Zumalakarregi museoak bihar ‘Museoari bira 80 minututan’ gynkana antolatu du
Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Zumalakarregi museoak biharko (maiatzak 20) Museoari bira 80 minututan gynkana antolatu du haurrentzat. Gynkana jokoari 16:30ean emango diote hasiera. Museoaren kanpoan 360 graduko borobila irudikatuko dute, eta Ormaiztegiko zortzi txoko 1873. urtean Julio Vernek argitaratutako nobela famatuan, Phileas Fogg esploratzaileak ezagututako hiri bihurtuko dituzte. Ondoren, haurrak bi talde handitan banatuko dituzte. Modu horretan jakin ahal izango dute partaideek, beraien bidaia zein norabideetan egin behar duten. Bidaiari guztien abiapuntua zein helmuga Londres izango da. Hiriz-hiri, frogaz-froga Hiri horietako bakoitzean bina froga osatu beharko dituzte umeek, eta horretarako, 80 minutu izango dituzte guztira. Museoen Nazioarteko Kontseiluaren aurtengo leloak dioen bezala, imaginazioa eta sormena erabili beharko dituzte probak gainditu ahal izateko. Denbora eta kokapena kontrolatu ahal izateko berriz, talde bakoitzari kronometroa eta iparrorratza emango dizkiote. Museoaren ordezkariek jakitera eman dutenez, joku horren bidez XIX. mendeko bidaiari esploratzaile bihurtuko dira umeak. “80 minututan Phileas Foggek bere bidaian zehar izandako gora-beherei eta ezagututako leku liluragarriei buruzko frogak gainditu beharko dituzte, hiri batetik bestera bidaiatuz”. Gynkanaren bukaeran, urtero bezala, parte hartzaile guztiek sari berezia jasoko dute. Beste zenbait ekintza Gynkanaz gain, beste zenbait ekintza ere antolatu ditu Zumalakarregi museoak Museoen Nazioarteko Egunaren harira. Asteburuan, larunbatean zein igandean ate irekien jarduna ospatuko du [...]
Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Zumalakarregi museoak biharko (maiatzak 20) Museoari bira 80 minututan gynkana antolatu du haurrentzat.
Gynkana jokoari 16:30ean emango diote hasiera. Museoaren kanpoan 360 graduko borobila irudikatuko dute, eta Ormaiztegiko zortzi txoko 1873. urtean Julio Vernek argitaratutako nobela famatuan, Phileas Fogg esploratzaileak ezagututako hiri bihurtuko dituzte. Ondoren, haurrak bi talde handitan banatuko dituzte. Modu horretan jakin ahal izango dute partaideek, beraien bidaia zein norabideetan egin behar duten. Bidaiari guztien abiapuntua zein helmuga Londres izango da.
Hiriz-hiri, frogaz-froga
Hiri horietako bakoitzean bina froga osatu beharko dituzte umeek, eta horretarako, 80 minutu izango dituzte guztira. Museoen Nazioarteko Kontseiluaren aurtengo leloak dioen bezala, imaginazioa eta sormena erabili beharko dituzte probak gainditu ahal izateko. Denbora eta kokapena kontrolatu ahal izateko berriz, talde bakoitzari kronometroa eta iparrorratza emango dizkiote.
Museoaren ordezkariek jakitera eman dutenez, joku horren bidez XIX. mendeko bidaiari esploratzaile bihurtuko dira umeak. “80 minututan Phileas Foggek bere bidaian zehar izandako gora-beherei eta ezagututako leku liluragarriei buruzko frogak gainditu beharko dituzte, hiri batetik bestera bidaiatuz”.
Gynkanaren bukaeran, urtero bezala, parte hartzaile guztiek sari berezia jasoko dute.
Beste zenbait ekintza
Gynkanaz gain, beste zenbait ekintza ere antolatu ditu Zumalakarregi museoak Museoen Nazioarteko Egunaren harira. Asteburuan, larunbatean zein igandean ate irekien jarduna ospatuko du museoak. Sarrera zein bisita gidatuak doan izango dira: 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gazteleraz.
Larunbatean berriz, larunbatero antolatzen dituzten tailerren barruan, Nazioarteko Museoak saioa egingo dute, 17:30ean hasita. Tailerrean 6tik 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiek parte hartu ahal izango dute, doan. Parte hartzeko interesa duenak, Zumalakarregi museora deitu behar du, 943 88 99 00 telefono zenbakira. www.zumalakarregimuseoa.net-era ere idatzi dezake.