Ganaduzale bat langa igarotzen.
Aparteko berritasunik gabe, baina urteroko ohiturari fin-fin eutsiz, igandean, maiatzak 1, ospatuko da Larraizko (Abaltzisketa) Zamao atsedenlekuan Aralarko larreak irekitzeko festa. Enirio-Aralar mankomunitateak 1992an jarri zuen indarrean Aralarko goi larrei atsedena emateko politika, eta hori dela eta, negualdian ezin izaten da bertan larratu. Aurreko urteetako ganadu kopuru bera igoko da aurten ere Aralarrera: 18 bat mila ardi, 800 behi eta 750 behor. Denera, 140 ganaduzale inguruk dute baimena larreak erabiltzeko, tartean 40 artzain profesionalek.
Igandeko festa 10:00etan hasiko da, jaki eta artisau postuen irekierarekin. Uztaritzeko gaiteroek eta trikitilariek girotuko dute festa, eta 11:30ak aldera, Mendiko Behor eta Zaldien Gipuzkoako II. Lehiaketa izango da. Jaiaren une gorena eguerdian izango da, orduan botako baitute Aralarko larreak ofizialki irekitzeko suziria.
Ardi mozten marka ahalegina
Iaz ardi mozten desafioa egin bazuten bi artzainek, aurten, horietako batek, Migel Mari Sagastume
Aimendi amezketarrak marka ahalegina egingo du. Argoraizeekin 40 kilo inguruko 8 ardi moztuko ditu aintzinako erara, gerora beste artzainen batek hobetu nahi badu. Lasai antzean arituta lau minutu inguru behar ditu Aimendik ardi bat mozteko, baina marka ahalegina dela kontuan hartuta, bixkorxeago arituko da ziurrenik igandean.