Merkataritzan produktu berdeak sustatzen jarraituko dute
Legazpiko Udalak eta Ilinti merkatarien elkarteak herriko merkataritza «tradizionalean» produktu berdeak sustatzen jarraitu nahi dute. Horretarako, gai honetan formakuntza eskaintzeko ikastaro bat antolatu dute, 2009an egin zuten bezala. Ikastaroa Le...
Legazpiko Udalak eta Ilinti merkatarien elkarteak herriko merkataritza «tradizionalean» produktu berdeak sustatzen jarraitu nahi dute. Horretarako, gai honetan formakuntza eskaintzeko ikastaro bat antolatu dute, 2009an egin zuten bezala. Ikastaroa Legazpiko merkatari guztiei zuzenduta dago.
Tailerraren helburua, merkatariak gaiaz informatzea, produktu berdeen ezaugarriak eta identifikazioa zehaztea, saltzeko argudioak eskaintzea eta saltokietan garatu daitezken bestelako ekintzak azaltzea izango da.
Saioak otsailaren 7an eta 10ean egingo dituzte, 14:30etik 16:30era. Talde laneko 4 ordu izango dira, gerora lan indibidualarekin osatu beharko dituztenak. Saioak Legazpiko Bikuña jauregian ospatuko dituzte eta Prometea taldeko kideak ariko dira dinamizatzaile moduan. 10-15 merkatariz osatutako taldea bildu nahi dute, «ahal bada papera, garbiketa produktuak, informatika osagaiak, janaria, ehun-gaiak, margoak edota argiztapen sistemak saldu ohi dituztenak». Hala ere, ikastaroa merkatari guztiei irekita dago.
Izena emateko epea gaur itxiko dute eta parte hartzeko interesa dutenek udaletxeko 943737030 telefonora deitu eta Inma Hernandezekin hitz egin beharko dute. Udalaren webgunean (legazpiko-udala.info) ere eman ahalko da izena.
Inma proiektua Herritarren Foroan
Agenda 21eko Herritarren Foroa ere lanean hasi da Legazpin. Lehen bilkura otsailaren 3an egingo dute, udaletxeko batzar aretoan 18:30ean. Bertan, Inma, Haurtzaroa eta Ingurumena proiektuaren ondorio nagusiak ezagutaraziko dituzte.