Zintzo Mintzok zuzendaritza talde berria izendatuko du larunbatean
Urretxuko eta Zumarragako Zintzo Mintzo euskaltzale elkarteak urteko batzar nagusia egingo du datorren larunbatean, hilak 29, Zelai Arizti kultur etxean, 11:00etan. Zuzendaritza berriak hartuko du elkarteko gidaritza.
Larunbateko batzar orokorrean zuzendaritza berria izendatuko dute eta hasi berri den 2011 urteko helburuak eta asmoak zeintzuk diren azalduko dute. Zuzendaritza berriaren kideen izenak batzarrean emango dituzte jakitera.
Batzarrera joateko deialdia egin dute Zintzo Mintzotik elkarteko kide diren guztiei edota euskararen eremuan lan egiteko prest daudenei. «Zuzendaritza talde berria izango dugu, pozteko albistea da, hala ere, gogoratu nahi dugu guztion laguntza beharko dutela», diote euskara elkartetik.
Otamotz aldizkaria Otamotz.com ataria ere izango dute hizpide. Izan ere, aurten Zintzo Mintzok bi proiektu horien kudeaketa zuzena utziko du eta bi komunikabide hauek eskualde mailako euskarazko proiektu handiagoan txertatuko dira.