Emakume alargunak pentsioak murriztuko dituzten beldur dira
Bakardadea gogorra da, baina hare gogorragoa bihurtzen da nork bere kabuz bizimodua atera ezin duenean. Etxean bizi eta lan egin duten emakume askok bizi duten egoera da, alargun gelditzen direnean. Urte luzez familiaren euskarri ekonomiko bakarra gizonezkoaren soldata izan den kasuetan, bakarrik gelditzean, jasotzen duen pentsioaren baitan gelditzen da emakumearen etorkizuna. Espainiako Gobernuak jubilazio adina atzeratzeko hartu duen neurriarekin batera, alarguntza pentsioak kenduko ote dituen zurrumurrua zabaltzen ari da, eta emakume alargunen elkarteak arduratuta daude, etor dakieken egoera beltza ikusita. Euskal Herriko Alargunen Federazioak (FEVI) antolatuta, gai horien inguruan aritu dira solasean Ordizian. Maite Bilbao FEVIko lehendakariak, federazioak eta hau osatzen duten elkarteek urteetan egindako lana eta dituzten aldarrikapenak azaldu zituen, Barrenan bildutako emakumeen aurrean. Bilbaoren ustez, bakardadea da emakume alargunek bizi duten arazo nagusietako bat. Horregatik, kalera atera behar dute. «Emakume alargunak etxetik atera behar du. Egin ditugun ikerketetan, batean eta bestean gehien agertzen den arazoa, bakardadea da. Umeak dituzunean, euren alde borroka egin behar duzu, eta horrek indarra ematen dizu. Baina adin batetik aurrera alargun gelditzen zarenean, 60-70 urterekin, mundua gainera erortzen zaizu». Zentzu horretan, emakume eta jubilatu elkarteen garrantzia azpimarratzen du. «Alargunen edo jubilatuen elkarte baten erreferentzia behar dute, etxetik ateratzen hasteko». Egunero edo gutxienez astean bizpahiru [...]
Bakardadea gogorra da, baina hare gogorragoa bihurtzen da nork bere kabuz bizimodua atera ezin duenean. Etxean bizi eta lan egin duten emakume askok bizi duten egoera da, alargun gelditzen direnean. Urte luzez familiaren euskarri ekonomiko bakarra gizonezkoaren soldata izan den kasuetan, bakarrik gelditzean, jasotzen duen pentsioaren baitan gelditzen da emakumearen etorkizuna. Espainiako Gobernuak jubilazio adina atzeratzeko hartu duen neurriarekin batera, alarguntza pentsioak kenduko ote dituen zurrumurrua zabaltzen ari da, eta emakume alargunen elkarteak arduratuta daude, etor dakieken egoera beltza ikusita.
Euskal Herriko Alargunen Federazioak (FEVI) antolatuta, gai horien inguruan aritu dira solasean Ordizian. Maite Bilbao FEVIko lehendakariak, federazioak eta hau osatzen duten elkarteek urteetan egindako lana eta dituzten aldarrikapenak azaldu zituen, Barrenan bildutako emakumeen aurrean.
Bilbaoren ustez, bakardadea da emakume alargunek bizi duten arazo nagusietako bat. Horregatik, kalera atera behar dute. «Emakume alargunak etxetik atera behar du. Egin ditugun ikerketetan, batean eta bestean gehien agertzen den arazoa, bakardadea da. Umeak dituzunean, euren alde borroka egin behar duzu, eta horrek indarra ematen dizu. Baina adin batetik aurrera alargun gelditzen zarenean, 60-70 urterekin, mundua gainera erortzen zaizu». Zentzu horretan, emakume eta jubilatu elkarteen garrantzia azpimarratzen du. «Alargunen edo jubilatuen elkarte baten erreferentzia behar dute, etxetik ateratzen hasteko». Egunero edo gutxienez astean bizpahiru aldiz etxetik atera behar dutela dio Bilbaok, «bestela zirkulu arriskutsu batean sartzen dira. Bakardadeak depresioa eragiten du eta oso deprimituta zaudenean, ez duzu etxetik atera nahi, asko kostatzen da». Horregatik elkarte horiek «erreferente» izan behar dute emakume hauentzat, bakarrik sentitzen direnean, «haietara jo dezaten».
«Arazo larri baten aurrean»
Une honetan, emakume alargunak «arazo handi baten aurrean» daudela azaldu du Bilbaok. «Izan ere, laster aterako den pentsioen erregulazioa dela-eta, alarguntza pentsioa desagertuko ote den zurrumurrua dago». Itxura denez, «dagoeneko alarguntza pentsioa jasotzen ari garenon kasuan hori ez da aldatuko, baina hemendik aurrera alargun gelditzen direnen kasuan, legea gogortzeko asmoa dute».
