Liburuaren Egunean, erosketak %10eko deskontuarekin egiteko aukera dago gaur Lazkaon
Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an bada ere, Lazkaon astebete aurreratu dute eta gaur ari dira ospatzen, GEE Goierriko Euskal Eskola kultur elkarteak antolatuta. Data ofiziala Larunbat Santu egunean egokitu da aurten –opor garaia askorentzat–, eta liburuak %10eko deskontuarekin erosteko aukera eman ahal izateko egingo dute gaur ospakizuna. “Ospatu edo ez pentsatzen aritu ginen, eta azkenean baiezkoa erabaki dugu, jendeari aukera emateko eta liburuak erostera animatzeko”, azaldu du gaur GEEren koordinatzaile Joxepa Madariagak. Liburuaren Egunarekin batera Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren hirugarren aldia eta San Prudentzio festetarako eranskailua ere aurkeztu dituzte. Lazkaoko Gerriko liburu-dendaren aurrean jarri dituzte erakus-mahaiak, liburu sorta ugariarekin. Euskarazko nahiz gaztelaniazko tituluak merkeago eros daitezke, prezioa baino %10 gutxiagoan. Irakurtzeko zaletasuna sustatzeko beste ekimen bat ere aurkeztu du gaur GEEk: Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina. Euskara elkarteen Topagunea federazioak sustatutako ekimena hirugarren aldiz garatuko dute Lazkaon, apirilaren 23tik uztailaren 23ra. Bitarte horretan ere deskontu aipagarriak eskuratu ahalko dira liburuak erosteko. Kasu horretan euskarazko tituluak soilik izan daitezke. “Euskarazko liburuak irakurtzeko eta erostera animatzeko kanpaina da. Liburutegiko edo etxeko liburu bat irakurri, fitxa bete, eta harekin udal liburutegian %25eko deskontu txartela emango diote irakurleari, gero Gerriko liburu-dendan erabiltzeko. Goierriko Euskal Eskolaren edo Gerrikoren bazkideek %50eko deskontua izango dute”, azaldu [...]
Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an bada ere, Lazkaon astebete aurreratu dute eta gaur ari dira ospatzen, GEE Goierriko Euskal Eskola kultur elkarteak antolatuta. Data ofiziala Larunbat Santu egunean egokitu da aurten –opor garaia askorentzat–, eta liburuak %10eko deskontuarekin erosteko aukera eman ahal izateko egingo dute gaur ospakizuna. “Ospatu edo ez pentsatzen aritu ginen, eta azkenean baiezkoa erabaki dugu, jendeari aukera emateko eta liburuak erostera animatzeko”, azaldu du gaur GEEren koordinatzaile Joxepa Madariagak. Liburuaren Egunarekin batera Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren hirugarren aldia eta San Prudentzio festetarako eranskailua ere aurkeztu dituzte.

Liburuak kalean edukiko ditu gaur Gerriko liburu-dendak, Liburuaren Eguna ospatzeko. %10eko deskontua daukate guztiek, gaur erosiz gero. Arg.: Aimar Maiz
Lazkaoko Gerriko liburu-dendaren aurrean jarri dituzte erakus-mahaiak, liburu sorta ugariarekin. Euskarazko nahiz gaztelaniazko tituluak merkeago eros daitezke, prezioa baino %10 gutxiagoan.
Irakurtzeko zaletasuna sustatzeko beste ekimen bat ere aurkeztu du gaur GEEk: Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina. Euskara elkarteen Topagunea federazioak sustatutako ekimena hirugarren aldiz garatuko dute Lazkaon, apirilaren 23tik uztailaren 23ra. Bitarte horretan ere deskontu aipagarriak eskuratu ahalko dira liburuak erosteko. Kasu horretan euskarazko tituluak soilik izan daitezke.
“Euskarazko liburuak irakurtzeko eta erostera animatzeko kanpaina da. Liburutegiko edo etxeko liburu bat irakurri, fitxa bete, eta harekin udal liburutegian %25eko deskontu txartela emango diote irakurleari, gero Gerriko liburu-dendan erabiltzeko. Goierriko Euskal Eskolaren edo Gerrikoren bazkideek %50eko deskontua izango dute”, azaldu du Madariagak.
