Joxe Arizmendi (H1!): “Une latz honetan garbi dago krisiari aurre egitea dela lehentasuna”
ELKARRIZKETA AURRERAPENA · 1995. urtean politikagintzan hasi zenetik, ibilbide luzea egin du Joxe Arizmendik (Ordizia, 1964). Ordiziako udalean hiru legegintzaldi egin eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundian ere lan egina da eta berriz ere, udaletxera bueltatzeko prest dago. Bera izango da Hamaikabat alderdiaren alkategaia Ordiziarako.
Hamaikabatek bere burua “abertzaletasun instituzionalaren eremuan” kokatzen duela dio eta “muturretatik urruti” egon nahi dutela. EAJ da gertuen ikusten duen alderdia, baina ez dituzte beste aukera batzuk baztertzen. “EAJ bidelagun izan daiteke, baina baita gure eremutik gertu dagoen beste edozein ere”. Bildu hauteskundeetan izatea “pozgarria” dela dio, horrela “herritarrek nahi dutena bozkatzeko aukera” izango baitute.
Bizi dugun egoera ekonomikoa ikusita, euren lehentasunetako bat “krisiari aurre egitea” izango dela dio. Horrez gain, herri mailan, hirigintza eta gizarte zerbitzuak izango dira lehentasun nagusiak. Mugikortasunari dagokionean, Ordiziako oinezkoen gunea zabaltzea proposatzen dute, eta lurpeko aparkalekuak egitea.
Bihar, Joxe Arizmendiri egindako elkarrizketa osoa argitaratuko du Goierriko Hitzak, udal eta foru hauteskundeen harira egiten ari den elkarrizketa sortaren barruan.