Aldaketa nagusia, alargun gelditzen den emakumea, lanerako adinean badago, lan merkatuan sartzera behartuko dutela da. «Bi urteko pentsio bat ematen dizute, gero lana bilatzekotan» azaldu du Bilbaok. «Eta nik diot, gaur egun dauden lan arazoekin, 55 edo 60 urteko emakume bat nola sartuko da lan merkatuan? Zer aukera izan dezake emakume horrek?». Bilbaoren ustez ordea, «kotizatutako urteak, unitate familiarrarenak izan behar lirateke, eta ez gizonarenak bakarrik». Adibide batekin azaldu zuen aldarrikapen hau: «Berrogeita hamar urteko emakume bat, bizi osoa bikotekidearekin egin duena, orain alargun gelditzen da eta zera esaten diote: ‘Ez, nola ez duzun kotizatu, zeure kabuz moldatu behar duzu’. Baina errealitatea zera da, emakume horrek ere lan egin duela. Eta gizonak kotizatu duena, bien lanari esker, unitate familiarrari dagokiola». Aldaketa hauek sortu dezaketen egoeraren aurrean kezkatuta agertu da Bilbao. «Lotsagarria da. Urteak daramatzagu gure bizi kalitatea hobetu nahian, baina azkenean gure bizimodua ez okertzeko egin beharko dugu borroka». Aldaketa hauen guztien aurrean ordea, «ofizialki ez dakigu ezer. Batean eta bestean entzun ditugun kontuak dira, eta zurrumurru asko ari da zabaltzen. Badakigu erretiro adina 67 urtera atzeratu nahi dutela; baita kotizazio urteak 15etik 20ra pasako direla ere, baina ez dakigu zer gertatuko den alarguntza pentsioekin».
Urtarrilaren 28rako espero dute pentsioen erreformaren inguruko albistea. «Behin erregulazioa ikusitakoan, aztertuko dugu eta prentsa bidez jakinaraziko dugu gure iritzia. Eta mobilizazioren bat egin behar bada, kalera aterako gara» azaldu du Bilbaok.
Pentsioen gaia arriskuan ikusten badute ere, azken urteetan egin duten aldarrikapena, hartu litezkeen neurri horien kontrako bidean doa. Alargunek, «alarguntza pentsioa, oinarri arautzailearen %70era arte handitzea da, lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatuz». Alargun elkarteek egindako kalkuluen arabera, «emakume bat alargun gelditzen denean, familiaren gastuak %20 inguru jaisten dira, ez gehiago. Baina gastu orokorrak berdinak dira. Bizilagunen kuota, udaletxeko zergak, argia, ura…». Horren aurrean ordea, «pentsioak oso eskasak dira. Badaude 300 eta 400 euroko pentsioak kobratzen dituzten alargunak, eta horrek, pentsatuko duzuen bezala, ez du askorako ematen» Bilbaok dionez.
Informazioa zabaldu nahian
Emakume alargunek, pentsioez gain, erakunde publikoetatik laguntzak jasotzeko aukera ere badute. Arazoa, informazio falta izaten da, ordea. Askotan, alargunak «laguntza horiek jaso gabe gelditzen dira, ez zekitelako aukera hori zutenik ere. Etxean konponketak egiteko dauden laguntzak adibidez; herritar guztientzako dira, baina alargunok errenta baxuak ditugunez, dezenteko laguntzak lor ditzakegu. Baina ez dakiena, laguntza horiek eskatu ere egin gabe» gelditzen da.
Horrelakorik gerta ez dadin, federaziotik «komunikazio bideak zabaldu ditugu erakundeekin, gure ahotsa entzun arazteko». Bide horretatik, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin lortutako akordioak azpimarratu ditu. Emakume alargunen egoera ezagutzeko azterketa bana egin dugu bi herrialdeetan. Araban koadrilaz koadrila azaldu ditugu azterketaren emaitzak eta aurten beste horrenbeste egingo dugu Gipuzkoan» Bilbaok dionez.
Hogeita hamar urtetik gora alargunen egoera hobetzeko borrokan
Euskal Herriko Alargunen Federazioak (FEVI) 30 urtetik gora daramatza emakume alargunen eskubideen alde lanean. Gasteizen sortu zuten aurreneko elkartea, 1973an; haren atzetik etorri ziren Donostia eta Bilbokoak, bizpahiru urteko tartean. Aurreneko elkarte haiek indarrak batu eta federazio moduan lan egiten hasi ziren. Ofizialki ordea, 1992an erregistratu zuten federazioa. Gaur egun, EAEko 13 elkartek osatzen dute. Gipuzkoa mailan, bi daude, bata Donostian eta bestea Eibarren. Elkarte guztien ordezkariak, hilero elkartzen dira Bilbon. FEVIk, emakume alargunei maila legal, afektibo, psikologiko eta sozialean laguntza ematen diete, eta emakume alargunen egoera hobetzeko «etengabeko borrokan» dihardu.