Korrika batzordeak herriz-herri sortu eta parte hartzeko deia egin dute
Korrika badator eta gaurtik aurrera hasiko dira herriz herri, antolaketa lanetarako batzordeak sortzen. Goierrin euskalgintza arloan diharduten hainbat eragile elkartu ziren ostiralean Lazkaoko beneditarren artxiboan, ekimena aurkeztu eta goierritarrei parte hartzeko deia egiteko. AEK-ko ordezkariez gain, Joan Joxe Agirre, Dionisio Amundarain, Belen Maiza, Andoni Sarriegi, Mikel Mendizabal eta Marian Bidegain bildu ziren, besteak beste.
Korrikak 1980. urtean egin zuen lehen ibilbidea, eta dagoeneko, 17. edizioa beteko du euskararen aldeko martxa ezagunak. 2011ko apirilaren 7an aterako da Trebiñutik eta 17an iritsiko da Donostiara. Goierrira berriz, apirilaren 13an iritsiko da. Egun horretarako dena prest izan nahi dute ordea, eta aste honetan hasiko dira herriz herri Korrika batzordeak sortzen. Hau da bileretarako jarri duten egutegia:
- Astelehena, 24: Lazkao eta Olaberria
- Asteartea, 25: Legorreta
- Asteazkena, 26: Beasain
- Astelehena, 31: Ataun
- Otsailak 1, asteartea: Ordizia