Iñaki Dubreuil (PSE-EE): “Gogotsu nago, Ordiziarako zer nahi dugun oso argi baitakagu”
Laugarren aldiz aurkeztuko da Ordiziako alkatetzara, eta bukatzear den legealdian gobernuan egon eta gero, ez du baztertzen berriz egotea; «gobernatzeko prest gaude». Iñaki Gurrutxaga Urteek eta eskarmentuak ematen duten ikuspegiaren hitz egiten du politikaz eta hauteskundeez Iñaki Dubreuilek (Ordizia, 1957). Politika sozialean sakondu nahi du, azken lau urteetan egindako bideari segida eman. Bilduren presentziak egoera iraul dezakeela badaki, “babes zabala” jasoko duela uste baitu. [Elkarrizketa joan den ostiralean egina dago]. Aste berezi samarra izan da zuretzat, zure aurkako atentatua ustez egin zutenen epaiketan deklaratu behar izan duzu. Nola bizi izan duzu momentu hori? Bai. Saiatzen naiz gauza horietaz ahazten, baina egia esan, ezin naiz sekula ahaztu horrekin. Zure burmuinean gai hori alde batera uzten saiatzen naiz. Aste honetakoarekin hirugarren epaiketa da ni joan naizenena, eta espero dut azkena izatea. Nire bizitzaren atal hori pixkanaka ahazten joan nahi nuke, baina badakit sekula ez dudala ahaztuko. Laugarren aldiz aurkeztuko zara Ordiziako alkatetzara PSE-EEren hautagai moduan. Zer egoera pertsonalean aurkitzen zara? Egoera onean, hala uste dut. Udaletxeko martxa barru-barrutik ezagutzen dut, herritarren beharrak zein diren ere badakit, eta herriko elkarte eta kolektiboekin ere bilera asko egin ditugu legealdi honetan. Herriko beharrak eta arazoak gertu-gertutik ezagutu ditugu. Lehen bezainbesteko gogoarekin aurkezten naiz hauteskundeetara, eta [...]
Laugarren aldiz aurkeztuko da Ordiziako alkatetzara, eta bukatzear den legealdian gobernuan egon eta gero, ez du baztertzen berriz egotea; «gobernatzeko prest gaude».
Iñaki Gurrutxaga
Urteek eta eskarmentuak ematen duten ikuspegiaren hitz egiten du politikaz eta hauteskundeez Iñaki Dubreuilek (Ordizia, 1957). Politika sozialean sakondu nahi du, azken lau urteetan egindako bideari segida eman. Bilduren presentziak egoera iraul dezakeela badaki, “babes zabala” jasoko duela uste baitu. [Elkarrizketa joan den ostiralean egina dago].
Aste berezi samarra izan da zuretzat, zure aurkako atentatua ustez egin zutenen epaiketan deklaratu behar izan duzu. Nola bizi izan duzu momentu hori?
Bai. Saiatzen naiz gauza horietaz ahazten, baina egia esan, ezin naiz sekula ahaztu horrekin. Zure burmuinean gai hori alde batera uzten saiatzen naiz. Aste honetakoarekin hirugarren epaiketa da ni joan naizenena, eta espero dut azkena izatea. Nire bizitzaren atal hori pixkanaka ahazten joan nahi nuke, baina badakit sekula ez dudala ahaztuko.
Laugarren aldiz aurkeztuko zara Ordiziako alkatetzara PSE-EEren hautagai moduan. Zer egoera pertsonalean aurkitzen zara?
Egoera onean, hala uste dut. Udaletxeko martxa barru-barrutik ezagutzen dut, herritarren beharrak zein diren ere badakit, eta herriko elkarte eta kolektiboekin ere bilera asko egin ditugu legealdi honetan. Herriko beharrak eta arazoak gertu-gertutik ezagutu ditugu. Lehen bezainbesteko gogoarekin aurkezten naiz hauteskundeetara, eta beharbada gehiagoarekin, izan ere, Ordiziarako zer nahi dugun oso argi daukagu. Adineko pertsonen planaren zirriborroa egina dugu, Berdintasun Plana ere martxan da… Orain exekuzioa fasea hasteko ataria gaudela esango nuke.
