Indar enpresak 145 langileko soberakina duela adierazi dio enpresa batzordeari
Beasaingo Indar enpresak, 145 langileri eragiten dien erregulazio espedientea luzatu nahi du; Eolikoen eta Repair sailean lan egiten duten langileei, zehazki. Eolikoen sailean, eskariek %80 egin dute behera azken urteetan, eta, enpresaren iritziz, langile soberakina dago. Hala adierazi zien zuzendaritzak enpresa batzordeko kideei. 2008an 128 milioi euroko etekinak izan zituen Indarrek, 2009an 80 milioikoak eta iaz 25 milioikoak. Aurtengorako 18 milioi euro etekin izatea espero dute, eta beherakada horrek eragin du lan erregulazio espedientea aurkeztea. 2009an langile talde batek ordu negatiboekin amaitu zuen urtea, eta urte berean, azaroan, aurkeztutako EREari jarraipena ematen zaio orain. Lau fasetan egingo dute Orain bi urte Indar enpresak aurkeztu zuen lan erregulazio espedienteak ez du emaitza positiborik ekarri, eta ezin izan diote orduko arazoari aurre egin. Enpresak emandako argibideen arabera, arazoa ez da merkatuarena, estrukturala baizik, eskaerarik ez baitago. Hala, arazoari irtenbidea emateko asmoz aurkeztutako dosierraren arabera, lan erregulazio prozesua lau fasetan egingo dute. Aste Santuko oporren aurretik aurkeztu zuen Indarrek EREa, eta enpresa batzordeak eskatuta, maiatzaren 16ra arte inolako neurirrik ez hartzea adostu zuten. Momentuz, modu boluntarioan lana utzi nahi dutenekin negoziatuko du enpresak. Ondoren, Indarrek eta enpresa batzordeak adostutako pizgarriak onartzen dituzten langileen paperak bideratuko dituzte. Uztailean lan erregulazio espedientea beste sei hilabetez [...]
Beasaingo Indar enpresak, 145 langileri eragiten dien erregulazio espedientea luzatu nahi du; Eolikoen eta Repair sailean lan egiten duten langileei, zehazki. Eolikoen sailean, eskariek %80 egin dute behera azken urteetan, eta, enpresaren iritziz, langile soberakina dago. Hala adierazi zien zuzendaritzak enpresa batzordeko kideei.
2008an 128 milioi euroko etekinak izan zituen Indarrek, 2009an 80 milioikoak eta iaz 25 milioikoak. Aurtengorako 18 milioi euro etekin izatea espero dute, eta beherakada horrek eragin du lan erregulazio espedientea aurkeztea. 2009an langile talde batek ordu negatiboekin amaitu zuen urtea, eta urte berean, azaroan, aurkeztutako EREari jarraipena ematen zaio orain.
Lau fasetan egingo dute
Orain bi urte Indar enpresak aurkeztu zuen lan erregulazio espedienteak ez du emaitza positiborik ekarri, eta ezin izan diote orduko arazoari aurre egin. Enpresak emandako argibideen arabera, arazoa ez da merkatuarena, estrukturala baizik, eskaerarik ez baitago.
Hala, arazoari irtenbidea emateko asmoz aurkeztutako dosierraren arabera, lan erregulazio prozesua lau fasetan egingo dute. Aste Santuko oporren aurretik aurkeztu zuen Indarrek EREa, eta enpresa batzordeak eskatuta, maiatzaren 16ra arte inolako neurirrik ez hartzea adostu zuten. Momentuz, modu boluntarioan lana utzi nahi dutenekin negoziatuko du enpresak. Ondoren, Indarrek eta enpresa batzordeak adostutako pizgarriak onartzen dituzten langileen paperak bideratuko dituzte.
Uztailean lan erregulazio espedientea beste sei hilabetez luzatzea izango da hurrengo pausoa, eta 2012ko urtarrilean iraungitze espedientea aurkeztea aztertuko dute, orduan enpresaren egoera zein den kontuan hartuta.
Negoziazio prozesuan
Aste Santuko oporrak tartean direla, enpresa batzordea lanean ari da, baina inolako erabakirik ez dela hartu azaldu dute enpresa batzordetik.
Datorrean astean itzuliko dira langile guztiak lanera, eta asanblada egingo dute asteartean. Maiatzaren 16ra arte behintzat, inongo neurririk ez dela hartuko azpimarratu dute.
ELAk eta LABek ohar bana kaleratu dute
Indar enpresari buruzko informazioaren harira, ELA eta LAB sindikatuek ohar bana kaleratu dute. ELAk, ez dela erregulazio espedienterik aurkeztu zehaztu nahi izan du; aldiz, zuzendaritzak 145 langileko soberakina dagoela esan duela. LAB sindikatukoek berriz, argi utzi nahi izan dute ez sindikatuak eta ezta Indarreko LABeko delegatuek ere, ez dutela inolako zerikusirik izan enpresa batzordearen izenean emandako informazioarekin, eta horiek emandako informazioa ez dela zuzena ere argitu nahi izan dute.