Unai Baztarrika (Aralar): “Gazteak aurrean egonda herritarrak politikara gerturatzea errazagoa izango da”
Unai Baztarrikak (Beasain, 1982) lehenengo parte-hartzea du hauteskundeetan. “Zerrendetan joan izan naiz, baina aktiboki lehenengo aldia da. Politika aspalditik jarraitu dut. Inor ez zen animatzen, inork ez zuen pauso bat ematen. Nik uste garaia badela aurpegi berri batzuk azaltzeko, eta sinistuta aldaketa nonbaitetik etorri behar duela. Askotan, beti zain egon gabe, norberak pausoa eman eta ikusi zer den. Kanpoko kritika erraza da. Erreto pertsonal bat ere bada, ikasteko, eta herriaren alde zerbait egiteko nahia, askotan hori ere ez da erraza izaten. Aukera bat eta lana da”, dio. Unai Baztarrika, Aralarren Beasaingo alkategaia. Arg.: Aimar Maiz Beasaingo hautagaitzetan “horrenbeste gazte ikusita” poztu egin da. “Bazen garaia. Lehengo politika egiteko modu hori, betiko aurpegiak, ‘gazteak atzetik datoz eta ikasi egin behar dute’ esaten da. Gu ez bagara sartzen… Besteentzat arazo dena guretzat ez, eta alderantziz. Guk ere parte izan behar dugu. Ea aukera dugun hori adierazteko. Gazteak aurrean egonda gerturatzea errazagoa izango da. Ea denon artean zerbait polita egiteko gai izaten garen”. ELKARRIZKETA Aralar, Goierrin, bost herritan aurkeztu da maiatzaren 22ko hauteskundeetara. Pixkanaka hazten doa Aralar alderdia. Orain lau urte Goierri mailan Ordizian eta Beasainen koalizioan aurkeztu zen. Orain bostetan, eta zerrenda nahiko gazte dexente, aurpegi berriak ere bai. Pixkanaka beldurrak kendu [...]
Unai Baztarrikak (Beasain, 1982) lehenengo parte-hartzea du hauteskundeetan. “Zerrendetan joan izan naiz, baina aktiboki lehenengo aldia da. Politika aspalditik jarraitu dut. Inor ez zen animatzen, inork ez zuen pauso bat ematen. Nik uste garaia badela aurpegi berri batzuk azaltzeko, eta sinistuta aldaketa nonbaitetik etorri behar duela. Askotan, beti zain egon gabe, norberak pausoa eman eta ikusi zer den. Kanpoko kritika erraza da. Erreto pertsonal bat ere bada, ikasteko, eta herriaren alde zerbait egiteko nahia, askotan hori ere ez da erraza izaten. Aukera bat eta lana da”, dio.
Beasaingo hautagaitzetan “horrenbeste gazte ikusita” poztu egin da. “Bazen garaia. Lehengo politika egiteko modu hori, betiko aurpegiak, ‘gazteak atzetik datoz eta ikasi egin behar dute’ esaten da. Gu ez bagara sartzen… Besteentzat arazo dena guretzat ez, eta alderantziz. Guk ere parte izan behar dugu. Ea aukera dugun hori adierazteko. Gazteak aurrean egonda gerturatzea errazagoa izango da. Ea denon artean zerbait polita egiteko gai izaten garen”.
ELKARRIZKETA
Aralar, Goierrin, bost herritan aurkeztu da maiatzaren 22ko hauteskundeetara.
Pixkanaka hazten doa Aralar alderdia. Orain lau urte Goierri mailan Ordizian eta Beasainen koalizioan aurkeztu zen. Orain bostetan, eta zerrenda nahiko gazte dexente, aurpegi berriak ere bai. Pixkanaka beldurrak kendu eta ari gara jendea gerturatzen. Horretara goaz, poliki-poliki.
Goierrin helburuak, egitasmoak eta programaren ildo nagusiak zeintzuk dituzue?