Aurkezpenean esan zenuen ilusioz, arduraz eta konpromisoz beteta ekingo diozula legealdi berriari. Izatez baikorra al zara?
Baikorra ez, oso baikorra. Gauza askotan lagundu dit baikorra izateak. Botila erdi beteta ikusten duten horietakoa naiz. Zailtasunak ere ikusten ditugu, eta gai bati aurre egiterakoan ohitura daukat zein zailtasunekin topo egin dezakedan aztertzea. Baina beti irtenbidearen bila aritzen naiz, ahal dena egin, eta ahal dela ez blokeatu. Baikorra naiz, eta gero eta prakmatikoagoa. Nire ideal nagusien perspektiba ez galtzen ere saiatzen naiz.
Bi legealditan oposizioan egon ondoren, bukatu berri den honetan Ordiziako Udaleko gobernuan egon zara, zure alderdiak EAJ eta EArekin egindako hitzarmenari esker. Zer moduzko balorazioa egiten duzue hiruko gobernuaz?
Ezberdinen arteko edozein koalizio eta akordiotan gertatzen den bezalaxe, beti dago kirrinka egiten duen gairen bat, eta hori hizketan eta bakoitzak bere argudioak aurkeztuz konpontzen saiatzen gara. Baina alde positiboak gehiago dira, herriarentzat onak diren akordio garrantzitsuak aurrera ateratzeko gai izan gara lau urteotan, eta kontuan hartu behar da hiru alderdi oso ezberdin egon garela gobernuan. Gu denontzat ikasgai polita izan da legealdi hau, hiru alderdion artean Ordiziarentzat onak diren proiektuak sortu baititugu. Kultura, Hezkuntza eta Ongizate arloei bultzada eman diegu, Agenda 21 delegazioari ere bai… Gero alderdi bakoitza bere delegazioari begira aritu da, hori egia da, baina erabaki potoloak denon artean hartu ditugu, kontsentsuz.
Eta zuen lanaz? Zu Ongizate saileko buru izan zara, eta zure beste alderdikide bat, Monica Marañon, partaidetza saileko buru. Zertan asmatu duzue lau urte hauetan?
Paperik zailenetakoa eduki dugula esango nuke. Partaidetza eta boluntzariotza delegazioa delegazio berria da, eta hutsetik abiatuko behar izan dugu. Gizarte Ongizateak, berriz, egundoko aldaketa jasan du lau urteotan. Araudi berria onartu dugu, eta hori ona da, baina lan asko ere eskatzen du, eskumen berri guztietara ohitu behar izan baitugu. Menpekotasun Legeak esfortzu handia eskatu digu, batez ere kudeaketa, kontratazio eta tramitazio aldetik. Gizarte arloko hainbat legetan aldaketak ere egin ditugu. Nik uste dut etorri denari aurre egiten jakin dugula, eta datorren legealdirako oinarriak ere jarri ditugula. Politika sozialeko gaietan partaidetzaren gaia ere landu dugu, Berdintasun Plana, Adineko Pertsonen Plana ere garatzen ari gara, Gizarte Zerbitzuen Plana airean utzi dugu datorren legealdirako…
Eguneko zentroa sortu duzue, baina San Jose egoitzarekin komeriak izan dira. Datozen lau urteotan hori bideratzeko gai izango al zarete?
Eguneko zentroa irekitzea urrats garrantzitsua da Ordiziarentzat. Astelehenetik ostiralera hiru plaza gehiago sortzea lortu dugu. Gaur egun astean zeharrerako 18 plaza ditugu, eta aste bukaeretarako bederatzi, Sendian programan ere sartu gara familiek atseden har dezaten… Datorren legealdian 25 plaza edukitzea da helburuetako bat. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren gaia normalizatzea lortu dugu, eta horrekin harro nago. Zerbitzua hobetu egin da, eta horrez gain, lanpostu normalizatuak sortzea ahalbidetu dugu. Hamabost lanpostu izan dira, eta legealdi guztian eutsi diegu lanpostu horiei. Hala ere, Gizarte Ongizate arloa aldaketa garaian dago. 31 lanpostu sortu ditugu denera, eta departamenduan bertan ere plantilla handitu dugu, gizarte langile eta administrari bat gehiago kontratatuz.