Bete beharreko fitxa “erraz-erraza” da. Adinka bereizita daude, 0-6 urte artekoentzat, 7-12, 12-18 eta 18 urtetik gorakoentzat. Umeei ikusi duten liburuko pertsonaia baten marrazkia egitea eskatzen zaie, adibidez. Helduagoei liburuari, istorioari, idazleari edo gomendioei buruzko iritziak.
“Benetan merezi du deskontua baliatzeak. Liburuzaleentzat da batez ere, baina ez direnak zaletzeko asmoa ere badu. Ekimen interesgarria da”.
Hiru hilabeteko iraupena izango du Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainak. Lazkaon garatuko den arren, inguruko herrietako bizilagunentzat ateak ez dituztela ixten gogoratu du Madariagak. “Lazkaokoa da ekimena, baina irekita dago herritik kanpora ere. Maizpideko ikasleak, adibidez, lazkaotartzat hartzen dira, eta parte hartzen dute haiek ere”.
Aurrerantzean kanpaina Goierriko beste herri batzuetara zabaltzeko nahia ere azaldu du GEEk. “Beste toki batzuetan bailara mailan antolatzen dute, Sakanan (Nafarroa) adibidez. Ea gure inguruko herriak ere animatzen diren Goierrikoa egiteko. Topagunearen baldintzapean izan beharko luke, noski. Datorren urterako saiatuko gara zabaltzen. Goierri osokoa egitea zaila izango da, baina elkarlanaren bidetik ea beste herri batzuk animatzen diren, abenduko liburu azokekin gertatu den bezala”.
Orain hiru urte, kanpaina Lazkaon egin zen lehenengo urtean, harrera “ona” izan zuen Irakurri, gozatu eta oparitu dinamikak. Duela bi urte “oso ona”. “Eta iaz jende batek jada ezagutzen zuenez, gehiagok parte hartu zuen; iaz 200 bat fitxa bete zituzten irakurleek, nahiz gero horiek ez diren 200 liburu erostera iritsi. Aurten gehiago izatea espero dugu”, aurreratu du Madariagak.
Azkenik, eta datorren astean izango den Aste Santuak hor ere data aurreratzera behartuta, San Prudentzio jaietarako Goierriko Euskal Eskolak diseinatu duen eranskailu preziatua ere aurkeztu dute. Hamabosgarren urtez zabalduko dute. Euskararen erabilera sendotzeko mezua kalera ateratzeko helburuz atera zuten 1997an lehenengoa. Orduz geroztik urtero izan dute Lazkaoko festek eranskailu berezia.

San Prudentzio jaietarako Goierriko Euskal Eskolak atera duen aurtengo eranskailua. Arg.: Aimar Maiz
Aurten ume sail baten marrazkia aukeratu dute, elkarren gainean piloa eginda. Goi-goiko umea mikrofono bateraino iristen da giza-dorrearen laguntzaz, “Gora Sanprointzio!!!” oihukatzeko. “Elkarlana adierazten du marrazkiak, elkarren beharra daukagun honetan goikoak mikrora iristea lortu du. Baina ezin du behekorik gabe”.
Eranskailuaren 4.000 ale atera dituzte. San Benito ikastolako haur eskolatik Batxilergora bitarteko ikasle guztiei bina ale emango dizkiete, eta apirilaren 26an –jaien lehenengo egunean– banatuko dituzte kalean gehiago. “Jendeak eskatu egiten du, bila ibiltzen da. Koadrilen egunean eta gustura hartzen da. Tradizio bihurtu da, baina jendeak nahi duelako ateratzen dugu”.
Hasieran autofinantzaketarako dirua biltzen bazuten ere –tabernetan itsulapikoak jarrita, kalean…– gaur egun erabat doan banatzen dute. “Orain ez dugu jada borondaterik eskatzen. Kultur elkarte batek hainbeste egin behar du”, esan du Madariagak.