Bakarkako sega ligaxka etzi hasiko da, Almitzak antolatuta
Zaldibiako Almitza sega elkarteak antolatuta, etzi, larunbata, hasiko da Beramendin (Nafarroa) Euskal Herriko Bakarkako III. Sega Ligaxka. Nazioarteko segalaritza eran jardungo dira izena eman duten 40 kirolari; 28 gizonezko eta 12 emakumezko. Ligaxkak...
Zaldibiako Almitza sega elkarteak antolatuta, etzi, larunbata, hasiko da Beramendin (Nafarroa) Euskal Herriko Bakarkako III. Sega Ligaxka. Nazioarteko segalaritza eran jardungo dira izena eman duten 40 kirolari; 28 gizonezko eta 12 emakumezko. Ligaxkak hiru jardunaldi izango ditu; etzi Beramendin, ekainaren 5ean Azpeitian, eta 18an Baliarrainen.
Euskal Herriko liga jokoan izateaz gain, abuztuaren 20an eta 21ean Cerklje na Gorenjskem herrian (Eslovenia) jokatuko den Europako Sega Txapelketarako txartelak jokoan daude. Euskal Herria zein 15 segalarik ordezkatuko duten ligaxkan ebatziko da.
Beramendiko saioa larunbatean 18:00etan hasiko da; sailen zozketa 17:00etan egingo dute. Almitzak Imozko eta Basaburuko kirol batzordeen laguntza izan du lehen saioa antolatzeko.
Ligaxka gizon eta emakume kategorietan bereizi dute, baita adinez ere. 16 urtepeko neskek nahiz mutilek 7×5 metroko saila ebaki behar dute; baita 16-23 urte arteko eta 23tik gorako emakumeek ere. Bi tarteotako mutilek area bat, 10×10 metroko saila.