Eskualde mailan fokoa krisi ekonomikoan jarri behar dugu. Langabezia nola igo den ikusita –Beasain batean lau urtean bost puntu igo da portzentualki– hori badator, hor daukagu, eta horren aurrean zerbait egin beharra dago. Eskualde mailatik nahiko erantzun eman behar dira: Goieki, Uggasa garapen agentziak hor daude, eta horiek bultzatu behar dute lanpostu gehiago sortzea. Zerbitzu publikoak ere beheraka datoz krisi garaian; geroz eta gutxiago edo kalitate txarragokoak behintzat izango ditugun itxura dauka. Langabezia igotzen den bitarten horiei eman behar zaie zerbitzu bat; enplegu planak sortu behar dira. Posible da udaletatik ere, beti gora begira egon gabe, enplegu planak sortzea, arazo gehien dauzkaten jende taldeak lehenetsi eta kalitatezko enplegua sortzeko. Gurpil bat da, batek bestea ekartzen du. Garrantzizkoena krisia izango da, eta ondorioak ezkerreko irtenbideetatik ematea.
Ideia horiek nola eraman daitezke praktikara?
Udaletako zerga sistemari buelta bat eman behar zaiola uste dugu. Udalak oso mugatuta daude. Batzar Nagusiek dute botere fiskala, eta udalen finantzazioa igota gauza hauek errazagoak izango lirateke. Azken batean udalak dira herritarrekin harreman zuzena daukatenak, eta harreman zuzen hori aprobetxatuta laguntzak ere askoz zuzenagoak dira, eta eraginkorragoak izan litezke. Eredu fiskala aldatu beharra dago, dagoenarekin oso mugatuta gabiltz. Zerbitzu publikoak pribatizatzearen arrazoietako bat hori da, udalak ezin du mantendu zahar egoitza, beste edozein zerbitzu. Horren kontra, enplegu zuzena sortzea izan beharko luke, eta horretarako, noski, finantzazioa behar da.
Eskualdearen ikuspegi bateratua hartu duzue.
Uste dugu oso lotuta daudela [goia eta behea]. Ikusi besterik ez dago, goitik zenbat jende etortzen den lanera, alderantziz ere bai. Azkenean, harreman ekonomikoak ere hor daude: Urola Garaikoak Goierrirekin askoz zuzenagoak dira, eta esfortzuak bizkoiztea ere ez da ona. Bien artean lana egitea eta aukera izatea beti da onuragarri.
Bikoiztasuna nola saihets daiteke?
Ez dut esango bizkarra emanda lan egiten dutenik garapen agentziek, baina bai Goiekik egin dituen gauza askoren atzetik etorri dela Uggasa, eta alderantziz; batek egin duena besteak ez du egin. Esperientzia horiek trukatu beharra dago. Ikerketa eta berrikuntza beti makroproiektu handiekin lotu izan dira, baina eskualde mailan gauza politak egin litezke hainbeste diru gastatu gabe. Igoal Zumarraga-Urretxun ekonomia aldetik krisia ageriagoa da, hango ekonomia balio erantsirik gabekoa delako; Orbegozo eta hauek aspaldiko industriak dira, izugarri kostatzen da errentagarritasuna ematea. Han bai dela benetan beharrezkoa berrikuntza eta balio erantsiko zerbait sortzea.
Gizarte-ekonomia, edo zerbitzu sozialen inguruan sortzen diren enpresak bultzatu behar ditugu. Gero eta adineko gehiago ditugu, etorkinak… Gai horiei aurre egiteko enpresak sortu beharra daude, inkubategi edo dena delakoekin bultzatu.
Beasaingo alkategai zara. Zer asmo ditu Aralarrek Beasainerako?
Ezkerreko eta abertzale izango den alternatiba. Beasainen hainbeste urte betiko gobernu kolore berdineko honekin, aukera badagoela uste dut. Aldaketa behar baldin bada, aldaketak erreala izan behar du. Ezkerreko eta abertzale aldaketa hori oso posible da. Sinistu behar dugu, eta horren alde egingo dugu. Ezkerrekoa izanda, udal mailan ere krisiaren eta langabeziaren aurrean egon behar dugu. Gobernuan ez bagaude ere horren alde tinko egon behar dugu, edozein neurri hartzen dela guk beti ezkerreko aldetik ikusi behar dugu.
