Gaintzako udaletxe berriaren lehen harria gaur jarri dute
Gaintzako udaletxe berriaren lehen harria gaur jarri dute eguerdiko hamabietan eta bertan izan dira besteak beste, Rafael Uribarren Landa Ingurunearen Garapeneko diputatua eta Inazio Garmendia Gaintzako alkatea. Landagipuzkoa 32 egitasmoak lagunduta eg...
Gaintzako udaletxe berriaren lehen harria gaur jarri dute eguerdiko hamabietan eta bertan izan dira besteak beste, Rafael Uribarren Landa Ingurunearen Garapeneko diputatua eta Inazio Garmendia Gaintzako alkatea.
Landagipuzkoa 32 egitasmoak lagunduta egingo dute Gaintzan udaletxe berria. Udaletxearen ondoan berriz, lau etxebizitza eta garajeak eraikiko dituzte. Inazio Garmendia Gaintzako alkateak jakitera eman duenez, bi helburu beteko ditu proiektu horrek. Batetik lekua izatea, “zerbitzu duin” batzuk eskaini ahal izateko eta bestetik, herriko gazteei etxebizitza eskaintzea biztanlegoaren gainbehera ekiditeko. Horregatik, Gaintzako alkatearen iritziz beraien garapenerako “lehentasunez gauzatu beharreko plana da”.
Lanek guztira 838.000 euroko kostua izango dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 500.000 euroko laguntza emango dio Gaintzako Udalari.
Proiektuaren ezaugarriak
Udal zerbitzuak eta erabilera anitzeko lokalak Ostatu-Etxeberri izeneko eraikina zegoen lekuan egingo dituzte. Eraikin berriak lau solairu izango ditu. Beheko solairuan herriko elkartearentzako lokala eraikiko dute. Lehenengo solairuan udaletxea egingo dute. Bigarren solairuan erabilera anitzeko gela, osasun eta gizarte zerbitzuak eta bake epaitegia ipiniko dituzte eta hirugarren solairuan berriz, KZgunea, multimedia gela eta liburutegia.
Udaletxearen beste aldean egingo dituzte lau etxebizitzak eta garajeak.
Rafa Uribarren diputatuak jakitera eman duenez, behin lanak egin eta gero, lehengo lokal batzuk libre geratuko dira eta horrek etorkizunean beste proiektu batzuk abian jartzea erraztuko du.













