Udalak su detektagailuak jarriko ditu 65 urtetik gorako herritarren etxeetan
Herenegun osoko bilkura luzea ospatu zuten Legazpin. 13 puntu eta 3 mozioko bilkura izan zen, eztabaida bat baino gehiago piztu zuena. Hasteko, Udalak etxebizitza partikularretan su detektagailuak jartzeko udal laguntza onartu zuen. Honekin, 65 urtetik gorako herritarren etxeetan su eta ke detektagailuak jarriko ditu Udalak. Instalazioak Udalak ordainduko ditu eta erabiltzaileek mantenua soilik ordaindu beharko dute. Honez gain, detektagailuak jarriko dituen enpresak etxe-jabeei prebentzio ikastaro bat emango diete eta etxeen krokisak ere egingo dituzte, suhiltzaileek izan ditzaten. 370 etxe ingurutan jarriko dituzte instalazio hauek. Bigarrenik, San Juan eskolak lagatzeko hitzarmenari baiezkoa eman zion udalbatzak. Urtatza Zaharpeko 40 H.E.ko hitzarmenean aldaketa bat ere adostu zuten. Inguru honetan egitekoak diren eraikinetan 12 etxebizitza egitetik 18 egitera igaroko dira, irabazi maila berarekin. Igogailuaren obrako baldintza ekonomikoen aldaketa bat ere onartu zuten eta baita kamioiak aparkatzeko garraioaren oinarrizko eremuaren antolaketarako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra aldatzea ere. Lan hauek, hala ere, geldirik daude egun. Ogasun arloan, Telefonica Moviles España eta Vodafone España enpresek herriko airea erabiltzeagatiko tasa ezartzearen aurka abiarazi dituzten helegiteetarako abokatua eta prokuradorea izendatu zituzten. Hainbat herritan jarri dituzte helegiteak eta hori ikusirik, udalen defentsa Gipuzkako Foru Aldundiak eramango du. Azkenik, Telleriarte auzoan Udalak salgai jarri zuen Segura-Jauregi etxea berriro ere merkatura ateratzea [...]
Herenegun osoko bilkura luzea ospatu zuten Legazpin. 13 puntu eta 3 mozioko bilkura izan zen, eztabaida bat baino gehiago piztu zuena.
Hasteko, Udalak etxebizitza partikularretan su detektagailuak jartzeko udal laguntza onartu zuen. Honekin, 65 urtetik gorako herritarren etxeetan su eta ke detektagailuak jarriko ditu Udalak. Instalazioak Udalak ordainduko ditu eta erabiltzaileek mantenua soilik ordaindu beharko dute. Honez gain, detektagailuak jarriko dituen enpresak etxe-jabeei prebentzio ikastaro bat emango diete eta etxeen krokisak ere egingo dituzte, suhiltzaileek izan ditzaten. 370 etxe ingurutan jarriko dituzte instalazio hauek.
Bigarrenik, San Juan eskolak lagatzeko hitzarmenari baiezkoa eman zion udalbatzak. Urtatza Zaharpeko 40 H.E.ko hitzarmenean aldaketa bat ere adostu zuten. Inguru honetan egitekoak diren eraikinetan 12 etxebizitza egitetik 18 egitera igaroko dira, irabazi maila berarekin. Igogailuaren obrako baldintza ekonomikoen aldaketa bat ere onartu zuten eta baita kamioiak aparkatzeko garraioaren oinarrizko eremuaren antolaketarako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra aldatzea ere. Lan hauek, hala ere, geldirik daude egun.
Ogasun arloan, Telefonica Moviles España eta Vodafone España enpresek herriko airea erabiltzeagatiko tasa ezartzearen aurka abiarazi dituzten helegiteetarako abokatua eta prokuradorea izendatu zituzten. Hainbat herritan jarri dituzte helegiteak eta hori ikusirik, udalen defentsa Gipuzkako Foru Aldundiak eramango du. Azkenik, Telleriarte auzoan Udalak salgai jarri zuen Segura-Jauregi etxea berriro ere merkatura ateratzea adostu zuten, lehen salmenta epea amaituta. Publizitatea lurralde osora zabalduko dute orain
Mozioak
2011 urteko dirulaguntzen oinarriak ere adostu zituzten udalbatzarrean. Euskara, gizarte zerbitzu, kirol, gazteria eta hezkuntza sailetako laguntzak onartu zituzten batetik, eta espetxeetan preso dauden senideen garraiora bideratutakoak bestetik.
Azkenik, hiru mozio aurkeztu zituzten udalbatzarrean. Lehena Asviamie elkartearena zen, eta amiantoaren mapa egiteko eta obrak burutzerakoan protokoloa jarraitzeko beharrari buruz hitz egiten zuen, besteak beste. Aho batez onartu zuten hau eta gogoratu zutenez, azken urteetan Legazpin egin diren obra publikoetan amiantoaren protokoloa aplikatu dute, hala nola Ilintxa futbol zelaikoetan.
Bigarrena EAJk aurkeztu zuen. Larrialdi Sozialeko Laguntzen inguruan Eusko Jaurlaritzak hartu berri duen erabakiaz hitz egiten zuen, eta hau bertan behera uzteko eskatzen zuen. Eztabaida luzea piztu zuen EAJren eta PSE-EEren artean baina mozioak aurrera egin zuen.
Azkenik, Ezker Batuko zinegotziak apirilaren 14an udaletxeko balkoian Espainiar Errepublikaren bandera ikurrinarekin batera jartzeko mozioa aurkeztu zuen. Legazpi 1936 ekintzei amaiera sinbolikoa ematea zen asmoa, baina alderdi gehienen ezezkoa jaso zuen ideia honek.
PSE-EEkoen hitzetan, hori egiteak sinboloen legea urratuko luke eta udal gobernuan dagoen taldekoen ustez, omenaldi hauekin pertsonak omendu nahi izan dituzte eta «ez banderak». Ideia honek ez zuen aurrera egin.