Igor Esnaola aske utzi dute eta etxerako bidean da
Berria.info- Igor Esnaola libre utzi dutela aurreratu du Gara-ko edizio digitalak, senideen iturriak aipatuz. Baieztapen ofizialaren faltan, kargurik gabe aske utzi dute Esnaola. Asteartean atzeman zutenetik inkomunikaturik izan dute. Bere anaiak bihar deklaratuko du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurreran, berri agentziek adierazi dutenez.
Guardia Zibilak Esnaola anaien atxiloketen operazioarekin segitu du gaur, eta bart Leaburuko —Txarama auzoan— eta Gazteluko bi etxetan sartu da. Gaztelun Andoni Goikoetxearen bila joan dira, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan duenez, baina ez dute aurkitu. Leaburun miaturiko etxebizitza Goikoetxearen bikotekidearena izan liteke. Ez dute inor atxilotu.
Asteartean atzeman zituzten bi anaiak, Legorretan, ETAko kideak direlakoan. Atzo berriz, Lander Etxeberria atxilotu zuen Guardia Zibilak, Beran, bi haien eta ETAren artean lotura lanak egitea egotzita. Legorretako Udalak Esnaola anaiei inkomunikazioa kentzeko eskatu zuen atzo, udalbatzarrean.