Baina San Jose egoitzako auzia erabat konpondu gabe geratu da.
Arazoa lehengo berbera da. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu behar zuen eskumena 2001ean, eta oraindik ez du bere gain hartu. Ordiziako Udalak 400.000 euro jarri behar izan zituen iaz diru-sarrera eta irteerak orekatzeko. 2001etik bi milioi euro baino gehiago jarri ditu udalak. Diputazioak ez ditu zituen asmoak bete. Eta orain, aurrera begira zer nolako egoitza nahi dugun eztabaidatzen ari gara; ea lurzorurik badugun egoitza berri bat egiteko, ea egoitza kudeatu nahi duen enpresarik badagoen, Diputazioak zer asmo dituen ere jakin beharko dugu… Nik uste dut datorren urtean eztabaidagai nagusietako bat izango dela San Jose egoitzarena.
Egoitzarena ez ezik, zer beste gai geratu zaizue airean?
Mugikortasun eta irisgarritasun gaietan. 2008an Irisgarritasun Plana onartu genuen, 2009an dirua ere aurreikusi genuen maldaxka mekaniko bat jartzeko, baina planak berak esaten zigun espaloien gaiak igogailuenak baino lehentasun handiagoa zuela. Alkatetzak erabaki zuen espaloietan egin behar zela apustua. 2010ean krisiak min asko eman digu, eta igogailu bat egiteko dirua aurreikusi dugu.
Zer tokitan?
P-21 inguruan. Tren geltokitik Etxezarreta kalera maldaxka mekaniko bat egitea aurreikusita genuen, elizarako eskaileretatik, baina 490.000 euro inguru balio zuen, eta ez geneukan diru hori. P-21ean igogailua jartzea merkeagoa da; geltoki inguruan autoa utzi, P-21tik barrena Urdaneta kalera igo, eta hortik kasko historikora. Leku egokienak zehaztea falta da, eta gastua eta exekuzioa sakabanatzea. Igogailua datorren legealdiaren hasieran egingo da, gauza gehienak lotuta baitaude. Ordizian bi mila inguru herritar daude 65 urtetik gorakoak, Menpekotasun Legearen barruan mila balorazio baino gehiago egin ditugu, jende asko dago mugikortasun arazoak dituena, Ordizian eskailera asko dago, eta uste dut gogo gehiagorekin heldu behar zaiola gaiari.
Hiruko formula hori ez dela errepikatu argia da, EA Bildu koalizioan baitoa aurten. Nola baloratzen duzu koalizioaren parte hartzea hauteskundeetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaia jakin berritan?
Hirukoa ez dela errepikatu argi dago. Gure alderdiak eman ditu gai honi buruzko argibideak, ez orain bakarrik, aurretik ere bai. Eman diren epaiak espero genuen, eta guk auzitegien erabakiak errespetatu egiten ditugu. Guri asko gustatzen zaigu konfrontazio politikoa edukitzea gainontzeko alderdi demokratikoekin. Zu alderdi bateko kidea zara bestearekin konfrontazioa edukitzeko gogoa edukitzen duzu, eta guk zentzun horretan, ez dugu inolako arazorik. Ordizia nola geratuko den? Orain arte eman diren botoak errepikatzen baldin badira, Bilduk babes zabala jasoko du, 1.200 eta 1.300 boto artean.
Bilduren presentziak Ordiziako mapa politikoa aldatuko duela iruditzen zaizu? Iragarpenen bat egitera ausartzen al zara?
Naturala dena, eta beti izan dena, hori izango da. Bildu izango da lehen indarra, bigarrena EAJ izango dela uste dut, baldin eta guk ez badiegu aurre hartzen. Gero datoz Aralar, Ezker Batua, PP eta ez dakit Hamaikabat zinegotziren bat lortzeko gai izango den. Gehiengo absoluturik inork ez duela lortuko iruditzen zait, eta horrek akordioak egiteko bidea irekiko du, eta hori nire ustez, oso aberasgarria da.
Udal gobernuan ikusten al duzu zure burua datorren legealdian?
