"Gazta egitea ez da horren zaila, lan gehiago ematen du atzean dagoenak"
Etzi Gazta Eguna hartuko du Idiazabalek eta eguerdi partean omenaldia egingo diote Domingo Goiburu artzainari. Txiki-txikitatik ardi artean ibili izan da eta oso gustuko du lanbidea.
Zenbat denbora daramazu artzain?
Kasik jaioz geroztik nabil artzain. Gurasoak ere artzainak ziren, eta gu ere beharko ibili!
Non ibiltzen zineten?
Neguan Bizkaira joaten ginen, Gernika ondora. Lau egun igarotzen genituen oinez hara iristen. Apirilaren erdi aldera edo maiatzaren hasieran handik Urbiara joaten ginen. Gero Galarretan (Araba) egiten genuen beste hilabete. Galarretatik Idiazabalera etortzen ginen. Idiazabalen hilabete eta erdi edota bi hilabete pasatzen genituen, eguraldiaren arabera. Handik Bizkaira joaten ginen, eta aipatutako zirkuitoa osatzen genuen berriz ere.
Haurrak izanik nola joaten zineten?
Oinez eta nekatutakoan zaldi gainean. Gogoan ditut esaterako, lau urte nituela oinez zein zaldi gainean egindako kilometroak.
Gerora, ordea, enpresa batean ere hasi zinen lanean.
Bai, halaxe da. Soldadutzara joan artean artzain ibili nintzen. Soldadutzatik etorritakoan artzain moduan bateko besteko ibiltzen ginela eta, proba egiteko fabrikan lanean hastea pentsatu nuen. Egun berean bi enpresetara deitu nuen eta bietatik deitu zidaten. Patricio Etxeberrian lanean hastea erabaki nuen, beti zegoelako gurean lanen bat egiteko eta etxetik gertuago zegoelako.
Artzain lanetan ere jarraitzen zenuen, ezta?
Bai. Soldadutzatik etorri nintzenean 400 bat ardi izango genituen. Pixkanaka batzuk kentzen hasi ginen, baina guztiak sekula ez.
Nola uztartzen zenituen fabrikako zereginak eta artzain lanak?
Bizkaira joateari utzi egin nion, baita etxekoek ere, eta hemen inguruan ibiltzen hasi ginen ardiekin. Lantegian bederatzi bat ordu sartu eta gero egiten nituen artzain lanak. Bietan lan ugari egin behar izaten nuen bi lanak ondo uztartzeko.
Orain erretiratuta zaude.
Lantegitik hartu nuen erretiroa baina ardiak zaintzen jarraitzen dut.
Zenbat dituzu une honetan? Ehun ardi inguru. Egia esan, lan gehitxo da guretzat, eta laster batzuk kentzen hasi beharko dut.
Bakarrik aritzen al zara lanean?
Ardi lanak egitera emaztea eta biok joaten gara baserrira. Ardiak arkumeekin daudenean goizean eta iluntzean. Behin arkumeak kendu eta gero lan gutxiago izaten denez, emaztea ez da joaten iluntzetan.
Eta semeek laguntzen al dizuete?
Egunen batean behar izanez gero laguntzen digute. Esaterako gazta egiten eta belarretan, baina egunerokotasunean ez, haiek ere beraien zereginak dituzte eta.
Nork erakutsi zizun gazta egiten?
Gure gurasoek eta haien aurrekoek ere egiten zuten gazta. Gure etxean beti egin izan da eta beraz, jaiotetxean ikasi nuen, gurasoek erakutsita.
Tradizioari segidarik eman al diozu zure semeei erakutsiz?
Egia esan bai. Gure semeek ere badakite gazta egiten.
Lehen modu tradizionalean egiten zen gazta. Orain, ordea, aurrerapen ugari dago.
Bai lehen guk modu tradizionalean, eskuz, estutzen genuen. Orain prentsa erabiltzen dugu, baina oinarrian lehengo antzera egiten dugu gazta. Dena den, aitortu behar da aurrerapenek asko errazten dutela lana. Lehen ez zeuden gauza asko daude orain, besteak beste, herdoiltzen ez diren ontziak, garbiketa egiteko nahi adina ur eta gaztak kontserbatzeko kamarak. Hala ere, kamarak eduki arren, jendeak ikusten ez duen lan ugari dago atzean: kamarak garbitu, gaztei bueltak eman…
Zaporeari dagokionean zein da gazta hobea, modu tradizionalean ala modernoan egindakoa?
Garbitasunari dagokionean nik uste dut orain baldintza hobeak ditugula, baina gazta ikusgarriak lehen ere izaten ziren.
Gazta ona egiteko zer da funtsezkoa?
