Beasaingo kale bat, Amiantorenei eskulturatik begiratuta
Azken urteetan laneko gaixotasun hilgarrien eragile nagusia bihurtu da amiantoa. Hiltzaile ixila deitzen diote, bere eragina ez baita bat-batekoa. Pixkanaka eta konturatu gabe egiten du kaltea, eta gerora agertzen dira haren ondorioak. Ikerketek diotenez, datozen hogei urteetan 10.000 lagun hilko dira Hego Euskal Herrian, amiantoak eragindako gaitzengatik. Kaltetutako langileak eta euren senideak biltzen dituen Asviamie elkarteak, amiantoaren mapa bat egiteko eskatu die erakunde publikoei, non erabili izan den eta arrisku gune nagusiak zein diren jakiteko. Beasainen, Ordizian eta Legazpin, aldarrikapen horiek jasotzen dituen mozio bana onartu dute azken asteotan.
Amiantoaren erabilera, 60. hamarkadaren erdialdera hasi zen zabaltzen, baina batez ere, 70. hamarkadan erabili zen Euskal Herriko industria eta eraikuntza sektoreetan. Elkarteak emandako datuen arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 174 enpresak eta 25.000 langilek erabili dute amiantoa, kasurik gehienetan, gutxieneko segurtasun neurriak kontuan hartu gabe. 1984. urtean, material hau erabiltzen zuten enpresen erregistro bat egin zuten, baina harrezkero ere, enpresa askok kontrolik gabe erabili dutela salatu dute sindikatuek. Osasunari egiten zion kaltea ikusita, Europako hainbat herrialdetan debekatu egin zuten 90. hamarkadan; 2002an Espainiar Estatuak eman zuen pausoa eta 2005ean Europako Batasun osora zabaldu zen erabakia.
Debekuak debeku ordea, 1965 eta 1985. urteen artean eraikin eta etxebizitza asko egiteko amiantoa erabili izan da, eta arrasto horiek hor jarraitzen dute oraindik. Hori dela-eta, Asviamie elkarteak egiten duen aldarrikapen nagusietako bat da amiantoaren mapa egitea. Batetik, material hori zein enpresetan erabili izan den jasoko luke mapa horrek, baina baita egun zein eraikinetan dagoen ere. Horrekin batera, beste neurri sorta bat ere eskatzen dute, eraikin horietatik amiantoa kendu eta herritarrei laguntzak eta informazioa emateko.
2002an, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen erakunde publikoei «lantokietan, bizilekuetan eta gainerako instalakuntzetan erabili den amiantoaren inbentarioa» egiteko eskatzen zien testua. Eta bide batez, «langileen eta auzotarren osasunaren babesa bermatu ahal izateko amiantoa desagerraratzeko» neurriak hartzeko eskatu zuten. Zortzi urte geroago,testu hark zioena «bete gabe» dagoela ikusita, eskaera hau herriz herri zabaltzen hasi da elkartea.
Beasaingo, Ordiziako eta Legazpiko alderdi guztiak bat etorri dira Asviamie elkartearen aldarrikapenekin eta hiru kasuetan, aho batez onartu dute testua. Hala, amiantoa duten eraikinen inbentarioa egiteko konpromisoa hartu dute hiru udalek. Inbentario hori egiten udal eraikinenatik hasiko dira, baina asmoa gainontzeko etxebizitza, lantegi eta lokal guztien azterketa ere egitea da. Neurri horrekin batera, elkarteko kideek garrantzia handia ematen diote auzotarrak informatzeari, «gai honen inguruan desinformazio handia» dagoela uste baitute; horregatik, herritarrei euren etxebizitzetan amiantoa duten osagaiak izan ditzaketela jakinarazteko eskatzen diete erakundeei. Azkenik, eraikin horietatik amiantoa duten osagaiak kentzeko diru-laguntza programa bat osatzeko eskatzen dute. Izan ere, amiantoa duten elementuak manipulatzeko garaian, espezializatutako enpresetara joatea aholkatzen dute.