Ez daukat ideiarik ere, baina esan behar dena da gu gobernatzeko prest gaudela. Urte asko daramatzagu udalean, badakigu zertan ari garen, eta legealdi honetan zerbait erakutsi badugu lanerako daukagun gaitasuna da. Inork ezin digu leporatu ezer gutxi egin dugunik. Zenbait gauza ez genituen ondo egingo, baina orokorrean begiratuta, balorazio positiboa dela esango nuke.
Lana sustatzea, eta gazte eta helduentzako politika sektorialak bultzatzea dira zuen programaren ikurrak. Zer proposamen zehatz egingo dituzue arlo horietan?
Lana sustatzerako garaian, alderdi guztiok bat egiten dugun bi gai daude; batetik, Goierri Berrikuntza Gunea, eta bestetik, industrialdea sustatzea Arkarten. Ordiziak esku-lana esportatzen du eskualdera, Ordiziako langile gehienek kanpoan egiten dute lan. Ordizian lanpostuak sortzeko beste industrialde bat sortzea da dagoen bide bakarrenetako bat. Horretaz gain, eta krisiaren aurkako planean azaltzen den moduan, komertzio berriak sortu nahi ditugu. Lanpostu berriak sortzeko arloa arlo-makro baten sortu nahi dugu: gizarte zerbitzuak, osasuna, berdintasuna eta lana. Industria lurra, komertzioa babestea eta urtero langabezian dauden jendea kontratatzea aurrera egin dezan.
Hirigintza arloan, San Joango proiektua izan da legealdi honetako ardatza. Zu, gainera, Ordizia Lantzeneko ordezkari ere izan zara. Etxebizitza politikan ekarpen jakinen bat egiteko asmorik ba al duzue? Orain lau urte etxe hutsak merkatuan jartzearen alde hitz egin zenuen. Zergatik ez da martxan jarri? Martxan jartzeko zaila den gaia al da?
Etxebizitzaren arloan, Eusko Jaurlaritzarekin pendiente ditugun alokairuzko etxeen gaiari helduko diogu. Ea horiek urte bukaerarako martxan jartzeko aukera dagoen. Udaletxeak berak alokairuzko pisuak sortzearena bideraezina da ia, ezin diogun kostu horri aurre egin. San Joanek bere bidea egingo du, eta San Joango Floreagan sustatu ditugu babes ofizialeko eta alokairuzko etxeak. Iturtxo ingurua garatzea aurreikusten dugu, eta inguru hori berreskuratzea San Jose egoitza lekuz aldatzeko ideiarekin batera etorri zen. Etxebizitzen hutsen gaia, berriz, hor dago, ia ukitu gabe. Esan behar dena Euskadi 09+ planaren barruan pertsona bat kontratatu dugula azterketa hori egiteko. Pisu tutelatuen gaia ere hor dago, eta ikusi nahi dugu ea hutsik dauden etxe horietatik zein daude egokituta. Etxebitza hutsen gaian, esan, etxe horiek pribatuak direla, eta guk uste dugu etxebizitza publikoa sustatu behar dugula.
Kirol azpiegiturak hobetzeko saiakera egin duzue lau urteotan. Majoriko ordezkari ere izan zara zu. Arlo hori asetuta gelditu dela iruditzen al zaizu?
Majorin eraiki berria egin dugu, baina ekipamendua pixkanaka jarri beharko dugu, urtez urte egin beharko dugu. Ezin dugu urteko inbertsio nagusia beti kiroldegira bideratu. Majori, egia esan, txiki geratu da, eta Ordiziak duen kirol bizitza kontuan hartuta, bada, ikaragarria da zer mugimendu dagoen. Kirolean egiten dugun proposamena inbertsioa da, eta kirol teknikariak har ditzala dagozkion eskumen guztiak Ordizian kirola gara dadin. Denontzako kirola ekimena indartu behar dela uste dut, federatuetatik aparte.
Herri Antzokiko kontseiluan ere izan zara. Orain lau urte antzokian kultur zentro bat egitearen alde azaldu zinen. Gai hori ere ez da bideratu. Zer proposamen dituzuen kultur alorrerako?
