Materialak eraman dituzte, eremua hesitzeari ekiteko
Antioko Interpretazio Zentroa izango den eraikina altxatzen hasteko materialak eramaten hasi da Amenabar enpresa eraikitzailea, gaur. “Urrats guztiak bete eta gero, proiektu guztiak hasteko unea iristen da”, esan du gaur bertan Mikel Serrano Zumarragako alkateak.
Langileak aldatzeko etxola Elizalde baserriaren inguruan, jaietan txosna jartzen da gunean jarriko dute. “Behin behineko neurria da. Lurra zulatu behar dute, eta amaitu arte behin betiko tokira ezingo dute eraman”.
Ventura+Llimona estudio katalanaren proiektu batean oinarritutako eraikina egingo dute Antion. Amenabar enpresak eraikiko du 1,9 mmilioiko aurrekontuarekin, 14 hilabetetan. “2,6 milioiko proiektua aurkeztu genuen, baina enpresak merketu du”. Momentuz, hesitzeko materialak eraman dituzte.
Eraikina altxatzeko aurrekontua da. Ondoren, museoa, jatetxea eta taberna egokitu beharko dira, baita aretoa ere. 120-140 lagunentzako tokia izango duen jatetxea egingo dute, eta eraikinak 1.309 metro koadro izango ditu guztira.