"Garapen eredu justuagoaren" oinarrian egin du Aralarrek Urretxuko herri programa
Urretxuko Aralarrek hilaren 22ko hauteskundeetarako prestatu duen herri programa aurkeztu du. Agerraldian Aralarreko hautagaien zerrendako buruak izan ziren: Aitor Zaldua alkategaia, Iñaki Albisua, Patxi Lasa eta Ane Albisua. Programaren printzipio nagusia da, «jasangarritasuna, euskalduntasuna, elkartasuna eta herritarren parte-hartzea oinarri izango dituen garapen-eredu justuagorantz abiatzea».
Hautagaien soslaia
Aurkezpena hasi aurretik, Zumarragako Aralarreko zerrendan bigarren hautagai, Josu Aztiriak Urretxuko zerrendaburuen soslai laburra egin zuen. Aitor Zaldua alkategaia da, 41 urte ditu eta alaba bat. Zuzenbidean lizentziatua da, baina gizarte hezkuntzaren eremuan egiten du lan. Iñaki Albisuak 36 urte ditu eta goi mailako ingeniaria da, EHUko irakaslea izandakoa, egun ikerlaria da bertan eta doktoregoa egiten dabil. Patxi Lasak 44 urte eta lau alaba ditu. Magisteritza ikasketak ditu, eta bazterketa sozialaren eremuan egiten du lan. Ane Albisuak 31 urte ditu, ingeniari tekniko industriala da, eta Urretxuko enpresa batean ingeniari lanak egiten ditu.
Oinarrizko printzipioak
Herri programa osatzen duten zazpi punturen oinarrian, Zalduak programa eusten duten printzipioak eta baloreak azpimarratu zituen. «Ezker eraikitzailea, eraginkorra eta azkarra izatea. Edukietan oinarritutako elkarlana gauzatzea. Aniztasuna oinarri eta helburu izatea. Tinkotasuna eta malgutasuna uztartu, eta guztiak biltzen dituen euskaraz bizi eta lan egitea».
Hiri eredua
Abiapuntua da hiri eredua herritarren zerbitzura egon behar dela, «pertsona da ardatza». Alokairuan oinarritutako etxebizitza politika ausarta bultzatu nahi dute. «Eraikitzen denaren %80a babes ofizialekoa izan dadila, eta guztiak alokairuan».
Bigarren puntuak, «gizarte-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzea, zerbitzuen kalitatea handitzea eta bazterketa sozialarekin amaitzea» du oinarri. Finean, «gizarte zerbitzuen kudeaketa publikoa bermatu» nahi dute; «osasuna oinarrizko eskubidea» dela gogoratuz. Urretxuko Gizarte Eskubideen karta osatu nahi dute, aurreko guztia bilduko duena.
Ekonomiari dagokionez, Aralarrek aurkeztutako hamazazpi neurriak aintzat hartuta, «kalitatezko enpleguak» sortzeko helburura dute, «tokiko ekonomia berritzailea, ekologikoa eta solidarioa sustatu» asmoz. Lan eremuan aukera berdintasuna defendatzen dute.
Ingurumena eta euskara
«Ingurumenaren errespetuan oinarritutako garapen, eta energia-eredu berrirantz abiatu nahi dugu», azaldu zuen Iñaki Albisuak. Baliabideen erabileraren kultura berria sustatu nahi dute, «Udaletik hasita».
Hizkuntza politikari dagokionez, «herritar eleanitzez osatutako herri euskaldun, osasuntsu, kritiko eta sortzailea bultzatu nahi dugu». Euskara ardatz izango dute, «horretarako euskara zerbitzuak indartuz».
Udalgintza eta kudeaketa ereduaz seigarren puntuan ari dira: «Urretxuko eta Zumarragako koodinazioan sakondu eta udalgintza parte-hartzailea bultzatu nahi dugu. Gardena, gertukoa eta irekia».
Bakegintza
Bakegintza programako zazpigarren puntua da, «gure markoa Gernikako Akordioa da», adierazi zuen Zalduak. «Alderdi eta aukera guztiak, salbuespenik eta ordainik gabe legeztatu egin behar dira», gehitu zuen Sortu eta Bildu aipatuz. ETAri jarduera armatua uztea, «ordainik gabe» eskatu zion Zalduak, eta «presoen dispertsioa amaitzea». Egunotan Espainiako Auzitegi Gorenak Bilduren inguruan emandako epaiaren kontrako ekintzatan parte-hartzea deitu zuen Aitor Zaldua Aralerreko alkategaiak.
Programa osoa pdf-an