Helburu nagusi bezala parte-hartzea eta gardentasuna dira. Udal gobernua gazteekiko eta herritar guztiekiko nahiko mugatuta egon da. Batetik komunikazio-bideak irekitzea, webgunea erabat infraerabilia da, ez dauka inongo funtzionalitate estrarik. Gauza askotarako erabili beharko genuke, jendeak parte hartzeko modu bezala. Ez komisio ireki batera joan eta bere iritzia emanda parte hartu bakarrik; edozein arazoren aurrean batzorde ireki bat sor daiteke, arazo horrek eragiten dien pertsonekin. Iradokizunak bide horretatik udal gobernura iristea da, herritarrek zer eskatzen duten, eta horren arabera erabakiak hartzea. Azken batean, erabaki oso garrantzitsua baldin bada eta denoi eragiten badigu, baita erreferendumak egitea ere. Parte-hartzea bultzatu. Aralarrek hori proposatu du beti: guk esaten duguna ez dela izango gurea bakarrik, horretan nahiko irekiak izatea, ez alderdi baten menpe egotea. Herritar guztiekiko bideak irekitzea, sare bat sortu, eta udaletxean herritarrek nahi dutena egin dadin. Hori oso puntu garrantzitsua da, eta uste dut etorkizunean politikak hortik joko duela. Holako udal txikiak aukera onak dira gauza horiek probatzeko. Beasainen egin izan da trafikoaren inguruko batzordea, baina azkenean errealitatean ikusten da aholkulari moduko taldetxoak direla. Erabakiak hartzeko aukera ere eman behar zaie herritarrei.
Ekonomia aipatu duzu lehentasun handienekoa. Beasaingo enpresa handienean enplegu murrizketa hotsak ibili dira, beste zenbaitetan ere bai. Zer neurri proposatzen duzue?
Langileen defentsa izango dugu aurrenekoa. EREen aurrean udalak ezin du edozein onartu, kasuz kasu zein den egoera ikusi behar da. Enpresa txikiei laguntza eman behar zaie, inpagoak eta dituzte. Udalak mugitu behar du ordainketak hilabete barruan jasotzeko, egoera hain ona ez den kasuetan luzapenak emanda beste enpresekiko ordainketak egiterako garaian. Lagundu eta bultzatu enpresa hauek biziaraztea. Eta dibertsifikatzea ere bai. Hori gehiago izan daiteke Goiekiren lana.
Azpiegituren arloan, AHTk Beasain ebaki du; errepideetan trafikoaren emaria handia da, baita Beasain erdigunean ere.
AHTren kontra gaude, erabat. Uste dugu Gipuzkoak jada nahiko kalte jasan duela. Azpiegitura handien proiektuak eta diru gastuak atzean utzi behar ditugu. Dauzkagun azpiegiturak ondo eta behar bezala erabili behar dira. Garraioaren inguruan, eskualdeko plan bat eratu behar da. Garraio publikoa egon badago, baina benetan lehiakorra izan dadila. Adibidez, CAFek mugitzen duen jende kopuru handi hori ezin da autoz mugitu eskualdean. Garraio publiko eraginkorra jarri eta hori erabiltzera bultzatu behar da. Trafikoa azkenean hortik ere badator; iruditzen zaigu trafikoa eredu txar baten sintoma dela, besterik ez, baina bultzatu egin behar da, eta penalizatzera iritsi behar badugu herri barruan aparkatzea, adibidez, iritsiko gara. Herriak ez dira kotxeentzako izan behar. Ez da Kale Nagusia peatonalizatzea bakarrik. Herriek orokorrean pertsonentzako egindakoak izan behar dute, eta autoek kanpoan geratu behar dute.
TAO sistema bat?
Ez dakigu zein izango litzatekeen hitz tabua. Baina ez genuke lotsarik izan behar esateko. Ez da afan errekaudatorioa. Herria guretzako izatea eta umeak lasai ibiltzea nahi badugu, ezin da onartu horrenbesteko trafikoa. Eta gainera trafikoa izatea Beasaingo arazo handienetakoa… Guk ez dugu uste arazo handienetakoa denik. Arazo handiagoa iruditzen zaigu eskualdean dagoen garraio sistema hobetzea, baita herri mailan ere: bizikleta eta oinezkoa bultzatzea.
Etxebizitza. Alokairukoa, sozialak, hutsak.. zer gabezia eta behar ikusten dituzue?