Lehenik eta behin garrantzitsua da ardia janari eta jenero onekin gobernatzea. Nik esaterako ez dut pentsurik erabiltzen. Nire ardiek alea, zaia, alpapa, belar ondua eta zelaietako belarra jaten dute. Oinarrizkoa da esnea garbi erabiltzea, eta baita jetzi ondoren, ahalik eta azkarren, hoztu dadin tangara edo depositura ekartzea ere. Gazta egiteko prozesua zuzen-zuzen jarraitu behar da ondoren eta esnea bakarrik edaten duen arkumearen gatzagia erabili behar da. Hori bai, guk gatzagi likidoarekin nahasten dugu, bestela zapore oso fuertea izaten baitu gaztak. Azkenik aipatu, eguraldiak ere zerikusia baduela: gazta onena eguraldi hotzarekin egiten da.
Zer nolako gazta du gustukuen jendeak? Eta zuk?
Lehen, gu gazteak ginenean, dena ketua egiten zen. Orain berriz, zuria gehiago. Ketua Goierri aldean eskatzen da asko. Nik ketua dut nahiago, gaztetatik hala ohitu gara nonbait. Nik uste dut itxura hobea izaten duela, eta zaporeari dagokionean ere ikutu berezia ematen diola ketzeak.
Lan gehiago ere suposatuko du.
Bai, hala da. Ketzeak lan dezente ematen du. Besteak baino gehiago, gero prezio berean saldu arren. Guk gaztandegia etxearen azpian dugu. Bertatik baserrira eramaten ditugu gaztak, han baitugu gazta ontzeko lekua. Ketzen ari zaren bitartean adi-adi egon behar izaten duzu. Sua ateratzen bada esaterako, gaztak berotu eta izerditu egiten dira, eta grasa irten egiten zaio. Hori ahal dela ekidin egin behar izaten da.
Idiazabal gaztak ospe handia hartu du azken urteetan.
Lehen ere, soldadutzara joan aurretik eta baita ondoren ere, ondo saltzen genuen gazta. Aitortu behar da ,ordea, azken urteetan ospe handia hartu duela. Dena den esan, lehen artzain gehiagok egiten zuela gazta. Orain gutxiagok egiten dute, baina kantitate handiagoan. Aipatu dena den, gazta egitea ez dela horren zaila. Hor atzean dagoen guztiak lan gehiago ematen du.
Artzain gutxi dago orain. Zer nolako etorkizuna ikusten diozu zuk artzaintzari?
Idiazabalen artzainak egon badaude: 10bat gutxi gora behera, baina gazta egiten dutenak gutxiago dira. Nik uste dut gazta egiten duen artzainaren etorkizuna hobea dela bestearena baino. Besteek nahaikoa lan dute bizimodua aurrera ateratzen!
Zer egin behar da zure ustez jende gaztea artzaintzara bultzatzeko?
Batetik, uste dut prezioak igo egin behar direla, bestela martxa honetan laster bukatuko dira artzainak. Arkumea duela 30 urteko prezioan dabil eta gutxiagoan ere bai. Ileari dagokionean zer esanik ez! Nik 16 urte nituela kilo bat ile 21 duroan saldu genuen. Orain doan da. Norberak eramateko lana hartu behar izaten du, gainera. Prezioak igotzeaz gain, laguntzak eman behar zaizkie gazteei pabiloiak egiteko, preparatzen ez denak ez baitauka zereginik. Bestela laguntzarik ezean nor sartu gastu horietan?
Zuk zein asmo duzu aurrera begira?
Aitortu behar dut niri beti fabrika baino gehiago gustatu izan zaidala artzaintza, hori ikusi baitut bizi guztian. Horregatik ahal den artean ibiltzeko asmoa dut. Gauza ez garenean berriz kitto!
Etzi Gazta Egunaren barruan omenaldia egingo dizute. Zer sentitzen duzu?
Ilusioa egiten dit, bakarren bat gogoratu den seinale! Bizitza osoan egin den lana eskertzea dela iruditzen zait.
Hona, igandean (maiatzak 1) Idiazabalen egingo den Gazta Eguneko egitaraua:
-10:00. Artzainek postuak irekiko dituzte.
-11:00. Herriko artzainak gazta egiten hasiko dira, era zaharrean zein modernoan.
-11:30. Gazta ketzea eta ardi mozte erakustaldia, eskuz eta makinaz.
-13:00. Omenaldia Domingo Goiburu herritarrari.
-13:30. Sariak banatuko dizkiete gazta onenari eta postu dotoreenari.
-14:30. Herri bazkaria.
-Ondoren. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldekoen kantaldia.