«Beasainek aldaketarako behar duen motorra izateko» lan egingo du Bilduk
Proposamen «zabala, integratzailea, parte hartzea bultzatuko duena eta herritarren eskubideen alde egingo duena» aurkeztu du Bilduk Beasainen. Hala eman du jakitera Koldo Agirrek, Beasaingo alkatetzarako hautagaiak. Herritarren interesak defendatzeko gogoz, ilusioz eta indarrez daude hautagaiak, eta horregatik, «Beasainek aldaketarako behar duen motorra» izateko lan egingo dutela iragarri dute. Idoia Baztarrika hautagaiak azaldu duenez, «esperientzia eta gaztetasuna partekatuz» egingo dute lan, «herritarren interesak, alderdien gogoen aurretik jarrita, politika egiteko beste modu bat posible dela frogatuz». Parte hartzea bultzatuz Bilduk, eredu parte hartzailea proposatzen du Beasaingo gizarteko alor guztietarako. Batzordeak irekiak izatea eta osoko bilkurak arratsaldez izatea ezinbestekoa da koalizioarentzat parte hartzea bultzatzeko. Horregatik, gazteei, baztertze egoeran daudenei, immigranteei, presoen kolektiboei eta gizarteko gainerako taldeei laguntzeko, beharrezko «baliabide informatikoak eta giza baliabideak» erabiliko dituztela diote: «Horiei guztiei erantzunak eta irtenbideak eman behar dizkiegu, ezkerreko euskal politikaren bidez», Iñaki Saldaña hautagaiak esan duenez. Udaleko sail guztietara berdintasuna zabaltzeko asmoa ere agertu du Bilduk, immigranteentzako eta emakumeen parte hartzerako kontseiluak sortuz. Euskara eta kultura Bilduk Igartza jauregian egindako aurkezpenean aurreratu duenez, «gure hizkuntzari, euskarari, zor zaion lekua emanez» lan egingo du. Hala, «udaleko arlo guztietan euskara lehentasunezko izatea» izango da hautagaien helburua, «modu horretan, euskara herrian erreferente izateko». Kultur arloak eta euskarak eskutik emanda [...]
Proposamen «zabala, integratzailea, parte hartzea bultzatuko duena eta herritarren eskubideen alde egingo duena» aurkeztu du Bilduk Beasainen. Hala eman du jakitera Koldo Agirrek, Beasaingo alkatetzarako hautagaiak. Herritarren interesak defendatzeko gogoz, ilusioz eta indarrez daude hautagaiak, eta horregatik, «Beasainek aldaketarako behar duen motorra» izateko lan egingo dutela iragarri dute.
Idoia Baztarrika hautagaiak azaldu duenez, «esperientzia eta gaztetasuna partekatuz» egingo dute lan, «herritarren interesak, alderdien gogoen aurretik jarrita, politika egiteko beste modu bat posible dela frogatuz».
Parte hartzea bultzatuz
Bilduk, eredu parte hartzailea proposatzen du Beasaingo gizarteko alor guztietarako. Batzordeak irekiak izatea eta osoko bilkurak arratsaldez izatea ezinbestekoa da koalizioarentzat parte hartzea bultzatzeko.
Horregatik, gazteei, baztertze egoeran daudenei, immigranteei, presoen kolektiboei eta gizarteko gainerako taldeei laguntzeko, beharrezko «baliabide informatikoak eta giza baliabideak» erabiliko dituztela diote: «Horiei guztiei erantzunak eta irtenbideak eman behar dizkiegu, ezkerreko euskal politikaren bidez», Iñaki Saldaña hautagaiak esan duenez.
Udaleko sail guztietara berdintasuna zabaltzeko asmoa ere agertu du Bilduk, immigranteentzako eta emakumeen parte hartzerako kontseiluak sortuz.
Euskara eta kultura
Bilduk Igartza jauregian egindako aurkezpenean aurreratu duenez, «gure hizkuntzari, euskarari, zor zaion lekua emanez» lan egingo du. Hala, «udaleko arlo guztietan euskara lehentasunezko izatea» izango da hautagaien helburua, «modu horretan, euskara herrian erreferente izateko».
Kultur arloak eta euskarak eskutik emanda joateko garrantzia ere azpimarratu dute, eta «euskara ardatz duen kultur aniztasuna sustatuko» dutela esan dute. Beasaingo auzoetako eta herriko dinamikak suspertzea ere bada Bilduren helburua.
Hezkuntzari dagokionez, aniztasuna bultzatzea izango da lan ildoa, «aukera berdintasunean, parekidetasunean eta justizia sozialean oinarritutako jendartea gauzatzeko hezkuntza-eredua» bultzatuz.
Kudeaketa publikoa ardatz
Gizarte Ongizate, hirigintza eta kirolen arloetan, kudeaketa publikoaren aldeko apustua egingo du Bilduk, hautagaien eta herri programaren aurkezpenean adierazi dutenez. Hirigintza arloan, eraikita dagoenari lehentasuna ematea izango da helburua, «etxe hutsak betez eta zaharkituta daudenak berreraikiz».
Kirolguneko eta udal kiroldegiko kudeaketa publikoa ere bultzatuko dute, «bertakoena dena sustatuz». Txapelketa herrikoiak, euskal kirolak eta jokoak eta eskola kirola bultzatuko dituzte horretarako.
Berdina egiteko asmoa dute merkataritzaren sektorean ere, bertako merkataritza defendatuz eta indartuz, «garapen ekonomiko jasangarria, kontsumo, merkataritza eta ekoizpen orekatuan oinarritzen delako».














