Guillermo Aldalur ‘Pikua’: “Soldadutzan soinua jotzeagatik 18 hilabetetik 11 libratu nituen”
Festarako soinujolea ezinbesteko pertsonaia «estimatua» zen garaia ezagutu du Aldalurrek. Erromeria ugari alaitu ditu ‘Pikua’-k, eta Loiola Irratiko lehen grabazioa berari egin zioten. Hatzak moteldu arren, soinujolearen memoria arin-arin darabil. Hari egindako elkarrizketa argitaratu du gaur Gipuzkoako Hitza-k. Aimar Maiz – Lazkao Festa askotan ibiliak istorioak ugari izan ohi ditu kontatzeko, eta halakoxea da Guillermo Aldalur Pikua-ren (Azkoitia, 1933) bilduma: oparoa. Soinuarekin makina bat bazter alaitu ditu, festa jartzea baitzen bere lana. Gaztelako herri batera mando gainean eraman zutenekoa, Madrilen Bilboko Athleticek irabazi zuenean korrika hanka egin behar izan zutenekoa, soinua jotzearen truke soldadutzan lortzen zituen baimenak, Gelatxo, Landakanda, Elosuko eta Aizpurutxoko garaiak… Gila umoregilearekin aritua da, baita Moncloa jauregian ere. Azkoitiko Pikua tabernako semea da Loiola Irratian grabatu zuten lehen musikaria, orain 50 urte. Lazkaon bizi da orain, Legazpin urte asko igaro ondoren. Soinua aspaldian jo al duzu? Tristealdian nabil eta asko ez. Baina tarteka jotzen dut, astebete edo izango da. Organoa jaiero jotzen dut Gabirian. Orain behatzak ez dira lehengo lekura joaten. Pieza jakintsuak moldatzen ditut, baina ez lehen bezala. Nondik datorkizu musikako afizioa? Fraide salesiarretan egon nintzen ikasten eta han musika pixkat ikasi nuen. Etxean, arreba zaharrenarekin zebilen Pedro Elortza, soinujole ona; astero lezioak hartu eta harekin [...]
Festarako soinujolea ezinbesteko pertsonaia «estimatua» zen garaia ezagutu du Aldalurrek. Erromeria ugari alaitu ditu ‘Pikua’-k, eta Loiola Irratiko lehen grabazioa berari egin zioten. Hatzak moteldu arren, soinujolearen memoria arin-arin darabil. Hari egindako elkarrizketa argitaratu du gaur
Gipuzkoako Hitza-k.
Aimar Maiz – Lazkao Festa askotan ibiliak istorioak ugari izan ohi ditu kontatzeko, eta halakoxea da Guillermo Aldalur Pikua-ren (Azkoitia, 1933) bilduma: oparoa. Soinuarekin makina bat bazter alaitu ditu, festa jartzea baitzen bere lana. Gaztelako herri batera mando gainean eraman zutenekoa, Madrilen Bilboko Athleticek irabazi zuenean korrika hanka egin behar izan zutenekoa, soinua jotzearen truke soldadutzan lortzen zituen baimenak, Gelatxo, Landakanda, Elosuko eta Aizpurutxoko garaiak… Gila umoregilearekin aritua da, baita Moncloa jauregian ere. Azkoitiko Pikua tabernako semea da Loiola Irratian grabatu zuten lehen musikaria, orain 50 urte. Lazkaon bizi da orain, Legazpin urte asko igaro ondoren.
Soinua aspaldian jo al duzu?
Tristealdian nabil eta asko ez. Baina tarteka jotzen dut, astebete edo izango da. Organoa jaiero jotzen dut Gabirian. Orain behatzak ez dira lehengo lekura joaten. Pieza jakintsuak moldatzen ditut, baina ez lehen bezala.
Nondik datorkizu musikako afizioa?
Fraide salesiarretan egon nintzen ikasten eta han musika pixkat ikasi nuen. Etxean, arreba zaharrenarekin zebilen Pedro Elortza, soinujole ona; astero lezioak hartu eta harekin ikasi nuen. Koinatuak bidaltzen ninduen soinua jotzera, Arabara. Lan asko edukitzen zuen herri txikietan.
Fraideekin egon zinen? Non?
Bartzelonan, San Vicente de les Sortsen. Han bi urte egin nituen, eta beste urtebete Huescan. Goseagatik itzuli nintzen. Ama zenari batean esan nion: «Yo no voy más», erdaraz, euskara ere ia ahaztuta. Ama, harrituta; “nik hau ez diat betetzen” egiten zuen.