Arazo handiena gazteen ikuspuntutik ikusten dugu, batik bat. Gazteak etxetik emantzipatzeak suposatzen du bizi tarte handi baterako zorra, hipoteka. Garrantzitsuena ez da jabetzako etxea izatea. Alokairu sozialaren alde egin behar da, puntu desberdinetan. Beasainen etxe huts asko dago; behingoz horien zentso erreala egin behar da, eta tramitazio fiskalak erabili etxe horiek guztiak merkatura ateratzeko eta kontrolatzeko. Gazteentzako edo halako erraztasunik ez daukaten pertsona guztientzako alokairu soziala, merkea ez dakit, baina justua, izan dadila.
Eraikuntza berrien inguruan, jabetzako babes ofizialeko etxebizitzen kontua ezin da gehiago luzatu, eraikitzaileei laguntzeko eta krisitik ateratzeko. Horregatik, eraikitzen denaren %80 alokairu sozialekoa izan behar dela uste dugu, eta jabetza gelditu dadila libreetarako. Eraiki behar dena saiatu behar dugu alokairu sozialekoa izatea.
Bestetik, lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko aukera ona da. Gauzak erraztu egin behar dira, gazteak ezin ditugu eduki 29-30 urtera arte gurasoen etxean bizitzen. Alokairua bultzatu nahi bada, merkatua zabaldu egin behar da, eta Beasainek nahikoa aukera badu horretarako. Alokairu soziala, ez etxe tasatu, ez etxebizitza libre, eta ez jabetzako babes ofizialeko etxeen alde ere ez genuke egingo. Gure asmoa alokairu sozialarekin egitea da. Beste herri batzuetan izan dira beste esperimentu batzuk, apartamendu txiki moduko etxeak gazteentzat, aukera izateko, nahiz epe jakin baterako izan, etxetik ateratzeko. Esperientzia hor dago, eta alokairu filosofia hori zabalduz gero beste guztia etorriko da atzetik, denbora beharko du baina.
Zaborraren kudeaketa. Bilketa batetik, trataera bestetik. Errauskailua eraikitzen hasi dira. Zer egitasmo duzue gai honekin?
Errauskailua Gipuzkoarentzako izugarrizko hipoteka, zama izango da. Udalak zorpetzeko duten gaitasuna ere mugatuta egongo da hogei bat urtean. Gehiegizkoa iruditzen zaigu, ezin du Gipuzkoak holako gauza bat onartu; gehiago gainera krisi garaian, dauzkagun beharrak –zerbitzu sozialak…– garatzeko, holako azpiegitura batekin beste hogei urterako erabat mugatuta gaudela konturatzen gara.
Errauskailuaren debate horretan, garbi dago beste alternatiba batzuk badaudela, batzuk ezkutatzen direnak. Eman digute errauskailua dela alternatiba bakarra. Zero zabor da helburua, Aralarrek hori defenditzen du. Horren bidean, 5. kontenedorea, atez atekoa… ditugu. Alternatiba guztiak aintzat hartu behar dira. Aplikazioa herriz herri eta herritarren partaidetzarekin izan behar du. Biak dira aintzat hartzeko bilketa sistemak. Helburua zero zabor da, baina aurretik lan asko dago egiteko. Herri mailan, geroz eta zabor gutxiago sortzea. Hiru fase ditu zaborraren kudeaketak: bat, zaborra ez sortzeko egin daitezkeen neurriak; bi, bilketa eta berrerabilpena edo birziklapena; eta azkena, gelditzen denarekin zer egin dezakezun. Garbi dago batzuek jada hirugarrenera salto egin dutela, bigarren urratsa bosgarren kontenedorearekin nolabait makilatuta. Hiru fase horiek kontuan hartu behar dira, eta lehenengoa da geroz eta gutxiago sortzea, geroz eta gutxiago birziklatu beharko delako. Bigarren fasean, atez atekoa eta 5. kontenedorea zabaldu egin behar da, herriz herri eta auzoz auzo. Azkenean, errauskailua argumentu gabe utzi.
Gizarte politikan zer proiektu dakartzue?
