikasgela irekitzeko pertsonal berririk ez dugu behar, erakusketa aretoa irekitzeko eta zaintzeko langile bat dugulako”.
Oraingoz urtarrilean bakarrik
Aurreko asteburuan ireki zuten ikasgela lehenengoz eta ”ikasleen aldetik erantzun ona izan du. Funtzionatzen badu maiatza aldean berriz zabalduko dugu”. Otsailean ere irekitzeko asmoa bazuten ere, ”ikasleek eskatuta urtarrilean bakarrik egongo da ikasgela. Otsaileko lehenengo astean azterketak amaitu eta ez dutela beharko esan digute. Maiatzean, eskatzen badigute, berriz irekiko dugu”.
Ikasgela zabalik egongo da urtarrileko asteburuetan eta jaiegunetan. Ordutegia ondokoa izango da: 11:30-13:30 eta 16:00-18:00. Baldintza bakarra isiltasuna da