Asko ibiltzen zinen soinu jotzen?
Fabrikatik baimena edukitzen nuen. Orduak sartzen nituen lan egin behar zenean. Azkenean fabrikatik bidali egin ninduten, egun asko faltatzen nituen eta. «Edo soinua, edo fabrika» esan zidaten. Orduan soinuarekin ondo irabazten nuen eta harekin segitu behar nuela esan nien. Goizean Azkoitian despeditu, eta arratsaldean Azpeitian beste fabrika batean lanean ari nintzen.
Lehenengo plaza gogoan duzu?
Garai batean Araba Gipuzkoa baino hobeto ezagutzen nuen. Lehenengo bidali ninduten lekua Baroja herria izan zen, Lagranen ondoan. Gero Murgia aldean asko ibili nintzen, Estibalitzen, Gaunan… Gipuzkoan leku askotan ibilita nago; gehiena Elosun, jaiero. Erromeria ona egiten zen han. Bizikleta Aizpurutxon utzi, eta soinua bizkarrean nuela gora.
Makina bat bazkari eder egina omen zara…
Beno! Kiruriko Joxinixio laguna nuen, eta hango ezkontza gehienak neuk pasatzen nituen. Orduan soinujolea bazkaltzera joaten zen, eta hantxe jan nuen nik langosta nahikoa! Baserritar baten boda bazen langosta jaten ez zekiten, eta denek niri ematen zidaten. Ni ikasita nengoen!
Zer motako musika jotzen zenuen?
Normala. Pasodoblea, baltsa eta tangoa izaten zen normala. Fox batzuk… Dena horrelakoa.
Baltseoa debekatutako garaia ezagutu al zenuen?
Ezagutuko ez nuen ba! Aizpurutxon leku batean libre zen, eta bestean ez. Bergarako partean baltsean egiten zen, errepidean egiten zen erromeria. Beste aldean ez zuten uzten, muga zen.
Loiola Irratian lehenengo grabazioa zuri egin zizuten, aurten 50 urte.
Al dira? Ezkondu ginen urtea orduan. Azkuntzak egin zigun grabazioa, Iturbide zen pandero jotzen. Juergan genbiltzan Kirurin; grabatu egin behar zela eta denok joan ginen koadrilan. Ardo goxoa gailetekin atera zigun, eta zuzenean grabatu genuen gela batean.
Beti soinuarekin ez zinen ibiliko.
Gehienean bai. Parranda beti soinuarekin, eta soldadutzara ere halaxe joan nintzen. Gila umoristarekin jota nago Radio Madriden. Casa del Campon ere bai, kristoren erromeriak egiten ziren han. Dantzaria sekula ez naiz izan, baina parranda beti soinuarekin. Ondo jotzen nuen orduan.
Non egon zinen soldadu?
Alcala de Henaresen, aireko armadan. Airean ere ibilita nago. Orduan ez zen telebistarik, eta ofizialek «que venga el acordeonista» esaten zuten. Haiekin egon, eta «quieres volar, acordeonista? Pues mañana a la pista» esaten zidaten. Paraxutisten pasea egiten zidaten, eta hala ibiltzen nintzen airean. Ofizialek afarietara eta bazkarietara ere eramaten ninduten; askotan ez zituzten emazteekin egiten… Ni paretari begira jartzen ninduten soinu jotzen, eta beraiek dantzan. Isil-isilik egoteagatik hilabeterako permisua ematen zidaten. Dena kontatuta 18 hilabeteko soldaduskatik 11 hil etxean egin nituen. Goardia bat bakarrik egin nuen, eta lagunari laguntzeagatik.
Nolako erromeriak edo festak ezagutu zenituen hasierako garaietan?
Oraingo aldean dotoreak. Orduan soinua adituz gero jendea dantzara biltzen zen. Elosun mahai baten gainean jotzen nuen, eta aimaritakoak jotakoan denak etxera. Han agarratuan egiten zen, Bergarako partea zelako. Pentsa zer dominio zuten lehengo apaizek, aimaritakoak emandakoan jendeak eskatuta pieza jotzen ari nintzela etorri eta ra!soinua itxi zidan apaizak. Denak isilik, inork ez zuen ezer esan. Orain adina jakin banu…