Langileen arrisku taldea
Enpresa jarduera handiko eskualdea izaki, Goierrin eragin handia izan du amiantoak, batez ere industria eta eraikuntza arloetan. Lantegiei dagokionean, Zumarragako Orbegozon, Olaberriako Aristrainen (gero Arcelor) eta Beasaingo CAFen erabili izan da amiantoa, epaitegien sententziek jasotzen dutenaren arabera. Urtetako borroka eta epaiketa luzeen ondoren, hainbat langilek, beraien gaitza amiantoak eragindakoa dela frogatzea lortu dute eta azken hiru urteotan, gero eta gehiago dira amiantoak eragindakoa laneko gaixotasuna dela berretsi ahal izan dutenak.
Amiantoak, mesotelioma edota biriketako minbizia eragin ditzake. 70. eta 80. hamarkadetan amiantoarekin lan egin zuten 40 urtetik gorako langileena da arrisku talde nagusia. Kasu horietan, Asviamie elkartera, Osalanera edo sindikatuetara jotzeko deia egiten zaie langileei, dagozkien azterketak eta jarraipena egite aldera.
ELKARRIZKETA:
Juan Cruz Alustiza (Asviamie): «Benetan kezkatzen nau amiantoaren inguruan dagoen ezjakintasunak»
Amiantoak eragin dezakeen kaltea gertutik ezagutzen du Juan Cruz Alustiza legazpiarrak. Bere anaiaren gaixotasuna zela medio sartu zen Asviamie elkartean.
Amiantoaren mapa edo inbentarioa egiteko eskatu diezue erakundeei. Zein helbururekin?
Udalei eskatzen dieguna da, beraiei dagozkien udal eraikinetatik hasita, eta jakiten diren neurrian, amiantua duten eraikinen inbentario bat egin dezatela, jendeak jakin dezan inguruan zer duen. Ezjakintasun handia da amiantoaren kontuarekin.
Orain arte amiantoa industria munduarekin lotzen genuen, baina ikusten denez etxebizitza askotan ere badago. Jendea kontziente al da?
Hogei urtetik gorako etxebizitza bloke gehienetan dago amiantoa. Uralitarekin egindako guztiak du amiantoa; hoditerian eta teilatuko erretenetan asko erabili izan da. Ni gehien kezkatzen nauena dagoen ezjakintasuna da. Jendeak ez daki benetan zer nolako arriskua duen elementu horiek behar ez bezala manipulatzeak. Ez gara kontzientze zer nolako arriskua dugun etxean bertan.
Duela 9 urte onartu zuen testu hori Eusko Legebiltzarrak. Zergatik ez da orain arte neurririk hartu?
Borondate eta asmo oneko adierazpen bat izan zen hura. Baina maila horretako azterketa bat egiteak kostu ekonomiko handia du. Zeinek jarri behar du dirua? Egokiena erakundeek jartzea izango lizateke. Nik ez dut kontu hori gehiegi jarraitu baina nahikoa geldirik dagoela esango nuke.
Instituzioen aldetik babestuta sentitu al zarete urteotan, ala prentsan agertzen denetik gertuago daude?
Kasuak ateratzen hasi zirenetik askoz deigarriagoa da babes hori. Jendea inplikatuago dago, baina oraindik ere ezezaguna izaten jarraitzen du amiantoaren kontuak. Adituen arabera, 2011tik aurrera kasu asko agertzen hasiko dira. Seguruenera, hortik aurrera jendea gehiago inplikatuko da eta kontzientzia zabalduko da.
Goierriko hiru udalek onartu dute mozioa. Gehiagotan aurkezteko asmorik ba al duzue?
Gure asmoa ahalik eta udaletxe gehienetara iristea da, baina pixkanaka, elkartean ere ez gara asko-eta. Legazpikoaren ondoren Zumarraga eta Urretxuko osoko bilkuretara eramateko asmoa ere badugu.