Biloreren egoera bideratzea eskatzeko ekinbideak hasiko dituzte Zaldibian
Zaldibiako Bilore lantegi zaharrean azken bospasei urteetan –enpresa itxi zenetik– gertatzen ari den utzikeriak kezkatuta, ekinbide herrikoiak egiten hastea erabaki zuten aurreko ostegunean egin zen herri batzarrean. Udala kudeatzeko batzordeak dei...
Zaldibiako Bilore lantegi zaharrean azken bospasei urteetan –enpresa itxi zenetik– gertatzen ari den utzikeriak kezkatuta, ekinbide herrikoiak egiten hastea erabaki zuten aurreko ostegunean egin zen herri batzarrean. Udala kudeatzeko batzordeak deituta, azken aldian egin diren urratsen berri eman zuten bileran, 60 bat herritarren aurrean. Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari esku har dezaten eskatzeko jardunbideak ere adostu dituzte. Larunbatean, otsailak 12, elkarretaratzea egingo dute fabrikaren aurrean, eta sinadurak bilduko dituzte.
Bilore zenaren eraikinean egin diren lapurretek ezinegona sortu dute auzotarrengan, baita beldurra ere. «Inguruan bizi diren herritarrek jasan behar izaten dituzten zarata, beldur eta arriskuez hitz egin zuten». Osasunarentzat arrisku faktoreak daudela ere jakinarazi dute, xaboi lantegian erabili ohi zituzten hainbat material –amiantoa, sufrea, azido sulfurikoa…– «agerian» geratzen ari direlako batetik. Bestetik, «erregulatu gabeko lanetan» amiantoa erre dutela ohartarazi du Kudeaketa Batzordeak; «horrek sorturiko kutsadura herrian barrena zabaldu da, usain eta ke beltzaren bidez».