Gabezia handiena, kudeaketa ez zuzena eta azpikontratatuta izandako langile askoren prekarietatea da. Hori salatu beharra dago, ez langile horien eskubideak bermatzeko bakarrik, baita zerbitzuan eskaintzen den kalitatea nolabait mugatuta gelditzen delako ere. Zerbitzu horiek guztiek udalaren esku egon beharko lukete. Ezin da ibili kudeaketa ez zuzen horrekin batzuk aberastuz, langileak prekarietatean bizi, eta gainera zerbitzua nolabait mugatuta geldituz. Finantzazioa etorri beharko luke handik edo hemendik, hortik dator guztia. Ekonomia garrantzitsua dago hor, ez zahar egoitzetan bakarrik, etxez etxeko laguntza zerbitzuetan ere badago zer garatu. Zahar etxeetan nahiko agerikoa izan da egoera. Kudeaketa zuzena defendatzen dugu.
Emakumeen ikuspuntutik, ezin dugu lo hartu. Nahiz eta telebistan ikusi oso urrutiko gauza dela emakumeen aurkako indarkeria, hemen gertuan badaukagu. Udalean proposatu nahi dugu protoko bat izatea, jendeak horren berri izatea, eta horrelako zerbait ikusiz gero jendeak jakin dezala zer egin behar duen kasu horietan. Eta, nola ez, tratu txarrak jasan dituena babesteko neurriak zabaltzea.
Etorkinena, arazo baino gehiago aukera ikusten dugu. Kanpotik etorri zaizkigunek badute zer aportatu, ez bakarrik lanera etortzen direlako. Gizartean txertatzeko aukera dago, eta gure esku dago hein batean. Udalean proposatu nahi dugu ongi etorri plana, etortzen den etorkin bakoitzeko protokolo bat izatea, bertako kultura, hizkuntza, ohiturak ezagutarazteko eta integrazioa errazteko.
Kultura. Aurreko legealdian Beasainen bolo-bolo ibili zen azpiegitura falta. Oraingoan nola ikusten duzue gaia? Kultur sorkuntzari dagokionez, zer osasun du Goierrik eta nola hobetu liteke?
Ekipamenduen inguruan, Beasainen gabezia handia dago. Formatu txikiko areto bat behar da. Igartzako patioa eta zinema badaude, eta gero udaletxeko pleno aretoa dago, baina ez da egokia. Kontzertu txikiak emateko leku bat ere beharko litzateke, tamaina ertainekoa. Horrekin batera bilera gela, taldeak elkartzeko gela gehiago. Olarangoa badator, ez dakigu nondik joko duen. Halako gauzek nonbait joan behar dutela esaten dugu, beharra ikusten dugu.
Kultur sorkuntzaren inguruan, faltan botatzen dugu, eta udaletxetik saiatuko gara, eskaintza publikotik aparteko agenda sortzea Goierrin. Erabat subentzionatutako agenda baldin bada, beti zaude horren inguruan mugatuta. Halako aretoak sortzen baditugu, izan daitezke autogestionatuak. Kontrolatu egin beharko dira, diru publikoa erabiliko delako, neurri batean. Agenda autogestionatu bat eratzea, gaztetxe batzuek sortzen duten agenda kultural hori nolabait bultzatu, ez izatea erresiduala. Goierri mailan sortzaileentzako zirkuitu antzekoa sortzea ondo egongo litzateke. Ez beraien aukera izango delako bakarrik, jendea gerturatzeko ere aukera polita izan liteke. Goierrin agenda ekimenak babesten dira –ez beti–, eta denborarekin diru publikoaren menpe geratzen diren irudipena daukagu. Egon dadila zirkuitu bat edo agenda kultural desberdin bat Goierrin.
Euskara. Zer politika sartu nahi duzue?
Pauso ausartagoak eman beharko lirateke udalaren partetik. Egin dira gauzak, baina poliki. Iritsi da momentua arre edo so egiteko. Agerikoa da Beasain batean urteetan lortutakoa, hori ezin da ukatu. Baina pauso batzuk aurrera eman behar ditugu. Lana egiten duen jende asko dago, eta hauetako askok euskaldunak izan beharko lukete. Ez dut esaten komertzioa behartu behar denik horretara, baina neurri hori bultzatu bai. Udal mailan proposatuko duguna da euskara ez dadila izan sail bat edo departamendu bat. Erabat transbertsala izan beharra dauka sailen artean, bakoitzaren parte izan behar da euskara, ez laguntza behar denean kanpotik datorrena. Lehenengo hizkuntza izan behar du, eta etorkinen aurrean ere euskara bultzatu behar da.
