Cajasolen erreklamazioa aintzat hartu du errugbi federazioak
Cajasol Ciencias Sevilla taldeak La Vilaren aurkako partidan sumatu zituen irregulartasunak direla medio erreklamazioa aurkeztu zuen joan den astean Espainiako Errugbi Federazioan, eta federazioak onartu egin ditu erreklamazio horiek. Orain, astebeteko...
Cajasol Ciencias Sevilla taldeak La Vilaren aurkako partidan sumatu zituen irregulartasunak direla medio erreklamazioa aurkeztu zuen joan den astean Espainiako Errugbi Federazioan, eta federazioak onartu egin ditu erreklamazio horiek. Orain, astebeteko epea du La Vilak bere alegazioak aurkezteko. Araudiaren arabera, Espainiako selekziora deituak izan daitezkeen zortzi jokalari izan behar dituzte taldeek gutxienez zelaian, eta Cajasolen arabera, La Vilak arau hori urratu zuen elkarren aurkako partidan. La Vilak irabazi zuen partida hura, 18 eta 12. Federazioaren diziplina batzordeak Cajasoli arrazoia emango balio, partidako bost puntuak galduko lituzke La Vilak, eta beste bost puntuko zigorra ere ezarriko lioke. La Vila Espainiako Ohorezko Maila liderra da 65 punturekin, eta Ampo Ordizia hirugarren doa 56rekin (partida bat gutxiago du ordea), eta zigorra ezarriz gero 55 punturekin geldituko litzateke La Vila.
Cajasolek dioenez, La Vilaren jokalari Joe Hutchinson Ingalaterrako selekzioaren beheko mailatan aritutakoa da, eta atzerritar lekua betetzen du beraz. Horrez gain, jokalari batzuen aldaketa ez zela behar bezala egin dio Cajasolek, eta minutu batzuetan 16 jokalarirekin aritu zela La Vila jokoan. Alacanteko taldeak astebeteko epea du alegazioak aurkezteko, eta diziplina batzordeak, printzipioz, ez du epe mugarik auzi honen gaineko erabakirik emateko.