Zenbat ordaindu zehaztea falta da
Etxegaraten bidesaria jartzeko behin betiko erabakia hartu berri dute Batzar Nagusietan. Behin betiko erabakia izan aurretik zegoen erabakita Bruselaren zuzentaraua, EAJren, Hamaikabaten eta PSE-EEren aldeko botoak hala ahalbidetu baitute gaiaren inguruko eztabaidak iraun duen bitartean. Araua onartuta ordea, garraiolariek zenbat ordaindu behar duten zehaztea falta da. Bi urte barru Deskargan ere jarriko dute bidesaria, Beasain-Durango errepidean.
Oraingoz, 3,5 tona baino gehiagoko kamioiek bakarrik ordaindu beharko dute Etxegaraten, datorren urtean hasita. Deskargan berriz, 2013tik aurrera bertatik igarotzen diren ibilgailu guztiek. Batzar Nagusietan egindako legealdiko azken batzarrean ez zen erabaki berririk hartu, eta bidesari bakoitzean zenbat ordaindu beharko den datorren legealdian zehaztuko dute.
Bertakoei deskonturik ez
Etxegaratetik igarotzen den kamio bakoitzak zenbat ordaindu behar duen zehaztu gabe badago ere, Foru Aldundiak hainbat irizpide jartzeko asmoa du ordainketa egiteko: ingurumen kalteak, errepideak duen ibilgailu pilaketa maila, errepidea erabiltzeagatik sortzen diren kalteak… Puntu honetan Europako zuzentarauak dioena errespetatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala, ohiko erabiltzaileei gehienez %13ko beherapena egingo zaie tarifetan eta Gipuzkoako garraiolariei ez zaie deskontu berezirik egingo.
Hala ere, ordaindu beharrekoan hainbat beherapen egiteko aukera eskuartean du Aldundiak. Aukera horiek aurrera eramatea erabakiko balitz, gauez eta trafiko gutxiko ordu eta garaietan ordaindu beharrekoa gutxiago izango litzateke. Zama, zarata eta CO2 isuri kantitatearen arabera ordaintzeko aukera ere aztertuko du Aldundiak. N-1ean bidesaria jarrita errepideko kamioi kopurua murriztu nahi du Foru Aldundiak.
***
IÑIGO ALDALUR, HIRU GARRAIOLARIEN SINDIKATUKO ORDEZKARIA
«Bidesaria garraiolarientzat, batez ere autonomoentzat, lapurreta izango da»
Hiru Etxegaraten zein Deskargan bidesariak jartzearen aurka dago. Iñigo Aldalur sindikatuko kideak azaldu ditu Batzar Nagusiek hartutako erabakiarekin bat ez egiteko dituzten arrazoiak.
Zein iritzi duzue Batzar Nagusiek hartutako erabakiari buruz?
Garraiolarientzat, batez ere autonomoentzat lapurreta izango da. Nahikoa gastu badugu lehen ere, beste berri bati aurre egin behar izateko. Eta gainera bidezkoa ez den gastu bati. Egoera dagoen bezala, kamioilari batzuk lana utzi dute eta gehiagok ere utziko dute.
Zeini eragingo dio gehien erabakiak?
Bertako kamiolariei, hau da, arabarrei, gipuzkoarrei eta nafarrei. Kanpoko kamiolariek ere ordaindu beharko dute bidesaria, baina ez da gauza bera. Gu egunero igarotzen gara Etxegaratetik eta badaude egunean behin baino gehiagotan pasatzen direnak ere. Zentzu horretan zailagoa izango zaigu kanpoko kamioilariekin lehiatzea.
3,5 tona baino gehiagoko garraio ibilgailuei ezarriko zaie erabakia.
Printzipioz 3,5 tonako kamioientzat izango da. Baina inork ez du ziurtatzen etorkizunean kamioi txikiagoek, eta baita kotxeek ere, ordaindu beharko ez dutenik. Gainera esan 3,5 tonako kamioiak N1etik igarotzen den garraioaren %85 suposatzen duela.
Etxegaraten eta Deskargan bidesaria jarriz gero ba al dago beste aukerarik ordaindu beharrik ez izateko?
Deskargaren kasuan bai, egungo errepidea. Etxegarateren kasuan ez. Horrenbeste kamioi Otzaurtetik igarotzea bideraezina da. Sakana aldetik zirkulatu eta Leitzarandik jaistea posible da, baina Berastegin, A15ean ere bidesaria jarri behar dute eta baita Endarlatzan ere, N121A errepidean. Beraz, bide batetik edo bestetik joan ordaindu egin beharko dugu.
Diru sarreren ehuneko bat sistemaren iraunkortasunari eta ingurumen inpaktua txikiagoa izatea lortzeari laguntzen dioten garraio bideak eta azpiegiturak ordaintzeko erabiliko dutela diote. Zer diozu zuk?
Gure ustez bidesariarekin lortutako diruarekin, Abiadura Handiko Trenaren gastuak ordaindu nahi dituzte. Beste bide batzuk ere egin nahi dituzte, baina gure ustez ez dira derrigorrezkoak eta ez dute kamioien gutxitzea ekarriko. Bestetik, Diputazioaren itsulapikoa hutsik dago eta era batera edo bestera bete egin nahi dute. Kasu honetan, ahulenaren, garraiolarien bizkar.
Foru Arauak dio bidesarien deskontuak aurreikusi daitezkeela.
Abantaila fiskal batzuk izan ditzakegula aipatu zuten, baina gogoratu une honetan horren aurkako epaia dutela mahai gainean eta abantaila fiskalak izan zituzten zenbait enpresek diru hori itzuli egin beharko dutela. Ez dut uste garbia eta legala izango denik. Beste modu bateko abantailak ere ezarri litzakete, esaterako bidesari bigunak, hau da, prezio sinboliko bat ordaintzea. Baina azkenean hori ere hemen egunero gabiltzan garraiolariok ordaindu beharko dugu. Gure ustez logikoena bidesaririk ordaindu beharrik ez izatea da.
Hiruren ustez nola egin behar da errepideen mantenua?
Batetik, hidrokarburoen zergarekin. Ordaintzen dugun gasolina edo gasoil litro bakoitzetik %47a gutxi gora-behera zerga da eta zuzenean Gipuzkoako Foru Aldundira doa. Jakin badakigu N-1eko bide azpiegituren mantenuan ez dutela gastatzen biltzen dituzten zergen %25a ere. Garbi dago beraz, beste leku batera bideratu nahi dutela dirua. Ez dute esaten nora, ordea. Bestetik, hidrokarburoen zergaz gain, beste hainbat zerga ere ordaintzen dugu. Uste dut nahikoa dela.
Erabaki horrek N1etik kamioiak ateratzeko balioko duela diote.
Bai, baina gezurra da. Kamioi guztiek N1etik igaro behar dute derrigorrez, hornitzeko eta mantenimendua egiteko, azpiegiturak N-1ean baitaude.
Desadostasun horren harira zein mobilizazio ari da egiten Hiru? Aurrera begira zein asmo duzue?
Hilabetean behin Peajerik ez leloa duten pankartak jartzen ditugu N1ean, Irundik Etxegaratera bitartean. Apirilaren 16an berriz, kotxe eta kamioien karabana egingo dugu Lasartetik Etxegaratera. Han 10:30ak aldera prentsaurrekoa, hitzaldia eta mokadutxoa egingo ditugu. Gure desadostasuna errebindikatu nahi dugu jai giroan.