Antioko plan berezia onartuko dute etziko ez ohiko bilkuran
Mikel Serrano alkateak iragarri duenez “hamar hilabetez itxaron dugun Euskal Herriko Lurralde Antolaketaren batzordeak txostena bidali digu eta etzi ez ohiko bilkura egingo dugu Antioko plan berezia onartzeko”. Plana onartuta, Antioko Interpretazio Zentroaren lanak martxan jartzeko moduan egongo dira. Alkateak data jarri dio lanen hasierari, “palak Aste Santu inguruan sartuko ditugu Antion”.
Etziko osoko bilkuran plan berezia onartuko dute PSE-EEk gehiengo absolutua baitu. “Proiektu hau egiteko asmoa ez da une batean ere itzali, hasieratik esan genuen, ordea, administrazioak eskatzen zizkigun epe guztiak beteko genituela”, jarraitu du alkateak. Bilkuran Zumarraga Lantzeni emango diote proiektua kudeatzeko eskuduntza, “udalak Zumarraga Lantzenen bitartez kudeatuko du proiektua. Lantzenek jaso beharko ditu enpresa eraikitzaileen eskaintzak, aztertu eta eskaintza onena aukeratu beharko du. Hori eginda, lanak hasiko ditugu”.
Alkateak esan duenez “kalean lehenbai lehen egin behar dela esaten digu jendeak eta ni berretsi baino ez naiz egiten nire asmoan”. Proiektuaren aurrekontuan “doikuntzak” egin dituztela eta hiru milioi euro ingururekin 1.305 metro koadroko zentroa eraikiko dutela aurreikusten du Serranok.
Osoko bilkura arratsaldeko zazpietan izango da Zumarragako udaletxeko areto nagusian. Ordu erdi lehenago Antiguarekin plataformak prentsaurrekoa deituta dauka interpretazio zentroaren gainean.