Udal hauteskundeetarako lan ildoak zehaztu ditu Beasaingo ezker abertzaleak
Beasaingo ezker abertzaleak maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako zehaztuko duen herri programa osatzeko zein lan ildo jarraituko dituen zehaztu du. Hainbat herritar eta eragile sozialekin bildu ondoren Beasaingo diagnosia egin dute, eta herrian dauden beharrak identifikatu eta izendatu. Diagnosi horretan oinarrituta zehaztu du Beasaingo ezker abertzaleak datozen hauteskundeetarako Herri Programa. Programa hori gehiago zehazteko helburuarekin, herritar guztiei dei egin diete programaren eraikuntzan parte hartzera. Horretarako hiru kominikazio bide erabiliko dituztela zehaztu dute: otsailean zehar beasaindar guztiei inkesta bat banatuko zaie etxeetako postontzietan eta bertan herriaz duten iritzia eta ikuspegia zein den azaldu ahalko dute. Galdetegi horiek jasotzeko herriko hainbat txokotan buzoiak jarriko dituzte. Helbide elektroniko bat ere sortu dute herritarren ekarpenak eta iritziak biltzeko: beasain@herriprograma2011.net. Azkenik, diagnosia egiteko bildu diren pertsona eta eragile ezberdinekin berriz biltzeko asmoa agertu dute. “Egoera ez demokratikoa aprobetxatu dute” Beasaingo ezker abertzalearen iritziz, “alderdiaren ilegalizazioak markatu du orain bukatzen den legealdia. Alderdi batzuk bultzatuta (PP eta PSE-EE) eta besteak ados ez daudela esan arren (EAJ), praktikan onarturik, denek atera diote probetxu egoera ez demokratiko honi” eta horrek, Beasaingo Udalaren funtzionamenduan, “eragina” izan duela salatu dute. Hala, ezker abertzalea Udal batzarretako bozketatik kanpo egonik, alkatetzaren jarrera bi norabidetakoa izan dela diote: “Gurekiko, pribatuan, itxurazko elkartasuna adierazi [...]
Beasaingo ezker abertzaleak maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako zehaztuko duen herri programa osatzeko zein lan ildo jarraituko dituen zehaztu du. Hainbat herritar eta eragile sozialekin bildu ondoren Beasaingo diagnosia egin dute, eta herrian dauden beharrak identifikatu eta izendatu. Diagnosi horretan oinarrituta zehaztu du Beasaingo ezker abertzaleak datozen hauteskundeetarako Herri Programa.
Programa hori gehiago zehazteko helburuarekin, herritar guztiei dei egin diete programaren eraikuntzan parte hartzera. Horretarako hiru kominikazio bide erabiliko dituztela zehaztu dute: otsailean zehar beasaindar guztiei inkesta bat banatuko zaie etxeetako postontzietan eta bertan herriaz duten iritzia eta ikuspegia zein den azaldu ahalko dute. Galdetegi horiek jasotzeko herriko hainbat txokotan buzoiak jarriko dituzte. Helbide elektroniko bat ere sortu dute herritarren ekarpenak eta iritziak biltzeko: beasain@herriprograma2011.net. Azkenik, diagnosia egiteko bildu diren pertsona eta eragile ezberdinekin berriz biltzeko asmoa agertu dute.
“Egoera ez demokratikoa aprobetxatu dute”
Beasaingo ezker abertzalearen iritziz, “alderdiaren ilegalizazioak markatu du orain bukatzen den legealdia. Alderdi batzuk bultzatuta (PP eta PSE-EE) eta besteak ados ez daudela esan arren (EAJ), praktikan onarturik, denek atera diote probetxu egoera ez demokratiko honi” eta horrek, Beasaingo Udalaren funtzionamenduan, “eragina” izan duela salatu dute.
Hala, ezker abertzalea Udal batzarretako bozketatik kanpo egonik, alkatetzaren jarrera bi norabidetakoa izan dela diote: “Gurekiko, pribatuan, itxurazko elkartasuna adierazi dute, baina ofizialki gure ordezkaritza ezkutatu eta ixiltzea iza da leloa”. Herriarekiko berriz, hainbat aldaketa urbanistiko ikusi daitezkeela gaineratu dute, baina herritarren sentsazioa “gazteluko burukideen gobernupean” egotearen berdina dela gaineratu dute.
Ordutegiak eta plenoak herritarren beharretara egokituta
Ezker abertzalearen ustez orain arte ez da behar den bezala bideratu norbanako eta taldekako herritarren parte hartzea Beasainen, eta, horregatik, bileren ordutegiak eta plenoen araudia aldatu eta herritarren beharretara egokitu behar dela uste dute. Kudeaketa filosofiak eta lan ohiturek astindu bat behar dutela gaineratu dute, eta, bereziki, euskarak bultzada berezia behar duela.
“Azken 30 urteetan bezala”, ezker abertzalea politika egiteko prest agertu da. Zutik Euskal Herria abiatu zenetik Gernikako Akordioraino ireki diren bide berriekin jarraituz, “indar guztiak Euskal Herriaren eraikuntza eta egiazko eraldaketa sozialaren alde lanean jartzea” izango da ezker abertzalearen helburua datozen udal eta foru hauteskundeei begira.
Bihar elkarretaratzea
Ezker abertzalearen legalizazioa eskatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar 12:30ean Zubimuzu plazan Orain legalizazioa! Gora Ezker Abertzalea lelopean.