Adinekoen autonomia eta ongizatea bultzatzeko programa berritzailea jarriko dute martxan Ordizian
Pertsona helduen autonomia, ongizatea eta garapen pertsonala lantzeko programa aitzindaria jarriko dute martxan Gipuzkoako hainbat herritan. Ekainean emango dute aurreneko pausoa Ordizian eta Donostian; gerora, beste hamalau herri batzea espero dute. ‘Biziaren ekarpena’ programa, luzera begirako egitasmoa da eta lau fasetan banatuko dute. Aurrenekoan, herriko 250 bat lagunei azterketa fisiko, psikologiko eta soziala egingo zaie, haien osasun egoera eta gizartean duten harreman sarea neurtzeko. Gaur eguerdian aurkeztu dute ekimena Ordiziako Barrena jauregian. Udal ordezkariekin batera, Jokin Garrues, proiektuaren sortzailea eta koordinatzailea eta Imanol Amaiara eta Martin Baumaster doktoreak izan dira aurkezpenean, proiektuan parte hartuko duten soziologo, psikologo, mediktu eta gizarte langileekin batera. Horiek guztiek osatuko dute ‘Biziaren ekarpena’ proiektua aurrera aterako duen lan taldea. Garruesek azaldu duenez, egungo “demografia datuak eta adin piramideak ikusita, etorkizunean zerbitzu sozialetan arazoak” izango dituzte gizartearen beharrei erantzuteko. Hala, “beste pauso bat” eman nahi izan dute, “prebentzio aldetik, herritarrak adin horretara ahalik eta hobekien iristeko”. Horrelako proiektu bat aplikatzen hasteko “tokirik egokiena kiroldegiak” direla uste du Garruesek. Izan ere, 70eko hamarkadan izan zen ‘baby-boom’ haren ondorengo belaunaldiek, kirolaren eta osasunaren inguruko beste kultura bat garatu dute, eta horrek berak, “beste eskakizun batzuk” sortuko ditu etorkizunean. Hala, “kiroldegietan azterketa bio-psikosozial bat eta jarraipen bat eginez gero, [...]
Pertsona helduen autonomia, ongizatea eta garapen pertsonala lantzeko programa aitzindaria jarriko dute martxan Gipuzkoako hainbat herritan. Ekainean emango dute aurreneko pausoa Ordizian eta Donostian; gerora, beste hamalau herri batzea espero dute. ‘Biziaren ekarpena’ programa, luzera begirako egitasmoa da eta lau fasetan banatuko dute. Aurrenekoan, herriko 250 bat lagunei azterketa fisiko, psikologiko eta soziala egingo zaie, haien osasun egoera eta gizartean duten harreman sarea neurtzeko.
Gaur eguerdian aurkeztu dute ekimena Ordiziako Barrena jauregian. Udal ordezkariekin batera, Jokin Garrues, proiektuaren sortzailea eta koordinatzailea eta Imanol Amaiara eta Martin Baumaster doktoreak izan dira aurkezpenean, proiektuan parte hartuko duten soziologo, psikologo, mediktu eta gizarte langileekin batera. Horiek guztiek osatuko dute ‘Biziaren ekarpena’ proiektua aurrera aterako duen lan taldea. Garruesek azaldu duenez, egungo “demografia datuak eta adin piramideak ikusita, etorkizunean zerbitzu sozialetan arazoak” izango dituzte gizartearen beharrei erantzuteko. Hala, “beste pauso bat” eman nahi izan dute, “prebentzio aldetik, herritarrak adin horretara ahalik eta hobekien iristeko”.
Horrelako proiektu bat aplikatzen hasteko “tokirik egokiena kiroldegiak” direla uste du Garruesek. Izan ere, 70eko hamarkadan izan zen ‘baby-boom’ haren ondorengo belaunaldiek, kirolaren eta osasunaren inguruko beste kultura bat garatu dute, eta horrek berak, “beste eskakizun batzuk” sortuko ditu etorkizunean. Hala, “kiroldegietan azterketa bio-psikosozial bat eta jarraipen bat eginez gero, zerbitzu sozialen sistema deskongestionatzea ere lortuko dugu”. Zentzu horretan, adineko pertsona horren egoeraren eta beharren diagnosi moduko bat egingo dute; “argazki bat egin nahi dugu, fitxa moduko bat, eta horren arabera garapenerako programak garatu”.
Hori guztia garatu ahal izateko, azterketa gune iraunkor bat jarriko dute Ordizian bertan. Hurrengo faseei begira kiroldegiek izango duten garrantzia ikusita, kontsulta edo bulegoa Majorin bertan jarriko dute. Azterketak berriz, ausaz egingo dute herriko 250 adinekoren artean. Ondoren, horietako batzuri, programaren 2. fasean parte hartzeko aukera emango diete.
Bizi kalitatea hobetzea helburu
Proiektuaren bultzatzaileetako bat izan da Deustuko Unibertsitateko Imanol Amaira doktorea ere. Haren ustez, proiektu honen helburu nagusietako bat “bizi kalitatearen hobekuntza nabarmena” lortzea da. Hori ordea, “hipoestimulazioaren bidez” egin behar dela uste du, eta ez “hiperestimulazioarekin, orain arte egin den bezala”. Zenbait kasu aztertu eta gero, ondorio bat atera du Amairak: “askotan adineko pertsonei gehiegizko estimulazioa eta ariketak egin arazten zaizkie, eta horrek, estresa sortzen die. Hipoestimulazioaren bidez, ordea, ongizate sentsazio bat lortzen dute”.
Bestalde, Frankfurteko Unibertsitateko Martin Baumaister doktoreak ere parte hartuko du proiektuan. Haren lana, egitasmoa gainbegiratzea eta aditu moduan, laguntza ematea izango da. Horrez gain ordea, irakaspenak ere jasoko ditu, gerora Alemanian ere antzeko programak garatzeko. Gaurko aurkezpenean azaldu duenez, “oso interesgarria izango da osasun, gizarte eta ekonomi arloak uztartzen dituen programa hau nola aplikatzen den ikustea”. Izan ere, euskal gizarteak eta Alemaniakoak antzekotasun handiak dituzte bere ustez, biak lurralde industrialak baitira, eta antzeko adin piramideak dituzte. Esperientzia hori “oso garrantzitsua eta oso baliagarria” izango dela uste du. Izan ere, “gaur egun dugun erronkarik handienetako bat, gure gizartearen adin piramideetara egokitu eta konponbideak bilatzea da” Baumaisterren ustez.
Bere aldetik, Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak, “proiektu integrala eta berritzailea” izango dela azpimarratu du, “Europa mailan lehena”. Ikerketa sozialean oinarritutako proiektu bat dela azaldu du eta “pertsonetan eta haien garapenean” oinarritzen dela. Azkenik, ekimen honek “lurralde oreka” ere bultzatzen duela azaldu du eta “herrietan ere horrelako proiektuak garatzea” eskertu du.