Egoera politiko orokorrean, kanpaina hasi arte zalantzan egon da Bilduren parte-hartzea [elkarrizketa hau ostiralean egin zen, kanpainako lehen egunean]. Zer ikuspegi daukazu etorkizun hurbil-ertainera, hauteskunde hauetatik hasita?
Atzokoa pausoa garrantzitsua da, denok eskatzen genuena. Behingoz justizia egin da herri honetan, bazen garaia. Pozten gara. Denok nahi genuen proposamenak aurkeztu. Normalizazioaren bidean pauso oso-oso garrantzitsua da. Hemen inor bizkartzainik gabe ibiltzea, edo denek aurkezteko aukera izatea, edo botoa zeini eman edukitzea oso garrantzitsua eta poztekoa da. Ematen du konponbidea badatorrela, eta honek ez du atzera bueltarik. Iritsiko da. Herri mailatik gauza asko egin ditzakegu; hau ez da etorriko goitik. Eliteko politikariek beraien arteko akordioak izango dituzte arazo asko konpontzeko –presoena dela, biktimena dela…–, hori guztia goitik etorriko den zerbait izan daiteke. Baina herriz herri, herri bakoitzean baditugu gauzak egiteko; urte askoan astakeria asko izan dira, bai alde batetik, bai bestetik; agurra ukatu da desberdin pentsatzeagatik bakarrik. Hori hautsi beharra daukagu. Azkenean katartsi bat izango da indarkeria betiko amaitzen den momentutik aurrera. Herriko harremanak eta desberdinekiko daukagun zera hori, etsaiaren figura kendu –arerio izango gara, noski, gauza batzuetan ez garelako ados egongo, baina beste batzuetan bai– ez dago inongo arazorik batekin edo bestearekin akordioetara iristeko.
Hitz gutxitan, zer eskaintza egingo du Aralarrek?
Politika egiteko modu berria, parte-hartzailea izango dena, herritarrak kontuan izango dituena. Ezkerrekoa eta abertzalea izango dena.
BAZTARRIKA, GERTUTIK
Ingeniaritza informatikoa ikasia, lanbidez programatzailea.
Politikan “aurpegia emateko” lehenengo esperientzia. Poliki-poliki hasi da. “Inor ez da ikasita jaiotzen”. Beasaingo alkategai izateko aurkeztu zutenetik, oraingoz esperientzia “nahiko positiboa” izan da. “Oraindik hasi besterik ez da egin, eta ikusiko dugu zer pasatzen den maiatzaren 22an. Handik aurrera, esperantzarekin eta ilusioz”.
Kanpaina. “Gurpil zoro horretan sartzen zara. Saiatu behar dugu gauza desberdinak egiten, sare sozialak erabiltzen, eta jendearengana modu desbedinetara iristen. Betiko kanpaina ere egingo da, noski, kartelak, esku-orri banaketa eta holako gauzak. Baina beste zerbait ere eskaini behar zaie herritarrei, eta horretan saiatuko naiz”.
Arreta zerk eman dizu mundu honetan sartu zarenean?
Harritu ez dakit, baina herrian ikusi dudan giroa nahiko positiboa izan da, eta asko poztu naiz horrekin. Inguruko jendearen artetik-eta oso jarrera positiboa eta eraikitzailea, nahiz eta gure alde botoa ematekoa ez izan. Horrek, egia esan, asko poztu nau.
Zer esan dizute?
‘Bazen garaia, gazte bat…’ Beasainen beste gazte batzuk ere aurkeztu dira. Nik uste herri honek behar zuela zerbait, aspaldiko urteetan nahiko hilda ikusi izan dugu. Jendea honekin zerbait erakartzen badugu eta mugitzen baldin bada… Maila kulturalean eta jende asko mugitu da, baina politikoan apenas izan den azkeneko urteetan gauza berezirik.
Ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko posta elektroniko helbidea dauka Aralarrek Beasainen: beasain@aralar.net. “Edozeinen ekarpenak jasotzeko da. Parte-hartzea esan bakarrik ez, jendeari aukera eman behar zaio”.














