Urretxu eta Bergara artean egiten ari diren autobiak bidesaria izango du
Otamotz.com- Urretxu eta Bergara arteko autobian bidesaria ordaindu beharko dute ibilgailu guztiek. Hori baieztatu zuen behintzat atzo Eneko Goiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako diputatuak, Batzar Nagusietan. Ordainlekua Deskargako mendate ”berrian” kokatuko da, Zumarraga eta Deskargako gaina zeharkatzeko eraikiko diren tunelen artean.
Diputatuak atzo adierazi zuenez, ibilgailuei ezarriko zaien kobratze sistema ”neutroa” izango da. Ordainlekua autobidean bertan kokatuko baita, Urretxu eta Bergara arteko errepide zaharrak doakoa izaten jarraituko duen bitartean. Goiak dioenez “egoera AP-1 eta Arlabango mendatean egun dagoenaren antzekoa izango da. Bergaratik Gasteizera joan nahi duen gidariak autopista erabil lezake bidesaria ordainduta edo GI-627a bidea doan egin nahi izanez gero”.
Bidesaria ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute. Dena den, ibilgailu arinek deskontuak izango dituzte Viat sistemaren bitartez, Bidegik kudeatzen dituen AP-1 eta AP-8 autobideetan bezala.
170 milioi euro
Zumarraga, Urretxu, Antzuola eta Bergara batuko dituen errepideak 10 kilometroko luzera izango du. Guztira 170 milioi euroko kostua izango dute lanek eta egingo diren guztietatik garestiena izango da. Batetik Deskargako mendatea saihesteko tunel bat (680m) eraikiko da, Gipuzkoako errepideen puntu beltzenari irtenbidea emateko. Bestetik tamaina eta lan handiko beste azpiegitura batzuk ere eraikiko dira, Antiguako (250m), Ipurrietekako (250m) eta Antzuolako (220m) zubiak edo eta San Migelgo tuneleko (890m) zabaltzea kasu.
Bidesaria, lan hauek izango dituzten gastuak ordaintzeko helburuarekin ezarriko da. Baina badu bigarren helburu bat ere. 2012an Etxegaraten ordainlekuak jarri eta gero, Deskargakoa kamioien ohiko pasabide bihur dadin ekiditea.