Agurtu dituzte San Blas jaiak
Hainbat egunez festan murgilduta egon ondoren, atzo agurtu zituzten idiazabaldarrek San Blas jaiak. Horrelakoetan ohikoa den moduan, gehienek tristura sentitu zuten. Badira ordea, lasaitasun apur bat nabaritu zutenak ere «datorren urtera arte etena egiteak mesede egingo die gure gorputzari eta poltsikoari» zioen batek irribarrez. Atzorako prestatutako egitarauari hasiera ematen lehendabizikoak haurrak izan ziren. Eguerdiko hamabietan herriko dantzariek saioa egin zuten Igarondo pilotalekuan. Dantzari txikiak pozik irten ziren kantxara eta frontoian bildutako senitarteko eta lagunek adi-adi jarraitu zituzten etxeko txikien mugimenduak. Dantza saioa bukatu eta bazkaltzera joan aurretik, zenbait tragoxka hartu zituen jendeak herriko tabernetan eta festa giro polita sortu zen eguerdi partean. Herri kirol saioa Arratsaldean, 17:30etik aurrera herri kirol saioa jokatu zuten hainbat idiazabaldarrek Igarondo pilotalekuan eta jende asko gerturatu zen bertara, lehia ikusi asmoz. Trontzan lau bikotek parte hartu zuten: Lurdes Intsaustik eta Andoni Katalinak, Haritz Ugartek eta Joseba Escuderok, Nerea Garciak eta Aitor Urteagak eta eta Xabi Urteagak eta Ander Berasategik. Bikote bakoitzak lau korte egin behar izan zituen. Lurdes Intsaustik eta Andoni Katalinak erraz irabazi zuten norgehiagoka. Irabazleek 2.46,85eko denbora behar izan zuten lana bukatzeko. Bigarren Haritz Ugarte eta Joseba Escudero geratu ziren, 3.22,91ko denborarekin. Hirugarren Xabi Urteagak eta Ander Berasategik egin zuten 3.26,27ko denborarekin eta [...]
Hainbat egunez festan murgilduta egon ondoren, atzo agurtu zituzten idiazabaldarrek San Blas jaiak. Horrelakoetan ohikoa den moduan, gehienek tristura sentitu zuten. Badira ordea, lasaitasun apur bat nabaritu zutenak ere «datorren urtera arte etena egiteak mesede egingo die gure gorputzari eta poltsikoari» zioen batek irribarrez.
Atzorako prestatutako egitarauari hasiera ematen lehendabizikoak haurrak izan ziren. Eguerdiko hamabietan herriko dantzariek saioa egin zuten Igarondo pilotalekuan. Dantzari txikiak pozik irten ziren kantxara eta frontoian bildutako senitarteko eta lagunek adi-adi jarraitu zituzten etxeko txikien mugimenduak.
Dantza saioa bukatu eta bazkaltzera joan aurretik, zenbait tragoxka hartu zituen jendeak herriko tabernetan eta festa giro polita sortu zen eguerdi partean.
Herri kirol saioa
Arratsaldean, 17:30etik aurrera herri kirol saioa jokatu zuten hainbat idiazabaldarrek Igarondo pilotalekuan eta jende asko gerturatu zen bertara, lehia ikusi asmoz.
Trontzan lau bikotek parte hartu zuten: Lurdes Intsaustik eta Andoni Katalinak, Haritz Ugartek eta Joseba Escuderok, Nerea Garciak eta Aitor Urteagak eta eta Xabi Urteagak eta Ander Berasategik. Bikote bakoitzak lau korte egin behar izan zituen.
Lurdes Intsaustik eta Andoni Katalinak erraz irabazi zuten norgehiagoka. Irabazleek 2.46,85eko denbora behar izan zuten lana bukatzeko. Bigarren Haritz Ugarte eta Joseba Escudero geratu ziren, 3.22,91ko denborarekin. Hirugarren Xabi Urteagak eta Ander Berasategik egin zuten 3.26,27ko denborarekin eta laugarren Nerea Garcia eta Aitor Urteaga geratu ziren 4.42,56ko denborarekin.
Trontzan indarrak neurtu eta gero, aizkora lehiari ekin zioten. Hiru bikotek parte hartu zuten: Aitor Urteagak eta Tomas Aldasorok osatutako bikoteak, Artzeiz Mujikak eta Haritz Ugartek osatutakoak eta Aitor Zuriarrainek eta Jon Alustizak osatutako bikoteak.
Lehendabizi 45 ontzako enborra zenbat kolpetan ebaki, jokatu zuten. Aitor Zuriarrainek eta Jon Alustizak 42 kolpetan jada ebakita zuten. Aitor Urteagak eta Tomas Aldasorok 46 kolpe behar izan zituzten lana bukatzeko eta Artzeiz Mujikak eta Haritz Ugartek berriz, 64 kolpe. Horrenbestez, Zuriarrain eta Alustiza izan ziren proba hori irabazi zutenak.
Bigarren proban kanaerdiko bi enbor ebaki behar izan zituzten ahalik eta denbora gutxienean. Aitor Urteagak eta Tomas Aldasorok 4 minutu eta 46 segundu behar izan zituzten lana bukatzeko. Aitor Zuriarrainek eta Jon Alustizak 6 minutu eta 14 segundu eta Artzeiz Mujikak eta Haritz Ugartek 6 minutu eta 33 segundu. Horrenbestez, Urteaga eta Aldasoro nagusitu ziren proba horretan.
Behin herri kirol lehia bukatu eta gero kirolari guztiak elkartu eta argazkia ateratzeko aprobetxatu zuten.
Talo jana
Herri kirol lehia bukatu aurretik, Autodeterminazio Eskubidearen Aldeko Herri Ekimenekoak taloak prestatzen hasita zeuden plazan. Lehia bukatu eta jende gehiena plazara abiatu zen eta ilara handiak sortu ziren. Taloak jateaz gain sagardoa edateko aukera ere izan zuen jendeak.
Gero axariaren igoerarekin eta buruhandiekin eman zieten bukaera ofizialki San Blas jaiei.