Auto elektrikoen Ataungo alokairu zerbitzua orduko bi euro kostatuko da lehenbiziko bi orduetan
Ataunen gaur eguerdian inauguratu dute agintariek auto elektrikoen alokairu zerbitzua, San Martin auzoan. Bost ibilgailu daude oraingoz erabilgarri, eta gaurtik aurrera alokatuta erabili ahalko dituzte ataundarrek. Lehenbiziko bi orduetan orduko 2 euro kostatuko da alokairua, eta zenbat eta denbora gehiagorako erreserbatu orduan eta gehiago igoko da kostuaren proportzioa. Erabiltzaileek izena eman behar dute lehenbizi Ataungo udaletxean, B1 motako gidabaimena eta kontu korronte zenbakia aurkeztuta. Sarecar txartel magnetikoa jasoko du erabiltzaileak. Autoa erreserbatzeko bi modu daude: Intxaurrondo etxe-multzoaren alboko aparkalekuan bertan dagoen makinan, edo Internet bidez (www.sarecar.net). Hartutako egun-orduetan eta denborarako balio izango du erreserbak. Aparkalekuan kargatzen egongo diren bost autoetako bat hartu ahalko da, aurreko kristalaren pareko irakurgailuan pasatuta. Kargagailuaren kablea kendu eta maletategian jaso behar da. Autoak giltza kontaktuan edukiko du. Gehienez 144 kilometro egin ahalko dira autoarekin, bateriaren kargak dirauena. Kotxea uzteko urrats guztiak errepikatu behar dira alderantziz: giltza kontaktuan utzi, argindar sarean kargatzen jarri, atea itxi eta erabiltzailearen txartela kotxearen irakurgailutik pasatu, erabilera bukatu dela baieztatzeko. Prezio tarifa hauxe ipini du Sarecar etxeak, alokairu zerbitzua kudeatuko duenak: Ordubete: 2 euro. 2 ordu: 4 euro. 3 ordu: 7 euro. 4 ordu: 10 euro. 5 ordu: 14 euro. 6 ordu: 18 euro. 7 ordu: 23 euro. 8 ordu: 28 [...]
Ataunen gaur eguerdian inauguratu dute agintariek auto elektrikoen alokairu zerbitzua, San Martin auzoan. Bost ibilgailu daude oraingoz erabilgarri, eta gaurtik aurrera alokatuta erabili ahalko dituzte ataundarrek. Lehenbiziko bi orduetan orduko 2 euro kostatuko da alokairua, eta zenbat eta denbora gehiagorako erreserbatu orduan eta gehiago igoko da kostuaren proportzioa. Erabiltzaileek izena eman behar dute lehenbizi Ataungo udaletxean, B1 motako gidabaimena eta kontu korronte zenbakia aurkeztuta. Sarecar txartel magnetikoa jasoko du erabiltzaileak. Autoa erreserbatzeko bi modu daude: Intxaurrondo etxe-multzoaren alboko aparkalekuan bertan dagoen makinan, edo Internet bidez (www.sarecar.net). Hartutako egun-orduetan eta denborarako balio izango du erreserbak. Aparkalekuan kargatzen egongo diren bost autoetako bat hartu ahalko da, aurreko kristalaren pareko irakurgailuan pasatuta. Kargagailuaren kablea kendu eta maletategian jaso behar da. Autoak giltza kontaktuan edukiko du.
Gehienez 144 kilometro egin ahalko dira autoarekin, bateriaren kargak dirauena. Kotxea uzteko urrats guztiak errepikatu behar dira alderantziz: giltza kontaktuan utzi, argindar sarean kargatzen jarri, atea itxi eta erabiltzailearen txartela kotxearen irakurgailutik pasatu, erabilera bukatu dela baieztatzeko.
Prezio tarifa hauxe ipini du Sarecar etxeak, alokairu zerbitzua kudeatuko duenak:
- Ordubete: 2 euro.
- 2 ordu: 4 euro.
- 3 ordu: 7 euro.
- 4 ordu: 10 euro.
- 5 ordu: 14 euro.
- 6 ordu: 18 euro.
- 7 ordu: 23 euro.
- 8 ordu: 28 euro.
Proiektua martxan jartzea 683.000 euro kostatu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak (400.000 euro), Kutxaren Gizarte Ekintzak (200.000) eta Iberdrolak (83.000 euro, eguzki-plaka fotoboltaikoak jartzeko) finantzatu dute. Sarecar sistema martxan jarritakoan Eusko Jaurlaritzaren Ihobe ingurumen agentziak 100.000 euroko diru laguntza emango du. Gaur Ataunen ziren erakunde eta enpresa horietako agintariak, Markel Olano ahaldun nagusia buru zela.
Proiektuaren bigarren fasean beste 10 auto erostea eta San Gregorion energia fotoboltaikoarekin kargatzeko prestatutako aparkalekua eraikitzea dago aurreikusita.