AEK-k 'Euskalaketa' lehia jarri du abian eta parte hartzeko deia egin die goierritarrei
Korrika 17 girotzeko helburuarekin Euskalaketa, euskarazko bakarrizketa lehiaketa jarri dute abian AEK-k eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Goierriko AEK-k bertan parte hartzera animatu nahi ditu goierritarrak.
Nekane Munduate Goierri beheko Korrika arduradunak esan duenez, lehiaketaren funtsa euskalakaririk onena aukeratzea da. Txapelketa Euskal Herri osoan jokatuko dute martxoan zehar eta herrialdekako kanporaketak ere egingo dituzte. Finala berriz, apirilaren 17an izango da Donostian, Korrika bukaerako festan.
Lehiaketa horretan edonork parte hartu ahal izango du, baina kanporaketa bakoitzean, 6-7 parte-hartzaile onartuko dituzte eta horrek herrialderen batean kanporaketa bat baino gehiago egitea ekar lezake.
Kanporaketa bakoitzean lehiakideek bi lan burutu beharko dituzte: lehendabizi bakoitzak aurretik prestatutako gai libreko bakarrizketa egin beharko du. Lan horrek gehienez zortzi minutuko iraupena izango du. Ondoren guztientzako berdina izango den gai bat garatu beharko du bakoitzak, euskalakari hitza eta bost minutu izango ditu, gehienez, bigarren lan hori aurkezteko. Munduatek jakitera eman duenez, norberak aukeratu ahal izango du antzezpena edo bakarrizketa egiteko erabiliko duen formatoa.
Bakarrizketarik onena zein izango den erabakitzeko, Antzerkizale Elkarteak izendatuko ditu kanporaketetarako epaimahai kideak. Dena den, pubikoak ere bozkatzeko aukera izango du, saioetan bertan. Sariei dagokionean, lehiaketaren irabazleak bi pertsonarentzako Kariberako bidaia eskuratuko du eta bigarren egiten duenak berriz, bi pertsonarentzako astebukaerako egonaldiak hainbat landetxetan.
Otsailaren 28ra bitartean eman ahal izango da izena, korrika17@gmail.com-era idatzita. Parte hartzaileek datu hauek eman beharko dituzte: izen-abizenak, herrialdea, telefonoa eta posta elektronikoa.
Interesa piztu du
Euskalaketa lehiaketak hainbat goierritarren interesa piztu du. Legorretako Korrika Batzordeari esaterako interesgarria iruditu zaio txapelketa hori, baina, «Legorretatik Euskal Herri mailako lehiara norbait animatzea zail samarra iruditzen zaionez» herri mailako Euskalaketa lehiaketa antolatzea erabaki du. Otsailaren 25ean egingo dute txapelketa bertako gaztetxean.
Bestalde, Nekane Munduatek aipatu duenez, Korrika kulturalaren barruan ikus-entzunezkoen sorkuntzari ere lekua egin nahi dio AEK-k. «Gaur egun, edozein adin tarteko jendeak, batez ere gazteek, ikus-entzunezko baliabideekiko duten hurbiltasuna kontutan edukita, bideo lehiaketa berezi eta berritzailea martxan jartzea pentsatu dugu: Euskalaklip, alegia».
Euskalaklipen parte hartu nahi duenak, bideo-klip formatua erabili behar du eta lanek gehienez hiru minutuko iraupena izan behar dute. Korrika 17ren leloa, Maitatu, ikasi, ari… euskalakari, gutxienez behin erabiltzea ere eskatzen dute antolatzaileek.
Lanak korrika17@gmail.com helbidera bidali behar dira otsailaren 25era baino lehen. Bozketa on line egingo dute. Hau da, Korrikaren webgunean emandako botoen bitartez erabiltzaileek aukeratuko dute irabazlea, martxoaren 4a baino lehen. Irabazleak Mac gailu bat etxeratuko du.