Maria Reyes Arias: «Lan hau Ordizian aurkezteak ilusio berezia egiten dit»
Una caja de botones film laburrari Goya saria eman ziotenetik, gelditu ere egin gabe dabil Maria Reyes Arias (Ordizia, 1968) zuzendari eta aktorea. Bateko eta besteko jaialdietan aurkeztu du filma eta sari sorta bat ere jaso du; bereziena ordea, Goya saria izan da. Bihar, Ordiziako antzokian aurkeztuko du bere filma, 20:30ean. Sari asko jaso dituzu, baina Goya bat berezia izango da, ezta? Dudarik gabe, azken finean, Espainia mailan ematen den saririk garrantzitsuena da. Hala ere, apirilean, Houstongo jaialdian epaimahaiaren saria eman zidaten eta hark ere ilusioa egin zidan. Niretzat oso berezia izan zen, AEBetan, horrelako konpetentzia eta produkzio maila duen herrialde batean, Una caja de botones bezalako film batek harrera hori izateak, emozio handia eragin zidan. Beraz, munduan zehar zabaldu duzu zure lana? Bai, uste dut dagoeneko bost kontinenteetara iritsi dela. Kuriosoa da baina aurreko batean, Aitor Mantxola argazki zuzendariak historia bitxi bat kontatu zidan. Bere Oñatiko lagun batzuk Nigeriara joan ziren, ume bat adoptatzera. Egun haietan zinema jaialdi bat zegoen han. Eta hara non, saio horietako batean, nire filma ikusi eta aktoreetako bat Oñatiko neskato bat zela konturatu ziren. Pentsa, Afrikara joan eta zure herriko norbait pantaila batean ikustea, harrigarria da. Bateko eta besteko aurkezpenekin lanpetuta zabiltza, baina ba [...]
Una caja de botones film laburrari Goya saria eman ziotenetik, gelditu ere egin gabe dabil Maria Reyes Arias (Ordizia, 1968) zuzendari eta aktorea. Bateko eta besteko jaialdietan aurkeztu du filma eta sari sorta bat ere jaso du; bereziena ordea, Goya saria izan da. Bihar, Ordiziako antzokian aurkeztuko du bere filma, 20:30ean.
Sari asko jaso dituzu, baina Goya bat berezia izango da, ezta?
Dudarik gabe, azken finean, Espainia mailan ematen den saririk garrantzitsuena da. Hala ere, apirilean, Houstongo jaialdian epaimahaiaren saria eman zidaten eta hark ere ilusioa egin zidan. Niretzat oso berezia izan zen, AEBetan, horrelako konpetentzia eta produkzio maila duen herrialde batean, Una caja de botones bezalako film batek harrera hori izateak, emozio handia eragin zidan.
Beraz, munduan zehar zabaldu duzu zure lana?
Bai, uste dut dagoeneko bost kontinenteetara iritsi dela. Kuriosoa da baina aurreko batean, Aitor Mantxola argazki zuzendariak historia bitxi bat kontatu zidan. Bere Oñatiko lagun batzuk Nigeriara joan ziren, ume bat adoptatzera. Egun haietan zinema jaialdi bat zegoen han. Eta hara non, saio horietako batean, nire filma ikusi eta aktoreetako bat Oñatiko neskato bat zela konturatu ziren. Pentsa, Afrikara joan eta zure herriko norbait pantaila batean ikustea, harrigarria da.
Bateko eta besteko aurkezpenekin lanpetuta zabiltza, baina ba al duzu beste proiekturen bat buruan?
Jende askok galdetzen dit, baina egia esateko, ez dut ezertan hasteko denborarik izan. Zinetik bizitza oso zaila da eta nik behintzat, orain arte ez dut lortu. Horrek beste lan paralelo bat izatea eskatzen du eta zinema gehiago da bokazioa benetako ogibidea baino. Baina Ordiziatik bueltan, ez dut beste aurkezpenik egiteko asmorik eta neure buruari agindu diot, abendurako proiekturen bat esku artean izan behar dudala.
Gidoia izango litzateke ala zuzendaritza lanetara bueltatuko zara?
Gidoi bat neuk bakarrik egiten badut, printzipioz nik neuk zuzentzea gustatuko litzaidake. Una caja de botones laburmetraiaren ekoizleak esan zidan, hurrengo pausoa film luze bat egitea dela eta bera ekoizteko prest dagoela. Hau guztia bukatutakoan, horretan hasteko asmoa dut.
Lanbide honen ia alde guztiak ezagutu dituzu, baina zein izan da gehien bete zaituena?
Sari aldetik eta, satisfazio handiena eman didana zuzendari lana izan da. Pentsa, zuzendutako aurreneko lanari Goya bat ematea… Baina egia esan, aktore moduan lan egiten ere asko gozatzen dut. Baita gidoiak egiten ere, imajinazioari hegan egiten uzteko aukera ematen baitu eta horrek asko aberasten du. Uste dut produkzio arloa dela gutxien gustatu zaidana.
Bihar Ordizian, zure jaioterrian aurkeztuko duzu laburmetraia.
Izugarrizko ilusioa egiten dit, benetan. Goya honek nire lana Ordizian aurkezteko balio izan badu, hori da niretzat saririk onena. Pentsatzearekin bakarrik emozionatu egiten naiz.
Jaioterriak asko markatu zaitu, beraz?
Bai, batez ere haurtzaroa han bizi izan nuelako. Garai horretan ikasten da zer den bizitza, baloreak, bizitzaren alde onak eta txarrak, azken finean. Eta nire filmean dauden gauza askok ere, zerikusi handia dute nik umetan Ordizian bizi izan nuenarekin. Gero, dudarik gabe, imajinazioak eta fikzioak ere toki handia dute, baina oinarri hori hor gelditzen da.