Horretan ari gara. Aurten hainbat gestio egin ditugu antzokiaren azpialdean dauden lokalka zenbat kosta daitezkeen aztertzeko. Epe motzean eraikin guztiaren jabe egitea aurreikusten da, eta behin hori eginda, proiektua egiten hasi beharko dugu. Ez dut uste eztabaida handirik izango dugunik egin behar denaz, herriko kultur taldeen beharrak zeintzuk diren denok baitakigu. Legealdi honetan, bestalde, zinemaren aldeko apustua egin dugu. Zinemarena gainbeheran dago, baina nik uste dut hori sustatu egin behar dugula.
Euskararen normalizazioari dagokionean, 60 bat hedabidek eskakizunak egin dizkiete erakunde publikoei. Zuk, udaletik, nola erantzungo zenioke eskaera horri?
Ordizian euskararen inguruan sustatzen diren gauzekin ez dugu arazorik. Guk bat egiten dugun arloa diru laguntzen banaketaren ingurukoa da, Goierriko Hitzari edo Goierri Telebistari ematen zaienena. Enpresa pribatuak dira, eta nik ez dut esaten lagundu behar direnik, lanpostuak sortzen dituztelako eta bere zerbitzua betetzen dutelako. Baina euskarazko komunikabideak direlako biztanleko 2 euro ematea gehiegitxo iruditzen zait. Gu beti gaude akordiotarako prest, eta kasu honetan ere, hitz egin beharko litzateke lerro editorialari buruz, alderdiei ematen zaien espazioari buruz.
Agerraldi publikoak euskaraz noizko?
Antropologia bukatzeko gelditzen zaidan ikasgaiaren modukoa da hori [barrez]. Gustatuko litzaidake, eta egun batean ezustekoren bat emango dizuet beharbada. Ulertu nahiko ondo egiten dut, eta elkarrizketa bat ere manten dezaket, baina publikoan euskaraz aritzea bada…
Azpiegitura aldetik, AHTaren lanak Ordizian hasi ziren orain bizpahiru urte. Azpiegitura erraldoi horri zer erabilpen eman behar zaion gizarteak argi dakiela uste al duzu?
Nik uste dut zalantzak badaudela, eta publizitatean nonbait dirua gastatu bada, hori AHTaren gaian izan da. Jende askok gai guztien inguruan egiten du paso, ekologistek txikizio baten moduan ikusten dute, eta ni bezalako pragmatikoek badakigu inpaktu ekologikoa badagoela eta saiatu behar dugula kaltea ahalik eta txikiena izan dadin. AHTa beharrezko azpiegitura bat dela uste dut, eta badakit jende askok ez dakiela ezer ez honi buruz. Dimentsio hauetako proiektu bat oso konplexua izaten da. Batetik, merkantzietarako izan daiteke, hemen dagoen enpresa sareari laguntzeko, baina bestaldetik, bidaiarientzat ere izan daiteke. Baina beno, ez dut uste hori denik oraingo eztabaida, behin obra bukatzen denean erabilpena emango zaio eta.
Zaborren kudeaketaren gaia ere hizpide iturri izan da azken legealdian, Gipuzkoa mailan batez ere. Zer sistema defendatzen duzu? Zabortegien eta errausteko plantaren teknologia azken urrats moduan ikusten zenuen zuek duela lau urte. Sasieta ere betetzear da… eta zu bertan ordezkari ere izan zara.
Nik uste dut Sasietan ondo lan egin dugula, nahiz eta hobetzeko tartea beti eduki. Birziklatzearen alde lan asko egin da, konpostatzea ere bultzatu da, baina nik uste dut gehiago saiatu behar dugula bi alor horiek indartzeko. Errausteko plantara ahalik eta hondakin gutxiena eramatearen aldeko naiz, ia ezer ez, birzikla ezin daitekeena. Gu birziklatzean eta konpostajean sakontzearen aldekoak gara.
Orain dela lau urte baino argiago ikusten al duzu euskal politikaren egoera. Konponbidea gertu ikusten al duzu, edo gertuago soilik.
Egoera politikoa oso interesgarria dagoela iruditzen zait. Ikusi besterik ez dago Ordizian, zazpi zerrenda aurkeztu gara. Hori aldatu egin beharko dela uste dut, eta etorkizunean lau bloke nagusituko direla uste dut, ezker eta eskuin espainizalea, eta ezker eta eskuin abertzalea. Bakegintzari, dagokionez, berriz, baikorra naizela esango dizut.














